Beste egonaldi-modalitate batzuk
URRUNA ETA HURRENGOA TRIPAK
by
Bulegoa z/b ekimenean egindako gonbidapenaren bitarteko egonaldiaren Tripak-en aurkezpena. Taldearen bigarren ekitaldi publikoa 2020ko Azaroan izango da.
Edukiera mugatua.
Jardueran parte hartzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org
URRUNA ETA HURRENGOA
Tripak-en arte eszenikoak lantzen ditugu gure begirada propioa garatzeko asmoz. Arte plastikoetatik eta musikatik gatoz eta gure sentsibilitatetik abiatuz deskubritutakoa zabaltzea eta gorpuztea bilatzen dugu. Antzerkiak aukera ematen digu irudiekin lana egiteko, bolumenak, espazioa, argia, soinua, gorputza eta erritmoa bateratuz mundu oso bati forma emateko. Gure lanaren bitartez istorioak kontatu baino mundu fantastiko edo misteriotsu batean murgiltzea bilatzen dugu eta narratiboa denetik abstrakziora jotzea ere gustatzen zaigu. Horretarako, esan bezala, antzerkia osatzen duten elementu formal anitzei garrantzi berezia eskaintzen diegu eta esperimentazioaren bidez arlo bakoitzean sakontzen saiatzen gara, osotasun bat bilatuz, non elementu ezberdinen arteko nahasketak guztia indartzen duen. Erromantikoa dena eta gure inkontzientean sartuta dauden arketipoak erabiltzen ditugu, haien indarra bereganatuz, eta haien bitartez, absurdoa edo anbiguotasuna erabiliz poesia egiten ere saiatzen gara. Esate baterako, elementu esanguratsuen arteko erlazio ezberdinak deskubritzean mundu berri bat eraikitzen dugu, ispilatze baten modura.
Urruna deituriko pieza 2019an estreinatu genuen La Fundición Bilbao-n, BAD jaialdiaren barruan. Pieza honek sumendi baten azpian bizi den komunitate berezi bati buruz hitz egiten digu, erretako bizilagunekin harremantzen dena. Bidaiari baten amodio sentimenduak azaltzen dira eta, guzti honen gainetik, gertakizun miresgarri bat, sumenditik ateratzen den metal baten agertzea bere nortasun eta intentzio misteriotsuaz.
Bulegoa z/b-n egingo dugun egonaldian, gure azkenengo obrak sortu dizkigun fantasia edo erresonantziak jarraituz, hurrengo toki edo egoeran barneratzen joango gara. Badaukagu jada hurrengoa izango denaren irudipen bat, eta ziur badituela urruna-tik ekarritako eta oraindik sakontzeko dauden zenbait ideia eta irudipen, eta batez ere lan egiteko modu. Gure prozesuan jolas eta ariketa ezberdinak erabiltzen ditugu, askotan inprobisazioarekin lotuak. Oraingo honetan, gidoia lantzea ere bilatuko dugu eta espazio ezberdinetara (baita kanpoaldera) eramatea, inguratzen gaituenarekin erlazioak bilatuz. Azkenik, sortu eta bizitakoaren zerbait erakutsi eta eskaini nahiko genuke.
Tripak Marina Suarez, Natalia Suarez, Andrea Berbois, Maite Mugerza eta Mayi Martiarenak osatzen dute. Baratza aretoko sorkuntza laborategian lan egin ondoren, Marina Suarez eta Mayi Martiarenak konpainia sortu zuten 2013an beren lana eskaintzeko asmoarekin. Lehenengo pieza laburra, Maite, Baratza Aretoko Noche Scratxe #8-n aurkeztu zuten. 2014ean, Aitaren Larrua-rekin hasi ziren. Obra hau landuagoa izan zen eta sortze prozesuan zehar konpainiaren lengoaia eta estiloa agertuz joan zen. Obrak, bi urtetan zehar Euskal Herriko hainbat eszenatokitatik (Durangoko Azoka 2015, Eztena 2015, BaratzaAretoa) pasatu ondoren, Gasteizko Artium museoko INTACTO jaialdian amaitu zuen bere ibilbidea. 2017an ekin zioten beren bigarren eta azken proiektuari. Sorkuntza egonaldi ezberdinetan egon dira (AZALA, GaraiOn Sorgingunea, Baratza aretoa eta Teatro Pradillo) eta Aitaren larrua piezaren bertsio ezberdinak erakutsi izan dituzte, adibidez, Teatro Pradillo-n eta Oihaneder Euskararen Etxean. 2019ko uztailean, Eremuak-en HARRIAK programaren barne, Markina-Xemeinen, kanpoaldean ospatu zen jardunaldi baterako moldatu zuten antzezlana. Azkenik, Teatro Pradillon egindako egonaldiari esker, sorkuntza prozesua amaitu eta gero, antzezlana La Fundición Bilbao-n aurkeztu zen, BAD jaialdiaren barruan.