“UIQ in Love_A Love of UIQ: The Unmaking-of”. Silvia Maglioni eta Graeme Thomson

by

UIQ in Love_A Love of UIQ: The Unmaking-of da Silvia Maglioni eta Graeme Thomson zinemagileek eta artistek zuzenduko duten bi eguneko tailerraren edo “ikuskaldiaren” izena. Esperientzia kolektibo gisa gauzatu nahi dute Un Amour d’UIQ, Félix Guattarik azkenean egin ez zuen zientzia-fikziozko filma, eta filmaren “gorputzeko” lurraldeak eta ibilbide narratiboak hedatu nahi dituzte. UIQ in Love_A Love of UIQ: The Unmaking-of tailerra urtarrilaren 16an eta 17an izango da, eta, besteak beste, In Search of UIQ proiektatuko da.

Guattariren gidoiak deskribatzen digu zer gertatzen den, gizakien talde batekin harremanetan jarri ondoren, dimentsio paralelo batetik etorritako indar estralurtar ikusezin bat –Infra-quark unibertsoa– forma hartzen hasten denean (aurpegi bat, gorputz bat, hizkuntza bat) bere anfitrioien munduaren neurrira. Zinemagileek honela zioten: “‘Ikuskaldi’ honekin, Guattariren gidoia ente potentzial eta ez-egonkor gisa hartu nahi dugu; bere sorrera uneko itzulpen- eta transdukzio-prozesu baten bidez itundu behar da. Helburuen artean, besteak beste, modu kolektiboan ‘ekoitzi’ nahi dugu bilakaera-film hau, baina harraldi bat ere egin gabe. Horren ordez, kutsatze-prozesu baten bidez azalduko da filma, gidoiaren ADNa elkarri deskribatuko dizkiogun irudi mentalen formara itzuliz, eta, era berean, Infra-quark unibertsoa, eta bere gorputz-mugak, paradoxak eta potentzialtasunak soinuaren, hizkuntzaren eta gorputz-egoeren molekula-miaketaren bidez ikertuz. Bestalde, prozesu horretan, filmaren denborazkotasuna gaur egungo baldintzetara aldatuko dugu, eta berriz irudikatuko dugu bere testuingurua, ameslarien esperientziekin eta irudikatzen dituzten istorioekin edo etorkizunekin harremanetan jarriz.”

“Ikuskaldia” audioan grabatuko da, eta zati batzuk, beste hiri batzuetan egindako beste “ikuskari” batzuen zatiekin bildu, eta soinu-pieza polifoniko batean berrosatuko dira, it took forever getting ready to exist (“luze jo zuen existitzeko prestatzeak”) erakusketarako, hau da, The Otolith Group-ekin batera, Londresko The Showroom-en 2015eko otsailaren 5etik martxoaren 14ra antolatutako erakusketarako.

PROGRAMA / FILMATZEKO PLANA:

Urtarrilaren 16a, ostirala:
10:00 – 14:00: tailerra
19:30: In Search of UIQ. Proiekzioa

Urtarrilaren 17a, larunbata:
10:00 – 14:00: tailerra

Tailerrean parte hartu nahi baduzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

In Search of UIQ (Silvia Maglioni eta Graeme Thomson, HDV, 2013)
Saiakera, dokumental eta fikzioaren artean isilean ibiliz, In Search of UIQ filmak Un Amour d’UIQ gidoitik abiatuta Félix Guattarik zientzia-fikziozko film bat ekoizteko egin zituen ahaleginen istorioa azaltzen du. Gidoian, UIQ (Infra-quark unibertsoa) izeneko bizi-indar proteiko, ikusezin eta hiper-adimenduna outsiders-en komunitate batekin jartzen da harremanetan, eta, berezko kontzientzia garatu ahala, kaosa sortzen du mundu-mailako komunikazio-sareetan. Guattarik aurreko mendeko 80ko hamarkadaren hasieran ekin zion proiektu honi (une jakin batzuetan Robert Kramer zinemagile independentearekin ere aritu zen elkarlanean). Film subertsibo “herrikoi” bat zenaz zuen ikuspegi erradikala landu zuen aldizka hurrengo zazpi urteetan.

In Search of UIQ filmean, Guattariren proiektu handinahikoaren garapenean giltzarri diren uneak agertzen dituzte Maglionik eta Thomsonek. Filmak hiru mugimendu ditu: lehenbizikoan, irrati libreei eta Italiako mugimendu autonomoari buruz Guattarik egin zituen aurreko film-proiektuen historiaurrea agertzen da; bigarrena, erdia dokumentala eta erdia fikzioa da, eta, bertan, Guattari birsortzen da, Hollywoodeko bisitari estralurtar ezinezko gisa; azken mugimenduan, bi artistek Guattariren artxiboaren barruan egindako ikerketa azaltzen da, Un Amour d’UIQ lanaren gidoiaz plan bereziak omen dituen zinemagile finlandiar baten figura enigmatikoari buruzko ikerkuntza.

Graeme Thomson eta Silvia Maglioni. Zinemagileak eta artistak. Mugitzen ari den irudiaren hondakinetatik sortzen diren formez eta izan daitezkeen fikzioez hausnartzen dute beren lanean. Arlo hauek lantzen dituzte beren praktikan: fikziozko filmak sortzea, erakusketak, audio- eta bideo-instalazioak, performanceak, gertaera-piezak, tube-tracts, irratsaioak eta liburuak. 2005. urtetik, beren ekoizpena (eta, batzuetan, ekoizpenaren aurrean duten erresistentzia) Terminal Beach-en sartzen da (http://cargocollective.com/terminal-beach). Hausnarketa kritikorako gune konstruktibista horretan, izan daitezkeen konfigurazio berriak ikertzen dira, irudi, soinu, testu eta politikarako, eta zinema forma hedatu gisa erabiltzen da, galdu edo atzendutako artxiboak eta istorioak berriz pizteko, eta pentsamendu garaikidearekiko konpromiso kolektiborako molde berriak sortzeko, noizbehinka beste talde batzuek