UDAKO TRINKOA. 8. SAIOA: ALVIN CURRAN + WILLIAM (BILL) DOUGHERTY

by

William Dougherty: When Sound Becomes Like a Spaceship -Sun Ra Arkestra, 2021.

Uztailaren 9an, 17:00etan, Erromako Espainiako Akademian.

In Qualche Luogo Lontano: Roma (In Some Far Place: Roma) udako zortzigarren saio trinkoan, Alvin Curran eta William (Bill) Doughertyk Berrentzutearen iraultza: Musica Elettronica Viva, Sun Ra Arkestra eta inprobisazio esperimentala 70eko hamarkadako Erroman eta gaur egun aurkeztuko dute.

In Qualche Luogo Lontano: Roma da Space is The Place/The Place is Space barruan Erroman egiten den programaren izenburua. Bulegoa z/b-k abiarazitako ikerketa-proiektu honen helburua da artea praktika kritiko gisa aztertzea, tresnak eskaintzen baititu gelditzeko, begiratzeko eta munduan kokatzeko, baita egoerak sortu, bizitzeko moduak irudikatu eta espazioa sortzeko. Aldizkako topaketen bidez egituratuta, hainbat forma hartzen ditu, hala nola aurkezpenak, irakurketa-saioak, ibilaldiak, lurraldearen gaineko ekintzak eta hainbat arte-ekoizpen.

BERRENTZUTEAREN IRAULTZA:  MUSICA ELETTRONICA VIVA, SUN RA ARKESTRA ETA INPROBISAZIO ESPERIMENTALA 70EKO HAMARKADAKO ERROMAN ETA GAUR EGUN
70eko hamarkada asaldura soziopolitiko handiko garaia izan zen Italian. Iraultzak izan ziren –benetakoak zein irudimenezkoak– instituzio politiko, ekonomiko eta kultural guztietan, handi zein txikietan. Giro kultural horren barruan, inprobisazio esperimentala –notazioan oinarritutako kontzertuaren formatu tradizionalenen alternatiba interesgarriagoa eta subertsiboagoa– leitmotiv bihurtu zen, eta artista, pentsalari, musikari eta ekintzaile erradikalen komunitateak batu zituen.

Alvin Curran konpositore estatubatuarra, Erroman zeuden aukerek erakarrita, hirira joan zen 1965ean. Richard Teitelbaum eta Frederic Rzewskirekin batera, Musica Elettronica Viva kolektiboaren sortzaileetako bat izan zen. 1966 eta 1971 artean, kolektiboak inprobisazio esperimentalak antolatu zituen espazio publikoetan, Erroman zehar, aurkitutako, pirateatutako eta etxeko tresna elektronikoak erabiliz.

Garai horretan, Sun Ra eta bere Arkestra onarpena lortzen ari zen nazioartean, Europan eta Afrika mendebaldean zehar birak eginez. Jakintsua, poeta, zuzendaria, irakaslea, musikagilea, moldatzailea, multiteklista, Zientzia Tonaleko maisua, gurua eta mentalista zen Sun Ra, kanpo espazioko galaxiarteko eskualdeen enbaxadore autoizendatua eta orainaren eta etorkizunaren profeta. 1977ko bira labur batean, Sun Rak piano solo bikain bat eskaini zuen Erroman. 2016an Art Yard Recordsek berrargitaratu zuen emanaldi horretan, Sun Rak testura esperimentaleko pasarte luzeak interpretatzen ditu, teklatu elektronikoak eta Mini-Moog sintetizadorea erabiliz, St. Louis Blues bezalako pianoko blues estandarrekin batera.

Gaur egun, Sun Ra Arkestrak jardunean jarraitzen du, Marshall Allen saxofoi-jotzailearen zuzendaritzapean. William Dougherty estatubatuar konpositore eta Erromako Amerikar Akademiako bekadunak berriki kolaboratu du taldearekin, When Sound Becomes Like a Spaceship izeneko konposizio berrian. 70eko hamarkadako Erromako inprobisazio esperimentalaren aukera soziopolitikoetan arakatzen duen espirituarekin, Doughertyren konposizioak esparru moduan jokatzen du, Sun Ra Arkestrako kideek esploratu ditzaten beren burua, beren instrumentuak eta besteak entzuteko moduak. Hori egitean, konposizioa ez da musika-objektu finko bihurtzen, baizik eta jendeak soinuaren bidez mundua sortzeko beste modu batzuk irudikatzeko espazio bat.

Alvin Curran ek duintasuna itzultzen dio musika ez-komertziala egiteko lanbideari, etorkizuneko forma sozial, politiko eta espiritualen bilaketa pertsonalaren parte gisa. Curranen musika egiteko moduak kontraesanak hartzen ditu (konposatua/inprobisatua, tonala/atonala, maximoa/minimoa…) topaketa dialektiko lasai batean. Bere lanek barne hartzen dituzte soinu natural sampleatuak, pianoa, sintetizadoreak, ordenagailuak, biolina, perkusioa, shofar-a, itsasontziko sirenak, akordeoia eta koruak. Musica Elettronica Viva talde musikal erradikalaren sortzaileetako bat izan zen Curran, eta Erromako abangoardiako antzerki-eszenan bakarkako interpretea eta konpositorea. Musica Elettronica Vivan aritu zen urteetan (1966-1971), 200 kontzertu baino gehiagotan jo zuen Europan eta Estatu Batuetan, Richard Teitelbaum eta Frederic Rzewski, Carol Plantamura, Ivan Vandor, Alan Bryant eta Jon Phetteplace musikariekin. Hezitzaile bezala, Curranek ahots-inprobisazioa irakatsi du Erromako Accademia Nazionale d’Arte Drammatican (1975-80), eta 1991tik 2006ra Milhaud konposizio-irakaslea izan zen Oaklandeko Mills Collegen, Kalifornian.

William (Bill) Dougherty  konpositorea, musika-idazlea, hezitzailea eta Erromako Amerikar Akademiako konposizio-sariaren egungo bekaduna da. Bere musika hainbat jaialditan aurkeztu da, hala nola hauetan: ManiFeste, IRCAM (2019), Musikalderall (2018), Donaueschingen Musiktage (2017), New Music Miami (2017), Tectonics Festival New York (2015), 47th Internationale Ferienkurse für Neue Musik (2014) eta Darmstadt (2014). WKCR-FM New Yorken ere parte hartu du musika-saioak eginez, eta artikuluak, iruzkinak eta elkarrizketak argitaratu ditu Tempo, Music & Literature etaVAN Magazinen. Gaur egun, koeditore gonbidatua da Éliane Radigue-ren musikari eskainitako Contemporary Music Reviewren hurrengo ale berezian; soilik bere obran ardazten den ingelesezko lehen aldizkari garrantzitsua da. Unibertsitatetik kanpo, eskola partikularrak ematen ditu, eta boluntarioa da musika-irakasle eta bigarren hezkuntzako ikasleen aholkulari gisa New Yorkeko komunitate behartsuetan.

In qualche luogo lontano: Roma Arte, Hezkuntza eta Kulturako MAEC-AECID beken esparruan 2020-2021 ikasturterako egindako proiektua da, Erromako Espainiako Errege Akademiarako beka-programaren barruan.