In qualche luogo lontano: Roma
UDAKO TRINKOA. 4. SAIOA: SUSANA TALAYERO + SILVANO AGOSTI
by
Uztailaren 5an, 17:00etan, Erromako Espainiako Akademian.
In Qualche Luogo Lontano: Roma (In Some Far Place: Roma) udako laugarren saio trinkoa, Silvano Agosti eta Susana Talayerorekin. Susana Talayeroren Si Vola (2012) proiektatuko da eta, ondoren, Silvano Agostiren NP Il Segreto (1972).
In Qualche Luogo Lontano: Roma da Space is The Place/The Place is Space barruan Erroman egiten den programaren izenburua. Bulegoa z/b-k abiarazitako ikerketa-proiektu honen helburua da artea praktika kritiko gisa aztertzea, tresnak eskaintzen baititu gelditzeko, begiratzeko eta munduan kokatzeko, baita egoerak sortu, bizitzeko moduak irudikatu eta espazioa sortzeko. Aldizkako topaketen bidez egituratuta, hainbat forma hartzen ditu, hala nola aurkezpenak, irakurketa-saioak, ibilaldiak, lurraldearen gaineko ekintzak eta hainbat arte-ekoizpen.
SI VOLA (Susana Talayero, 2012, 8 min)
Si vola filminoan egileak bisita egiten die bere hiriaren mapa afektiboa osatzen duten pertsona batzuei, egilea hamar urtez (1986-1996) bizi izan baitzen Erroman. Topaketak, astinaldien kontakizunak, sekula eten ez zena aipatzeko nahia, mugiarazten duen memoria, horra hor ariketa filmiko labur hau artikulatzen duten alderdiak. Si vola izenburua antipsikiatriari buruzko esperientzia bat izan zen psikiatriko baten horman idatzitako pintada bat da, Silvano Agostiren Il volo (1975) dokumentalean jasotzen denez. Si vola filmak aho bateko bizitzako konbentzio eta topikoen gainetik hegan egiteko beharra aipatzen du.
N.P. IL SEGRETO (Silvano Agosti, 1972, 92 min)
N.P. industrialak (Francisco Rabal) telebistako hitzaldi batean parte hartzen du, eta bertan iragartzen du bere taldeak ahalik eta ongizaterik handiena emango diela langileei, lanetik askatuko dituzten teknologia berrien bidez. Adierazpen hori egin ondoren, talde politiko batek bahitzen du, zerbitzu sekretuek gidatu eta multinazionalen eraginpean dagoen talde batek. Psikologikoki torturatzen dute, oroimena galtzen du eta hileta faltsu bat antolatzen diote, emaztea ere bertan dela. Jakin gabe, hirian galduta eta alderrai dabilela, familia proletario batek adoptatuko du garai batean herrialdeko gizonik boteretsuena izan zena, eta patu berri eta berezi bat aurkituko du hor.
Susana Talayero (Bilbo, 1961). Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu ondoren, Erromara joan zen. Bertan bizi izan zen 1986tik 1996ra, eta ibilbide artistikoari ekin zion. Bilbora itzultzean, pinturaren eta marrazkiaren arloan aritu da, eta pieza txikiak egin ditu bideoan. Urteetan zehar, Bilbora itzuli zenetik, etengabeko harremana izan du Erromarekin, eta horrek hainbat proiektu artistiko ekarri ditu. Egungo lanak pinturaren, euskarriaren eta hartzen duen espazioaren arteko erlazioak aztertzen ditu, berriki egindako erakusketetan, hala nola hauetan: Presagios, Santanyí kultura-etxea, Mallorca; El oscuro en su interior, CarrerasMugica galeria, Bilbo (2019); Relatos de entrenamiento, CAB Burgos (2017); Una certa organizzazione delle cose, AOC F-58, Erroma (2017) eta Kronika geldiezina, Bilboko Arte Ederren Museoa (2016). Bere lana erakusketa kolektibo hauen parte da: Ciencia-fricción, CCCB, Bartzelona (2021); Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian, Artium, Gasteiz eta Soplo-Arnasketa, Yacimiento arqueológico eta Bilbao Arte (2021). Lankidetza-proiektuen artean hauek daude: L’occasione, Bilbon duen etxean/estudioan, Jesús Arpal Moya, Aimar Arriola eta Amparo Badiolarekin, abian jarri zuen artisten arteko topaketa publikoen ekimena (2011-2018); Verso Nikà, Pantelleriako portuan (Sizilia) egindako performancea, Karin Eggers eta Esther Fluckiger-ekin (2019); eta Scriptbarik egonaldiko laborategia, Gema Intxausti eta Amparo Badiolarekin, Azkuna Zentroa (2020).
Silvano Agosti (Brescia, 1938). Gizaki, zinemagile eta idazletzat du bere burua. Erromako Centro Sperimentale di Cinematografia-n diplomatu zen, eta gero muntaketako irakaslea izan zen bertan. Eisensteinen obran espezializatu zen Moskun. Marco Bellocchio-rekin I pugni in tasca (1967) obran lan egin ondoren, Il giardino della delizie (1971) film luzea estreinatu zuen. Bere filmografia gutxi ezagutua eta zentsuratua izan da Italian. 70eko hamarkadako zinemaren isla da, konpromiso politikotik sortu eta ekoizpen zinematografikoko alderdi guztietara hedatuta. Duela hiru hamarkada baino gehiagotik, Azurro Scipioni zinea autogestionatzen du Erroman, zinema independente eta egile-zinemarentzako erreferentzia lekua (gaur egun, berregituratze-prozesuan dago, pandemiaren krisiaren ondorioz une batez itxita egon ondoren). Honakoak daude bere filmen artean: N.P. il segreto (1972), Matti da slegare (1976), D’amore si vive (1987), Quartiere (1991), L’uomo proiettile (2000) eta La seconda ombra (2002). 80ko hamarkadaren inguruan, ekin zion literatura-jarduerari, eleberri hauekin, besteak beste: L’uomo proiettile, Uova de garofono, La ragione pura, Lettere dalla Kisghisia, Il ballo degli invisibili. Erroman bizi, jolastu eta lan egiten du.
In qualche luogo lontano: Roma 2020-2021 ikasturterako Arte, Hezkuntza eta Kulturako MAEC-AECID beken esparruan egindako proiektua da, Erromako Espainiako Errege Akademiarako beka-programaren barrukoa.