UDAKO TRINKOA. 2. SAIOA: LIRYC DELA CRUZ

by

Il Mio Filippino laneko frame-a (Liryc Dela Cruz, 2020-).

Uztailaren 2an, 16:00etan, Erromako Espainiako Akademian.

In Qualche Luogo Lontano: Roma (In Some Far Place: Roma) udako bigarren saio trinkoan, Liryc Dela Cruzek Il Mio Filippino: To Those Who Care To Feel aurkeztuko du.

In Qualche Luogo Lontano: Roma da Space is The Place/The Place is Space barruan Erroman egiten den programaren izenburua. Bulegoa z/b-k abiarazitako ikerketa-proiektu honen helburua da artea praktika kritiko gisa aztertzea, tresnak eskaintzen baititu gelditzeko, begiratzeko eta munduan kokatzeko, baita egoerak sortu, bizitzeko moduak irudikatu eta espazioa sortzeko. Aldizkako topaketen bidez egituratuta, hainbat forma hartzen ditu, hala nola aurkezpenak, irakurketa-saioak, ibilaldiak, lurraldearen gaineko ekintzak eta hainbat arte-ekoizpen.

LIRYC DELA CRUZ: IL MIO FILIPPINO: SENTITZEAZ ARDURATZEN DIRENEI
“Il mio Filippino” esamoldea 80ko hamarkadaren amaieran sortu zuen Italiako klase ertain eta altuak, 70eko hamarkadan filipinarrak Italiara iritsi ondoren. Nolanahi ere, “filippino” terminoa erabiltzen da garbiketaren eta zaintzaren sektorean lan egiten duen pertsona bat izendatzeko, haren nazionalitatea edozein delarik ere. 70eko hamarkadatik gaur arte, Italiak ia 300.000 filipinar hartu ditu, eta, ondorioz, Europar Batasunean Filipinetako diasporarik handiena duen herrialdea da. Harrigarria bada ere, Europako filipinar gehienak, espainiar hiritartasuna eskatzeko aukera duten arren –Filipinak 300 urte baino gehiagoz espainiar kolonia izan baitziren–, Italian bizi dira, erlijio-konexioaren eta “klanaren” eragina duen migrazioaren ondorioz. Ildo horretan, Eliza Katolikoa erakunde garrantzitsua izan zen Filipinetako lehen emigranteak Italiara ekartzeko orduan. Etxeko langileak eta enplegatzaileak parekatzeaz arduratu zen, eta orain arte praktika horrek bere horretan jarraitzen du.

Nola ari da eskulan horri jaramonik ez egiten eta ikusezin bihurtzen? Etxeko langileen desbalorizazio instituzionalizatua –bereziki gobernuaren aldetik–, enplegatzailearen eta langilearen arteko botere-dinamikak –batez ere dokumenturik gabeko langileen kasuan–, arrazalizazioa, lan-legeen ahultasuna eta iragan kolonialaren ondorioz haien gorputzetan errotutako erresistentzia direla-eta, eskulan hori alde batera uzten, isiltzen eta baztertzen ari da. Horrela, gizarteak ahaztu egiten du pertsona horien garrantzia.

Il Mio Filippino: To Those Who Care To Feel lanak Dela Cruzek abian duen ikerketa artistikoaren aurkezpen- eta jardute-modu desberdinak proposatzen eta aztertzen ditu. Torino Social Impact Art Award 2020 eta Artissima-ri lotutako egonaldi batean hasi zenetik, lan honek aurre egin nahi dio etxeko langileen –maitatutako eta aldi berean ahaztutako eskulanaren– ikusezintasunari. Proiektuaren helburua da etxeko langile “filipinarren” zaintza-keinuak eta garbiketa-metodologiak filmatzea, eta –ondoko fase batean– keinuak eta mugimenduak disekzionatzea eta aztertzea, identifikatzeko eta dantza-urratsetan itzultzeko, horrela dantza-koreografia bat sortzeko Filipinetako hegoaldeko tribu baten b’laan dantzaren oinarrizko mugimenduak erabiliz. Dokumentazioaren eta dantzaren bidez, aitortza eta zabalkundea eman nahi zaizkie etxeko langileen borroka eta ikusezintasunari, bai eta gorputza, lan-mugimenduak eta -keinuak eta herentzia kolonial enkistatuen zaintza deskolonizatu ere.

Saioan, Liryc Dela Cruzek abian den lan honen atzean dauden logiken sarrera egingo du, eta testuinguruan jarriko ditu 2019ko maiatzean e-flux-en argitaratutako Françoise Vergèsen “Capitalocene, Waste, Race, and Gender” testuari dagokionez.

Liryc Dela Cruz (1992). Tupiko zinemagilea eta artista (South Cotabato, Mindanao, Filipinak); gaur egun Erroman (Italia) bizi da. Bere lanak nazioarteko hainbat zinemalditan aukeratu eta proiektatu dira: Locarno, Berlinale, New York, Taiwan. Filmen gaiak lotura du bere jatorriarekin, historiarekin eta psikologia pertsonalarekin. Lav Diaz filipinar zinemagile independentearen kolaboratzailea eta Apichatpong Weerasethakulen ikaslea izan da. 2020an Berlinale Talents-eko zinemagile gazte berrien artean aukeratu zuten Berlingo Nazioarteko 70. Zinemaldian. Gaur egun, Dela Cruz Teatro di Romak hautatu du 2020-2021erako INFRA proiektuan parte hartzeko. Artissima eta Torino Social Impact Art Award 2020ko saria ere jaso du, Il Mio Filippino: To Those Who Care To Feel proiektuarekin. Filipinetako etxeko langileek Italian eta beste lurralde batzuetan duten ikusezintasuna du ardatz proiektuak. Duela gutxi, Pariseko (Frantzia) Cité internationale des arts erakundeak Dela Cruz eta Il Mio Filippino proiektua aukeratu ditu 2022ko egonaldien programarako.

In qualche luogo lontano: Roma 2020-2021 ikasturterako Arte, Hezkuntza eta Kulturako MAEC-AECID beken esparruan egindako proiektua da, Erromako Espainiako Errege Akademiarako beka-programaren barrukoa.