Urak dakar - Tailerrak
TRIPAKEN TAILERRA
by
Tripak konpainiak gidatutako tailerra Urak dakar-en jardueren artean dago. Space is The Place/The Place is Space programaren 2022-2023ko edizioaren izenburua da Urak dakar. Programaren helburua da artea praktika kritiko gisa aztertzea, tresnak eskaintzen baititu gelditzeko, begiratzeko eta munduan kokatzeko, edota egoerak sortu, bizitzeko moduak irudikatu eta espazioa sortzeko. Aldizkako topaketen bidez egituratuta dago, eta hainbat forma hartzen ditu, hala nola tailerrak, aurkezpenak, irakurketa-saioak, ibilaldiak, lurraldearen gaineko ekintzak eta hainbat arte-ekoizpen.
Datak:
Azaroaren 12, larunbata, 10:00etatik 19:00etara.
Azaroaren 13, igandea, 10:00etatik eta 14:00etara.
Lekua:
Tripak konpainiaren lokala (Moncada kalea 5, Errekalde auzoa, 48002). Prozesuak eta taldeak ahalbidetzen badute, hiriko paisaian ere lan egingo dugu.
Izena emateko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org
TRIPAKEN TAILERRA
Tailerra arlo eszenikoaren inguruko praktiketan oinarrituko da. Gure gorputzetik hasita, eta inguruko materialez eta irudimenaz ere baliatuz, zuzenean sortzeko esperientzia bultzatzea bilatuko dugu.
Aurrez ezarritako helbururik gabe, prozesua zaintzea da guretzat garrantzitsua. Horrela, inprobisazio ariketa ezberdinen bitartez, gure entzumena eta adierazpena landuko ditugu. Ohiko testuingurutik ateratzea bilatuko dugu, konfiantza garatzen dugularik, harrituko gaitzakeenari lekua eginez.
Probatzeko interesa, jakin-mina edo gogoa duten guztiak gonbidatu nahi genituzke.
Tripak arte eszenikoen konpainia bat da, Maite Mugerza, Marina Suárez, Natalia Suárez, Andrea Berbois eta Mayi Martiarena artistek osatua. 2013an sortu zuten, Gasteizko Baratza Aretoaren sorkuntza-laborategian, esperientzia eta ikuspegi estetiko partikularretan oinarritutako sorkuntza propioak eskaintzeko asmoz. Orain arte, hiru obra egin dituzte: Aitaren Larrua (2015), Urruna (2019) eta Platea (2022). Hainbat espazio eta jaialditan erakutsi dituzte. Urteetan zehar izan dituzten lankidetzek begirada desberdinak eman dizkiote beren lanari.
Urak dakar programak Eusko Jaurlaritza, Bizkaia Foru Aldundia eta Zinebi jaialdiaren babesa jaso du.