SARA CATTIN: MAINTENANCE OF WHAT? A PLACE, A THING, AN IDEA. PART III

by

Sara Cattinen aurkezpena, Bulegoa z/b-ko egonaldiaren parte gisa. Haren proposamena, Maintenance of What? A place, a thing, an idea. Part III, Mònica Planesen Hacia con el brazo (MURO) proposamenarekin batera aukeratu zuten 2022ko egonaldien deialdian. Epaimahaia Isabel de Naveránek (ikertzailea, kuradorea, editorea eta idazlea), Jorge Satorrek (artista) eta Bulegoa z/b-ko kideek osatu zuten.

Sara Cattin: Maintenance of What? A place, a thing, an idea. Part III
2018an hasi zen Maintenance of What?, artzaintza nomada edo transhumantearen testuinguruari buruzko ikerketa zabal gisa, eta, legeak eta lurraren jabetza pribatuak ezarritako mugak gainditzen dituzten esparru geografiko zabaletan, horrek baliabide naturalen sostenguarekin duen konpromiso sendoa jorratzeko ere bai. Urtaroko artzaintzari transhumantea esaten zaio, eta horrek esan nahi du “tokiz aldatzen dela”. Proiektua dela-eta, hizketaldiak izan nituen Piemonteko Alpeetako haranetako artzain gazte batzuekin eta beste biztanle batzuekin, Italiako ipar-mendebaldeko eskualde horretakoa bainaiz. Feminismotik hurbileko politiketara gerturatuz, eta artzainen esperientzia indibidualaren eta haien testuinguruaren ikuspegi kritikoaren arteko zubi gisa kokatuz, elkarrizketa egin nien. Gero, gure elkarrizketak eszenaratu nituen, zeri eutsi nahi diogun bizirik ulertzen saiatzeko: leku bati, gauza bati edo tradizio soil bati.

Artzaintza transhumanteak antzeko ezaugarriak ditu Europa osoan, beraz, Bulegoa z/b-ko egonaldian, testuinguru berri batean, elkarrizketak egiten jarraituko dut. Sakonago jorratu nahi dut nola gauzatu lurraldez haraindiko ingurune hori, egungo paisaia distopikoaren erdian desagertzeko bidean dagoena.

Sara Cattin artearen arloko langilea Turinen bizi da, eta diziplina anitzeko praktika garatzen du, proiektu bisual, parte-hartzaile eta/edo performatiboen bidez, landa-aldeetako geografiei eta gaiei lotuta. Gerrit Rieveld Academie-n (Amsterdam) ikasi zuen, eta, gero, Dutch Art Institute-n (MA in Art Praxis), eta, hor, modu independentean hurbildu zen ikasketa kritikoetara. 2021az geroztik, batera uztartzen ditu ekoizpenaren eta kudeaketaren arloko lanak eta Accademia UNIDEEren AIR egonaldien programako tutore-lanak, Fondazione Pistoletto-n, ArtEZekin (Arnhem) lankidetzan. 2023az geroztik, CROSS Project-en arte performatiboen erreferente komunitarioa da, Orta lakuaren eremuan. 2020az geroztik, Isterika Istorika antolatzen du, irakurketa- eta ikerketa-klub horizontala, zientzia fikzio feminista eta transfeministari eskainita, hainbat espaziorekin loturak ezarri dituena, besteak beste, BACOrekin. 2021etik, erakunde independenteekin lan egiten du mapaketan eta ingurunearen pertzepzioan aritzen diren arte-proiektu didaktiko esperimentaletan (Resta Qui Airlines).

sara-cattin.com