Hormaren kontrako ekoizpenak
“São Tomé Revisitado”. Silvia Zayas
by
São Tomé Revisitado lana instalazio eta performance baten bidez egituratuta dago, eta, bertan, ikusgai jartzen dira prozesuan erabilitako materialak.
Silvia Zayasek bere amarekin elkarlanean egin du lan hau, Isabel Serrarekin. Barneko oroimen eta ahanzturatik abiatu da, 60-70eko hamarkadetan Portugalgo kolonia izan zen São Tomén (Afrikan) grabatutako familiaren artxiboko 8 mm-ko material filmikoa berreskuratuz. Silviak eta bere amak São Toméra egindako bisitaldia da piezaren oinarria, Isabel Serra São Tomén izan baitzen 60ko hamarkadan, eta bertara itzultzen baitira biak artelan hau egiteko, 40 urte lehenago filmazioak egin zituen kameralariaren urratsei jarraiki. Kamera amaren eta alabaren eskuetatik igarotzen da, ekintza koreografiko baten moduan, oraina kokatzeko edo etorkizuna aurreikusteko, iraganeko oroimenetatik harantz joz.
Performancean, zuzeneko gailu bat azaltzen da, gauza litekeen dokumental batean zenbait muntatze-lan egiteko, baina, azkenean, ez da dokumentalik egingo. Ediziorako gunea partekatu nahi da ikusleekin, berreskuratutako material beraren edukia etengabe lekuz aldatuz. Era horretan, detektibe-giroko hala-moduzko bilbe bat egiten saiatzen da, kameralariaren aztarnak aurkitzeko, hau da, 8 mm-ko filmak egin zituen gizonaren aztarnak aurkitzeko. Ildo horretan, arretaz irakurtzen dira proposatutako irudiak, horrela, iraganeko aztarnak hizketan jardun daitezen oraingo errealitatearekin. Ariketa horren bidez, arrastoei jarraitzen zaie, ezagutzen ez den krimen baten, hiltzaile ezezagun baten eta identifikatu gabeko biktima baten arrastoei.
São Tome Revisitado lanean, artistak egindako Elvis Presley Vs. Pêro Escobar bideoa eta ikusleekin batera egindako ekintza bat daude bilduta. Alde batetik, filmak ohiko formatu batean eginda dago, isilik ikusten baita eta ez baitu aukerarik ematen ezer aldatzeko. Ildo horretan, iraganekoa den eta etorkizunean aldaketarik gabe bere horretan iraungo duen material gisa agertzen da. Bestetik, artistak “gailu dokumentala” deitzen duena da ekintza; hain zuzen, zenbait bideo-klip nahaspilatu eta sortzen dira, soinua aldatzen zaie, eta, era horretan, zentzua aldatzen zaie, eta beste film bat izan zitekeena eratzen da. Hortaz, dokumental ireki bat da, eta mugimenduan dago, muntatzen edo egokitzen baita zinemako klixeen eta fikzioen bidez. “Zuzenean” hitza eraiki nahi den filmaren osotasunean dago sartuta. Gailuak ikustarazi nahi du ezinezkoa dela amaiera itxi bat lortzea, istorioa egiatasunez jasoz, eta ikusleek dokumentala eraikitzeko eginkizun eraginkorra hartuta. Hala, kolonialtasunari eta irudiari dagokienez dituen nahiak ageri eta ikusaraz daitezke.
Silvia Zayasek alde autobiografikoa eta historikoa azaldu nahi ditu, performanceari berari dagokion umore-kutsu batez. Eztabaidak, hausnarketak eta ikusleen iruzkinek proposatzen diren bideo-klipen irakurketa alda dezakete.
Pieza honen bidez, artistak hausnarketa egin nahi du etorkizunari buruz, iraganeko aztarnak baliatuz. Hasieran, suspenseko film bat da, ama eta alabaren arteko jolas batetik abiatu eta benetan gertatzen dena. Aurrerago, berriz, zientzia-fikzioko kontakizun bilakatzen da, 80ko hamarkadako Gerra Hotzetik etorkizunerantz doan ibilbide batean.
Sorkuntza: Silvia Zayas, Isabel Serrarekin lankidetzan.
MUSAC 2011 arte-sormenerako bekari esker egindako proiektua.
Silvia Zayas (Leon, 1978) psikologoa da prestakuntza aldetik, eta performance, bideo eta koreografia luzatuaren arteko mugetan aritzen da artista gisa. Oraintsuko praktikan, hainbat gailu eszeniko mintzaira dokumentalera eramateko egon daitezkeen moduak bilatzen jardun da.Hona hemen bere piezarik garrantzitsuenetako batzuk: Tríptico 0 at Pushing the Medium, International Artistic Symposium. Nodar, Portugal, (2006). ART/HURT: heridas en venta, KREA Expresión Contemporáneak ekoitzia (Vitoria-Gasteiz, 2008) eta Madrilgo Off Limits-en estreinatua (2009). Devenir, devenir (Alcalá de Henaresko Unibertsitateko Danza Estrella Casero ikasgelak emandako bekari esker egina, eta En Tránsito jaialdian estreinatua, Madrilgo La Casa Encendidan (2009). Bestalde, Chus Domínguez zinemagilearekin elkarlanean aritu da, Silent Karaoke izeneko pieza toki hauetan erakutsiz: Film Festival, Ponferrada, (2010), Festival Sismo, Madril, (2010) eta 24th Festival Les Instants Vidéo. Camagüey, Kuba, (2011).
Aspaldi honetan, Isabel Serra bere amarekin garatu duen performance-sail batekin ari da lanean. Sail hori egiteko, 60-70eko hamarkadetan Portugaleko kolonia izan zen São Tomén grabatutako 8 mm-ko artxibo filmikoak hartu ditu oinarritzat. Hain zuzen, pieza hauek osatzen dute saila: No se habla de política en la mesa (Teatro Albéitar, Leon (2011), antzerkiko argiteria eta soinu hutsarekin landua; eta São Tomé revisitado performance- eta dokumental-proiektua (MUSAC arte-sormenerako beka (2011), Madrilgo Escena Contemporánean estreinatua (2012) eta Madrilgo CA2M-en ere erakutsia; Ballets Roses (Teatro Pradillo eta Festival In-presentable, La Casa Encendida, 2012). Kolonialismoari buruzko ikerketa-proiektu zabalago horren barruan, bideo-saiakera hau sortu du: Elvis Presley vs Pêro Escobar ( http://vimeo.com/silviazayas/elvispero ). Ginea Bissauri buruz egin zuen bideo bat, This is a lamp izenekoa, ALTERNATIVA 2012n estreinatu zuen, Materialność/Materiality talde-erakusketan, Gdanskeko Wyspa Institut of Arten, Polonian (2012).