“PARETARA”. Lorea Alfaro

by

2014ko udan, gonbidapena egin genion Lorea Alfarori lan bat egin zezan Hormaren kontrako ekoizpenen esparruan. Artistak, gonbitari erantzuna emanez, esku-hartze bat egin du Bulegoa z/b lokaleko paretaren gainean. Lanaren lehen zatia da PARETARA izenekoa. Me salva tu piel azpi-izenburuaz, Bilboko Carreras Múgica galerian du erakusgai bigarren zatia, PARETARA BI (www.carrerasmugica.com). Espazio desberdinetan egin ditu bi esku-hartzeak, iraupen bera dute biek, eta 2014ko abenduaren eta 2015eko urtarrilaren artean aurkeztuko ditu.

PARETARA esku-hartzea azken urteotan atzealde eta figuraren arteko harremanaren inguruan egin duen lan-prozesuan sartuta dago. Lan desberdinak eginez, pinturako konbentzioak historikoki aurrez finkatutako harremanaren ezegonkortasuna aztertzen du artista: bi aldetatik pintatutako ehunak, figurak kenduta dituzten margolan historikoen atzealdeak dituztenak, sabaitik zintzilikatuta ikusleak zeharkatzen duen espazioa ekoizten eta egituratzen (Plegu, 2008-2009); poema bisual bat, photo-call-eko olanetako korporazio-logoen gisa ad infinitum errepikatzen dena, tunel bateko sabaiaren gainean txantiloiz inprimatuta (Deux Negresses, 2013), edo museo bateko paretetako informazio-taulen gainean inprimatuta (ELE, 2013); tamaina handiko olana mikrozulatua, plastikozko loreak lotuta eta hedabideetako ikonoak –adibidez, Facebookeko “Atsegin dut”– edo maskulinitatearen eredu parodikoak gainean inprimatuta dituena, eta aldi berean espazioaren atzealdea edo itxitura eta pantaila edo beste alderako irekidura bisual dena (Telón Thug Life, 2013).

Lorea Alfaro (Lizarra, Nafarroa, 1982) artista da eta Bilbon bizi da. 2011. urtean, David Martínez Suárez, Jon Otamendi eta Manu Urangarekin batera, Bilbon bizi ziren artistei zuzendutako MLDJ espazio autogestionatua jarri zuen abian. Erakusketa indibidual bat egin du Lizarrako Gustavo de Maeztu Museoan (2008). Egonaldi-programetan eta erakusketa kolektiboetan parte hartu du. Horien artean, honako hauek aipa daitezke: Gure Artea 2008, Rekalde Aretoa, Bilbo; Let’s Go to China!!! Spanish Contemporary Art Exhibition, EGG Gallery, Beijing (2010); Esta puerta pide clavo, Galerie Tatjana Pieters, Gante (2012); Izena gero, Guggenheim Bilbao (2013); First thought best, Artium, Vitoria-Gasteiz (2014); Antes que todo, CA2M Centro de Arte Dos de Mayo, Mostoles (2010); Pop Politics: activismos a 33 revoluciones, CA2M Centro de Arte Dos de Mayo, Mostoles (2012).