Material Voices
material voices 4: PALOMA CHAMORRO, EKINTZAREN FILOSOFOA
by
Paloma Chamorro, ekintzaren filosofoa, Material Voices: erakusketak egiteko lanaren genealogia feministak programaren laugarren saioa. Xabier Arakistain, Daniel Llaría eta Azucena Vieitesekin.
Material Voices. Erakusketak egiteko lanaren genealogia feministak programak hirurogeiko hamarkadatik gaur egunera arte emakumeek egindako praktika kuratorialari buruzko ikerketa garatzea du helburu. Elkarrizketa erabiltzen du ikertzeko tresna gisa, eta ahotsen, erakusketen eta artelanen materialtasunaren potentziala aztertzen du, baita haien artean diren gurutzaketena ere.
PALOMA CHAMORRO, EKINTZAREN FILOSOFOA
Paloma Chamorrok (1949-2017) Espainiako telebista publikoan (TVE) garatu zuen bere ibilbide profesionala iragan mendeko hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan. Urte horietan, Espainiako estatuko diktaduraren amaiera eta demokraziarako trantsizioaren garaian, Chamorrok arteari eta kulturari eskainitako programak asmatu eta zuzendu zituen. Grinak eta jakin-minak bultzatuta egin zuen, nahiz eta garai hartan –bere hitzetan– “emakume bat ezin zen epaile izan”; eta gogo biziz beteriko giroan egin zuen, frankismoaren oinordeko zuzena zen hedabide batean –orduan “ente” izenez ezagutzen zen hedabidean–. Mimoz eta kontu handiz, prestakuntzaz filosofa zen emakume honek “ekintzaren filosofo” gisa ikusten zuen bere burua, eta saio hauek zuzendu zituen: Trazos. Revista de arte, Imágenes, La edad de oro, La estación de Perpignan eta La realidad inventada.
Programa horien helburua zen kultura eta arte garaikidea telebista publikoan zabaltzea eta ezagutzera ematea. Berrogei urteko zentsuraren eta erregimen frankistaren ondoren egitea, artisten obren eta hitzen bidez. Elkarrizketatzaile bikaina eta magnetikoa zen Chamorrok Maruja Mallo (1902-1995) margolari erbesteratuarekin hitz egin zuen. Artista garaikideekin ere bai, hala nola Salvador Dalí (1904-1989), Joan Miró (1893-1983) eta Jorge Oteizarekin (1908-2003), eta beste testuinguru eta belaunaldi batzuetakoekin, besteak beste, John Cale (1942), Derek Jarman (1942-1994), Robert Mapplethorpe (1946-1989) eta Ocañarekin (1947-1983). Los Chunguitos, Gun Club, The Residents eta The Smiths bezalako taldeak ere elkarrizketatu zituen.
Telebistako ikusle gazteen belaunaldientzako erreferentea izan zen La edad de oro (1983-1985), Chamorro Madrilgo mobida deitu zenaren ikono bihurtu zuen programa. Izenburutik hasita –Luis Buñuelen (1900-1983) L’âge d’or (1930) lanari egindako omenaldia–, programa jakitun zen salbuespen bat zela. Beste bitarteko batzuk hartu zituen, baina zuzeneko musika izan zen elementu nagusia. La edad de oro programan, bazterrekoaren etiketaren pean bildutako praktika guztiak sartzen ziren –bai eta praktikatzen zituztenak ere–, azpikulturalitateari buruzko teoriak zirkulu akademiko anglosaxoiak gainditu gabe zituen garaian.
La edad de oro programaren lehen emankizunaren hasieran, Paloma Chamorro ilea harrotuta agertu zen eta, irribarre zabal batekin, gonbita egin zuen kameraren bidez, “telebista adierazpide berri gisa entseatzeko”. Saiatu zen telebista publikoa esperimentaziorako espazio gisa irudikatzen, eta horrek etengabeko arazoak sortu zizkion. 1984an, auzitara eraman zuten erlijioaren aurkako irainen delituengatik, programa baten edukiak zirela-eta. Programa horretan, Psychic TV taldearen bideo-klip bat eman zuten, La edad de oro programak ekoitzia eta Derek Jarmanek zuzendua. 1990ean absolbitu eta 1993an epaia berretsi zuten arren, Chamorro ez zen lanera itzuli.
Material Voices-en topaketa honetara Xabier Arakistain, Daniel Llaría eta Azucena Vieites gonbidatu ditugu. Telebistako hedabidean lan egin zuen pertsona zintzo, argi eta argitsu bati eskainia dago, “adierazpen askatasunaren mugak hedatzeko” helburua izan baitzuen.
Xabier Arakistain (Madril, 1966) arte-komisarioa da. Trans Sexual Express izeneko lehen erakusketarekin hasita, sexu-kategoria sartu zuen komisariotza-irizpide gisa. Arte Feministako artista garrantzitsuei, hala nola Margaret Harrison-i, Judy Chicago-ri edo Guerrilla Girls-i, eskainitako atzera begirako erakusketen komisarioa izan da, eta baita taldeko hainbat erakusketarena ere, ondokoena esate baterako: La Mirada Iracunda, Kick in the Eye. Ocho estrategias feministas para interrumpir la mirada masculina edota Kiss Kiss Bang Bang, 86 pasos en 45 años de Arte y Feminismo. 2008an, ezagutza feministaren transmisioa zeuden oztopoekin kezkatuta, eta Lourdes Méndez antropologoarekin batera, Ikuspegi feministak ekoizpen artistikoetan eta artearen teorietan diziplinarteko, nazioarteko eta belaunaldien arteko urteroko ikastaroa abiarazi zuen. 2007 eta 2011 artean, Montehermoso Kulturunearen zuzendaria izan zen, gaur egungo arte, pentsamendu eta kulturaren arloetan sexuen arteko berdintasun-politikak garatzen eta aplikatzen aitzindari izan zen proiektu batekin.
Daniel Llaría (Logroño, 1985) artista bisuala da. Arte Ederretan lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean. Parsons–The New School for Design-eko Master titulua lortu zuen, Fulbright bekadun gisa. Skowhegan School for Painting and Sculpture-n (Maine, AEB) osatu zuen prestakuntza. Bere lana erakusketa kolektiboetan erakutsi da: Antes que Todo (CA2M, 2010), First Thought Best (Artium, 2014) eta El Arte del Tiempo (Zinebi, 2018). Bakarkako erakusketarik berrienak hauek dira: Holes and Poles (Bilbaoarte Fundazioa, 2020), Duros (Halfhouse, 2020) eta Get-Rich (Artium, 2021) . Baba Llaga, Anorexia Mental eta Musta Props taldeetako kide izan da. Orain track-ak egiten ditu Dalla izenarekin.
Azucena Vieites. Artista. Egin dituen banakako azken erakusketen artean, honako hauek ditugu: Lanen hautaketa, CarrerasMugica galeria (Bilbo, 2021); Rehacer Break Out Of Your Shell, IVAM (Valentzia, 2021); Playing Across Papers, Sala Alcalá 31 (Madril, 2020/2021) eta Tableau Vivant, Reina Sofía Museoa (Madril, 2013). Berlingo Bienalaren 11. edizioan (2020) parte hartu du. Horrez gain, proiektu eta erakusketa kolektibo askotan parte hartu du. 1994an, Erreakzioa sortu zuen beste kide batzuekin batera, praktika artistikoaren eta pentsamendu feministaren arteko proposamenak garatzeko ekimena. Horien artean, aipagarriak dira, beren izaera aitzindariagatik, fanzineen edizioa (1995-2000) eta zuzendu zituen mintegi batzuk, besteak beste, Zure begietarako bakarrik. Feminismo faktorea arte bisualak direla eta (Arteleku, 1997). Arte Ederren fakultateetako irakasle elkartua da UCM-n eta USAL-en. 2019an irakurri zuen doktorego-tesia: Low-fi praktika artistikoak. Hurbilketa bat euskal testuingurura (1985-2005).
Ekitaldi honek New Yorkeko Foundation for Arts Initiatives (FFAI) erakundearen babesa du.