“Palestinarekiko Elkartasunean Egindako Nazioarteko Arte Erakusketa”. Kristine Khouri eta Rasha Salti.

by

1965. urtean, Palestinaren Askapenerako Erakundeak, bere programa politikoaren barruan, iraultzari eta borroka armatuari ekin zion, Palestina okupaziotik askatze aldera. Erbesteratutako gobernu baten gisa egituratu zen erakundea, atal betearazle eta legegileekin, konstituzioarekin, goi-agintariekin, eta buruzagi militar eta zibilekin. 1970ean, Ammanetik (Jordania) Beirutera (Libano) eraman zituzten goi-agintaritza eta instituzioen egoitza.

Palestinaren Askapenerako Erakundearen, eta bere barrutiaren eta buruzagien ustez, eta, orobat, Liga Arabiarraren, eta intelektual eta herritar arabiarren ustez, Israel estatuak okupatuta zeukan Palestina askatzea inperialismoaren eta kolonialismoaren aurkako borroka bat zen, autodeterminazioaren aldeko borroka. Borroka hori politikoa izan zen, hala forma aldetik, nola diskurtso eta ordezkaritza aldetik. 1968an, artista eta intelektualen talde batek sail berezi bat eratu zuen Palestinaren Askapenerako Erakundean, Palestinak kultura-arloan zuen ordezkapena egituratze eta zabaltze aldera. Sail horren xedea, lehenik eta behin, erbesteratutako eta herrialde arabiarretako errefuxiatuen eremuetatik barreiatuta zeuden biztanleak izan ziren; eta, era berean, pizgarria izan nahi zuen iraultza bultzatzeko.

Palestinaren Askapenerako Erakundeak Beiruten zuen Informazioko Bulego Bateratuak Palestinarekiko Elkartasunerako Nazioarteko Arte Erakusketa antolatu zuen 1978an, erakundeak zuen eraikinetako batean, eta Ezzedine Kalak eta Mona Saudi izan ziren antolatzaile nagusietako batzuk. Erakusketa horrek bilduma baten hazia edo iturburua izan behar zuen, Palestinarekiko elkartasuna erakutsiko zuen nazioarteko arte garaikideko museo bat ezartzeko. Erakusketan 200 lan inguru izan ziren, 28 herrialdetako 177 artistek emandakoak. Erakusketan parte hartu zuten artisten artean, nazioartean aho batez txalotutako batzuk izan ziren, hala nola, Matta, Tàpies edo Miró, hiru aipatzeagatik. Deigarriena ez da artista entzutetsuen multzoa, edo haien sorterriko herrialdeen izenak. Deigarriena da gerra zibil odoltsua zegoela piztuta erakusketa egin zen herrialdean, eta erakusketa egin zen hiria irmoki zegoela erdibituta, mendebalde eta ekialdearen artean.

Aurkezpenak bi gai hartuko ditu ardatz gisa. Lehen gaiari jarraiki, erakusketaren berreraikitze-lan dokumentala egingo da, orain arte berreskuratu den artxiboko materiala erabiliz. Bigarren gaiaren ildotik, berriz, zehatz aztertuko da nola erabili ziren poster arabiarrak Palestina ikusmen aldetik irudikatzeko, mugimendu nazionalaren barrutiari begira.

Ikusmen arteetan modernitate arabiarren historia aztertzen duen taldea. 2008. urtean sortutako talde hau epe luzeko ikerkuntzako proiektu bat da, eta haren helburu nagusia da mundu arabiarreko arte garaikidearen historian eta historiografian giltzarri izan diren gaiak ikertzea. Kristine Khouri eta Rasha Salti dira taldearen sortzaileak, eta biek ala biek Beiruten dute egoitza. Proiektu independentea da, eta toki bat eskaini nahi du metodologia eta artxiboko praktikari buruzko saiakuntzan aritzeko.