Olga de Soto “A Project Made of Voices”. Bulegoa z/b ekimenaren egonaldi-programa.

by

Argazkia: Françoise Rognerud

Lehen egonaldia: 2017ko maiatzaren 8tik 12ra – Azala, sormen-gunea (Lasierra)

Bulegoa z/b ekimenak arte- eta ezagutza-ekoizpenari laguntzeko egonaldien programa berria abiarazi du hainbat fase eta mailatan.

2017an Bulegoa z/b-k gonbidatu egin zuen Olga de Soto koreografoa A Project Made of Voices (Ahotsez egindako proiektua) garatzera eta dantzaren historiaren inguruan hark egindako ikerketetan bildutako soinu-materiala berreskuratzera.

Bi egonaldi-epe eskaini dizkiote. Lehenengoa, maiatzaren 8tik 12ra bitartean, Azala sormen-gunean izango da, Arabako Lasierra herrian, eta Azalak Proklama#10 ekimenaren barruan antolatutako mintegiarekin eta proiekzioarekin uztartuko da. Bigarren fasea Bulegoa z/b ekimenak Bilbon duen gunean lekutuko da udazkenean zehar, eta proiektuaren aurkezpen publikoa egingo da bertan.

A Project Made of Voices Olga de Sotok azken urteetan garatu duen lanetik loratu da. 1932an estreinatutako lan batetik abiatuta, proiektua kulunkan dabil gorputz-memoriaren azterketa, dantzaren historiarekin lotutako ikerkuntza eta pertzepziozko memoriaren azterketaren artean.

Zenbait urtez bildu den eta elkarrizketa asko (frantsesez, ingelesez, gaztelaniaz eta alemanez) dituen audio-artxibo zabal batetik abiatuta, A Project Made of Voices ekimenaren helburua da aztertzea koreografoari ahozko dokumentuaren gaineko lanean sakontzeko, eta aztarna, oihartzuna, erresonantzia eta sedimentua bezalako gaiak ikertzeko aukera emango dioten formak.

A Project Made of Voices lanean, De Sotok bi lan-ildo urratuko ditu. Lehenengoan esanahiaren eta zentzuaren kontua izango da ardatza, objektu dokumental bat irudikatzeko. Bigarrenean, ahotsa materia fisiko bezala esploratuko du, arrazoibideen eta kontaeren norabidearekiko tarte bat hartzea eragiteko asmoarekin, jolasean ibili ahal izateko hitzekin, hizkuntzarekin, azentuekin, tonuekin, intonazioarekin, eta objektu abstraktu baten kontzeptuan barneratzeko.

Olga de Soto koreografoa eta dantza-arloko ikerlaria da; Valentzian jaio zen eta Bruselan bizi da. Angerseko Dantza Garaikideko Zentro Nazionalean lizentziatu zen, Valentzian eta Madrilen dantza klasikoa, dantza garaikidea eta solfeoa ikasi ondoren.

Haren sormen lanak 1992an hasi ziren, eta 2000. urtearen hasieraz geroztik memoriaren eta arte eszenikoaren eragina aztertzen ditu gehienbat, horien erabilgarritasuna eta iraunkortasuna, bi ardatzetan finkatuta: Lehenengoan ardatza gorputzaren memoria aztertzea da, eta bigarrenean Dantzaren Historia arakatzen da obra jakin batzuk ikusi dituzten ikusleek eta interpretatu dituzten dantzariek obrekiko duten pertzepzioaren eta oroimenaren bitartez; horretarako, dokumentu ugari interpretatu, bildu eta sortu ditu: dokumentu testualak, ikonografikoak, ahozkoak eta ikus-entzunezkoak.

Haren lana hogeiren bat herrialdetan erakutsi izan dute, eta maiz gonbidatzen dute hainbat unibertsitatetan tailerrak eta hitzaldiak ematera edo haren laneko metodologia partekatzera. 2013an Belgikako Autore eta Konpositore Dramatikoen Elkartearen saria jaso zuen Arte Eszenikoen kategorian, bere ibilbide osoagatik, eta bereziki Kurt Joossen Der Grüne Tisch -Mahai berdea– lanaren inguruan egindako ikerkuntza- eta sormen-lanagatik.

Jarduera hau Azala sormen-gunearekin elkarlanean gauzatuko da.