Egoitza deialdia
MÒNICA PLANES: PILA
by
Mònica Planesen aurkezpena, Bulegoa z/b-ko egonaldiaren hasieran, eta hiru saioko tailerrean parte hartzeko deialdia. 2022ko egonaldien deialdian, bere proposamena hautatu zuen epaimahaiak, Hacia con el brazo (MURO) izenekoa, Sara Cattin-en Maintenance of What? A place, a thing, an idea. Part III proposamenarekin batera. Epaimahaia Isabel de Naveránek (ikerlaria, kuradorea, editorea eta idazlea), Jorge Satorrek (artista) eta Bulegoa z/b-ko kideek osatu zuten.
AURKEZPENA
2023ko irailaren 7a, 19:00etan
TAILERRA
Egunak: 2023ko irailaren 8a, 12a eta 20a
Ordutegia: 17:30-20:30
Kopurua: gehienez 12 lagun
MÒNICA PLANES: PILA
Gogoeta egiten dut gorputzak mugitzeko dituen aukerez eta horretarako behar dituen gauzez. Zerk jartzen du martxan gorputz bat? Zein da mugitzen lehena? Nora jotzen du eta nola aldatzen da mugitu ahala? Galdera horiei erantzuten saiatzeko, motor baten funtzionamendua eraman nahi dut gorputzera.
Bulegoa z/b-ko egonaldian, motor bat aukeratu, eta haren mugimenduaz jabetuko naiz; nire gorputzean erreproduzitu, eta ariketa moduan errepikatuko dut, muskulu-memorian gordetzeko. Energia mugimendu bilakatzeko gaitasuna duen gailu horren funtzionamendu-mekanismoa txertatu nahi dut. Bigarrenik, material erregaiak bilatuko ditut, haragitutako motor horiek finkatzeko. Beraz, lehenik eta behin, motor baten mugimendua gorpuztu behar da, eta, gero, energia gorde eta eraldatzeko gaitasuna duten material erregaietan finkatu, esaterako, lastoan, zurean edo koipean.
Forma eskultorikoa materiaren eta gorputzaren mugimenduaren arteko harremanaren emaitza gisa agertzen bada, eskulturak energia bihur daitezke berez. Erregai gisa, energia hori askatzeko eta eraldatzeko aukera izan dezakete, mugimendu gehiago sortuz: ekintza-potentzia gordetzen duten edukiontziak lirateke, pila baten edo bateria baten modukoak. “Pila gorputzean motor bat bilatzea da, ez bakarrik zentzu mekanikoan, baita zentzu sistemiko, kontingente eta emozionalean ere”.
TAILERRA
Bulegoa z/b-ko egonaldian, lan-prozesu hori erakutsi nahiko nuke, motorraren funtzionamendua ulertu eta kolektiboki gorpuztuko duen tailer batean, gero taldean gauzatzeko. Tailerra hiru saiotan banatuko da:
2023/09/08: Mugimenduen definizioa
Lehenengo egunean, motorraren funtzionamendua ulertzen saiatuko gara, eta haren mekanismoa gorputzera eramango dugu, gailua gorpuzteko. Mugimendu batzuk definituko ditugu, haien funtzionamendua ikasita, erregaia energia bihurtzeko gaitasuna txertatzeko.
2023/09/12: Material erregaiekin esperimentatzea
Bigarren saioan, material erregaiekin esperimentatuko dugu. Erregaia eraldaketaren bidez energia sortzeko erabiltzen den materiala da. Hau da, biltegiratu, eraldatu edo garraiatu daitekeen energia bat duten materialak dira. Horregatik, funtsezkoak izan dira industria- eta teknologia-iraultzarako. Nekazaritzako erregaietan jarriko dugu arreta. Saio honetan, material horiek gorputzaren mugimenduari begira dituzten aukerak aztertzen hasiko gara.
2023/09/20: Formalizazio eskultorikoa
Azken saio honetan, hainbat taldetan lan egingo dugu, aurreko saioetan definitutako mugimenduak gauzatzeko, aurrez esperimentatutako material erregaiekin. Pieza batzuei forma ematen saiatuko gara, motorraren barne-egiturarekin lotuta, gorputzaren mugimenduarekin zerikusia duen lengoaia eskultorikoa garatzeko.
Tailerrean parte hartzeko, idatzi bulegoa@bulegoa.org helbidera, eta azaldu 4-5 lerrotan nor zaren, zer egiten duzun, nondik zatozen eta zergatik nahiko zenukeen tailerrean parte hartu.
Mònica Planesek gorputzak arkitekturekin eta bizileku dituen objektuekin duen harremanari erreparatzen dio, eta elementu horiek nola zehazten gaituzten aztertzen du, zer eragin duten gure eguneroko portaeran eta ingurunearekiko harremanean. Eskultura egiteko modua hartzen du erlazio horren gauzatze gisa, mugimenduan dagoen gorputzaren eta harekin harremanetan dauden objektu eta egitura arkitektonikoen bat-egite bezala. Horregatik, garatzen duen praktikak agerian jartzen du habitataren eta gorputzak mugitzeko dituen aukeren arteko lotura hori. Eskultura gertakizun bat da.
Banaka aurkeztu du bere lana leku hauetan: Suñol Fundazioa, Bartzelona (2017); Arranz-Bravo Fundazioa, L’Hospitalet de Llobregat (2018), Alejandro Palacínekin batera; Can Felipa Gizarte Etxea, Bartzelona (2020); Galería àngels barcelona, Bartzelona (2021, Art Nou 2017); Pipistrello, Vulpellac (2021); Gelateria Sognio di Gicchio, Bologna (2022). Erakusketa kolektiboetan ere parte hartu du, Halfhousen, Bartzelonan (2019); Artiatxen, Bilbon (2022); Can Felipa Arts Visuals-en, Bartzelonan (2022); Arte Gaztearen Aretoan, Madrilen (2022); TEAn, Tenerifen (2023) edo TBA21en, C3An, Andaluziako Sorkuntza Garaikideko Zentroan, Kordoban (2023). ARCO Madrid eta beste azoka batzuetan parte hartu du.