MINTEGI IRAUNKOR ARRUNTA 1: E. CASADO, A. GARCÍA, A. LASÉN

by

Ohikoaren boterea (berrikusia) izango da Mintegi Iraunkor Arrunta-ren lehen saioa, Elena Casado, Antonio A. García eta Amparo Lasénen eskutik. Mintegi Iraunkor Arrunta Bulegoa z/b eta Sociología Ordinaria (Soziologia Arrunta)-ren arteko lankidetza-programa publikoa da. 2020an eta 2021ean egingo da, elkarrizketen eta topaketen bidez, formatu birtualean eta presentzialean.

OHIKOAREN BOTEREA (BERRIKUSIA)
2014ko urtarrilean Bulegoa z/b-k egindako gonbidapen batek aitzakia gisa balio izan zigun Sociología Ordinariako gure proposamena sistematizatzeko. Orduan, geure buruari galdezka ari ginen zein tekla jotzen ote duten Comic Sansek, Belén Estebanek edo Gandía Shorek, hainbeste haserre edo mespretxu pizteko, eta zer genuen guk jokoan adostasun horretan. Ohikoaren zentzu desberdinekin jokatzeak zenbait arrasto ematen dizkigu. Ohikoa arrunta da, behekoa, hutsala. Baina egunerokotasuna, errutinakoa eta guztiona dena ere ekartzen digu gogora. Eta antolamendu, kategoria eta hierarkietara jotzen du; nahiz eta, mendeko posizioetatik, horiek ez diren halabeharrez berezkotzat edo egokitzat jotzen. Zenbaitek empowerment deituko diote, hemen botereaz hitz egingo dugu. Zazpi urte geroago, topaketa hau aitzakiatzat hartu dugu berriro ere, Sociología Ordinarian (orain, ikerketa-talde bat, urtean zortzi topaketa egiten dituena) egin duguna edo egin nahiko genukeena “garbira pasatzeko” eta partekatzeko. Izan ere, mundua zakar jartzen bada, izan gaitezen arruntak!

Online / aurrez aurreko saioan parte hartzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

PARTE-HARTZEA: aurrez-aurrekoa eta online. 

ONLINE BIDEZKO PARTE-HARTZEA (You Tube):
https://youtu.be/iwy4WoaWiUA

Elena Casado Aparicio. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Soziologiako irakaslea, auzoko feminista eta irakaskuntzaren zale grinatsua, Sociología Ordinariako taldeko kidea da. Bere ikerketa-ildoak genero-harremanei eta zentzua eraikitzeko praktikei lotuta egon dira, hor gurutzatzen baita soziologo eta filologo gisa duen prestakuntza. Azken urteotan, irakaskuntzako halabeharrek hartaratuta, osasuna, gorputzak eta emozioak hartu ditu ardatz.

Antonio A. García García. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Soziologiako irakaslea eta Sociología Ordinariako taldeko kidea da. Maskulinotasunei eta haien jira-birei buruzko galderak eginez, bere ikerketetan aztertu nahi du zein ondorio duen gizontasunak gorputzetan, afektuetan, eginkizunetan, etxeko lanetan eta haien (erre)produkzio kulturalean.

Amparo Lasén Díaz. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko  (UCM) Soziologiako irakaslea eta Sociología Ordinariako taldeko kidea da. Haren ikerketa-ildoak, lehenik, denborazkotasunei eta gazteen praktikei eta esperientziei lotuta egon dira, eta, gero, kultura digitalari, genero-harremanei, intimitateari eta afektuei lotuta.