MATERIAL VOICES 7: THROUGH A VANISHING POINT

by

  • Eugenia Perpetua Butler: Strangling Freud (1990). Corazón del Sol-en adeitasunez.

through a vanishing point. Material Voices. Erakusketak egiteko lanaren genealogia feministak programaren zazpigarren saioa. Eugenia Perpetua Butler, Valerio Del Baglivo eta Corazón del Sol, Verde Prato eta Sahatsa Jauregirekin. Jarduera hau Solokoetxeko Udako Solstizioaren parte da.

THROUGH A VANISHING POINT
Ostirala, 2024ko ekainaren 28a
16:30-18:30: through a vanishing point. Valerio Del Baglivo eta Corazón del Sol-ekin, eta Eugenia Perpetua Butler-en The Book of Lies-en inaugurazioa.
20:00: 6 abesti, 6 eszenografia. Verde Prato eta Sahatsa Jauregi.

EUGENIA PERPETUA BUTLER: THE BOOK OF LIES
Jendaurreko erakusketa:
Ostegunetik larunbatera, ekainaren 29tik uztailaren 4tik 27ra.
17:00-20:00

VALERIO DEL BAGLIVO & CORAZÓN DEL SOL: THROUGH A VANISHING POINT
1972an, bere ibilbidearen onenean zegoela, Eugenia Perpetua Butler (1947-2008) artista kontzeptualak Los Angeles uztea erabaki zuen, Latinoamerikako kultura xamanikoekin harremanetan jarri eta magia ikasteko. Mexikoko iparraldean abiatu zen bidaian hegoalderantz, Calira (Kolonbia) iritsi arte, eta zortzi urte eman zituen han. Artearen mundutik erretiratzeko erabakia garai hartako beste praktika artistiko batzuekin konparatu daiteke, batzuek ezetza, isiltasuna edo arbuioa hautatu baitzuten disidentzia politikoko ekintza eta ahalduntzeko modu gisa. Une horretatik aurrera, ikusezintasuna, komunikazio eta ekintza politikorako modu gisa ulertuta, elementu nagusia izan zen Butler-en artelanetan eta lan-estrategian.

Hitz egin al daiteke ikusezintasunaz, arbuio-modu gisa, arauaren indarkeriaren eta botere patriarkalaren aurrean askapena eta atsedena lortzeko?

through a vanishing point (ihes-puntu batetik) lanean, Valerio Del Baglivo komisarioak eta Corazón del Sol artistak Corazónen ama den Eugenia Perpetua Butler-en lana aurkeztuko dute, eta bistaraezin, pentsaezin eta ikusezin denarekiko duten interesa atertuko dute, artearen, hizkuntzaren eta bizitzaren artean emantzipatzeko eta eraldatzeko bideak formalizatzeko modu gisa. Eugenia P. Butler-en praktika berrogei urtetan hedatu zen, eta paper esanguratsua izan zuen —sarritan alde batera utzi bada ere— praktikak garatzeko arte kontzeptualaren, arte komunitarioaren eta marrazki eta hizkuntzarekiko esperimentazioaren arteko mugan. Ekoizpen artistikoan, bere esperientzia eta traumarik ezkutuenei buruz hausnartzeko beharrezkoa zen lan materiala, emozionala, artistikoa eta psikologikoa aztertu zuen. Bere hitzak erabiliz, Butler-i “ezezaguna, psikea, ametsen mundua eta inkontzientea interesatzen zitzaizkion”.

VERDE PRATO & SAHATSA JAUREGI: 6 ABESTI, 6 ESZENOGRAFIA
6 abesti, 6 eszenografia, Verde Prato eta Sahatsa Jauregiren arteko kolaborazio musikal-eskultoriko bat da, eta Bulegoa z/b-k Material Voices programaren zazpigarren topaketan parte hartzeko egindako gonbidapenari dagokio. Bien lana nahastuz, bulegoaren kanpoaldean kontzertu-performance-eskultura bat sortuko dute, eta momentu horretan egongo da bizirik, behin betiko desagertu baino lehen. Elkarlan hau aurrez gauzatu da eta forma ezberdinak hartu ditu, bi artisten imajinario eta sentsibilitateek talka egin, eta eklipse musikal eta espazial bat eraiki baitute elkarrekin.

Honako hauek kolaboratu dute: Andrea Angulo, Hodei Herreros, Gorka Laspiur, Izar Okariz, Kris Ortiz, Javier Ozcoidi, Cata Rubio.

BIOGRAFIAK

Valerio Del Baglivo komisario independentea da eta Italian bizi da. Bere ikerketaren ardatza ikerkuntzan oinarritutako praktika artistikoak dira, eta ezagutzaren ekoizpenaren, azpiegitura instituzionalen eta ikusleen parte-hartzearen arteko lotura aztertzen ditu, artearen eginkizun sozialaz eta politikoaz gogoeta egiteko. Duela gutxi, komisario gonbidatua izan da IASPISen, Stockholmen (2022); kanpoko komisario elkartua izan da MAXXI-XXI. mendeko Artearen Museo Nazionalean, Erroman (2019); eta komisario bisitaria UNIDEEn, Fondazione Pistolletto-n, Biellan (2018-2019).

Corazón del Sol Los Angelesen bizi den artista bat da, artisten familia bateko hirugarren belaunaldikoa. Artean goiz hasi zenez, irakaskuntza artistiko informala jasotzeko aukera izan zuen, eta, horren ondorioz, gero zalantzan jarri zituen artea antolatzeko sistemak. Bere praktikan, esperientzia kolektiboei zentzua ematen (collective sense making) saiatzen da, elkarrizketaren, mugimenduaren, bideoaren, eskulturaren eta beste bitarteko esperimental batzuen bidez. Bere lana nazioarteko hainbat instituziotan erakutsi da, hala nola Salón Nacional 44 Colombian eta Donostiako Tabakaleran. Komisariatu dituen erakusketen artean, Dysfuctional Formulas of Love, Víctor Albarracín Llanosekin batera, eta Let Power Take a Female Form daude. Aktibismo komunitarioaren bidez eta Jardín de Estrellas kostu txikiko etxebizitzaren prototipoa sortuz, agerian jartzen du etxebizitza eder bat izateko eskubidea oinarrizko giza eskubide bat dela. Jardín de Estrellas prototipoa The Box aparkalekuan dago jendearentzat irekita. Azkenaldian, bereziki interesatzen zaio konektibitateak duen gaitasuna traumek sortzen duten boterearekiko menpekotasuna ordezkatzeko.

Ana Arsuaga (Tolosa, 1994) artista eta musikaria da. Arte Ederretan graduatu zen UPV/EHUn, eta bertan egin zuen Pinturako masterra. Galería H2O-n, Barcelona Gallery Weekend jardunaldietan, eta Galeria B eta B-n (Lekunberri, Nafarroa Behera) izan du erakusgai bere lana, besteak beste. Musikaren esparruan, Verde Prato bakarkako proiektua dauka, eta harekin, hainbat jaialdi eta kontzertutan jo izan du, esate baterako, Sonar CCCB-en, Primavera Sound-en, BBK Live-n, Feed the Wave Milan-en, MIL Lisboan eta EXPO DUBAI nazioarteko erakusketan. Musika Bulegoa saria eta euskarazko diskorik onenerako MIN saria eskuratu zituen 2022an. Bi LP eta Hiru EP kaleratu ditu proiektu honekin. Bestalde, Basilika podcast-ean saio bat dauka, eta iritzi-zutabe bat idazten du Berria-n, musikaren inguruan.

Sahatsa Jauregi (Itaparica, 1984) artista da. Bilbon bizi da eta hor lan egiten du. Gaur egun, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea da. Duela gutxi bakarkako erakusketak egin ditu The Ryder galerian (Madril, 2024), Sagrada Mercancía-n (Txileko Santiago, 2023), Spirit Vessel-en (Girona, 2023), Artiumen (Gasteiz, 2023), Azkuna Zentroan (Bilbo, 2022), Aparador Monteleón-en (Madril, 2022), Artiatxen (Bilbo, 2021) eta Halfhouse-n (Bartzelona, 2019) . Azken urte honetan, honako erakusketa kolektibo hauetan ere parte hartu du: Turno de réplica, cuestión de piel (Patio Herreriano, 2024) eta Larruak eta izurrak (Tabakalera, 2024). Hainbat sari irabazi ditu: 2013ko Gipuzkoako Artista Berrien Programa, 2017ko lehen Ertibil saria , 2019ko Gure Artea saria eta Madrilgo ARCO Comunidad saria. Egonaldiak izan ditu Tabakaleran (Donostia, 2019), Halfhouse-n (Bartzelona, 2019), Bilbaoarte Fundazioan (Bilbo, 2016) eta Pacific Film Archive-n (Berkeley 2012)

Valerio Del Baglivok Eugenia Perpetua Butler-i buruz egindako ikerketak Italiako Kultura Ministerioaren sorkuntza garaikiderako Zuzendaritza Nagusiaren laguntza du (Italiako Kontseiluaren programaren 12. edizioa, 2023), Italiako arte garaikidea sustatzen baitu nazioartean.