Nabigatzeko formak: Kabotajea
MANUEL ASÍN: DENBORA SETIATUA. CONTACTOS (PAULINO VIOTA, 1970)
by
Bertatik Bertara/Tan Cerca 2020 programaren barruan Bilbon eta Santanderren Bulegoa z/b eta fluent lankidetzan egiten ari diren Nabigatzeko moduak: Kabotajea programan, Manuel Asin gonbidatu dugu Paulino Viotaren Contactos (1970) filmaren inguruan hitz egiteko.
TIEMPO SITIADO (DENBORA SETIATUA). CONTACTOS (PAULINO VIOTA, 1970)
Jorge Oteizaren Quosque tandem…! (1963) laneko argazki-ilustraziorik bitxienetako batek Donostiako arrantza-portuko bi ikuspegi kontrajartzen ditu. Horietako batean, ilaran jarritako itsasontziak ikusten ditugu moilan, bata bestearen atzetik, uretatik atera ahala gelditu diren ausazko hurrenkeran. Bestean, tarte erregularretan ur gainean ikusten ditugu, portu bereko dartsenan, modu harmoniatsuan amarratuta. Bi irudi horiez baliatzen da Oteiza, esperientzia estetikoaren antitetiko eta fundatzailetzat jotzen dituen espazio- eta denbora-prozesuen bikote bat ilustratzeko: informalismoa deitzen duena (moilan txalupak utzi dituztenak kezkatuta zeuden eguraldiarekin, eta horregatik utzi dituzte desordenan) eta formalismoa (dartsenan geometrikoki amarratu dituztenak, batez ere, lekuagatik eta tokiagatik zeuden kezkatuta).
Estetikara estrapolatutako bizitza arrunteko irudi horretatik abiatuta, aurkeztu nahi dugu agian Espainiako zinemaren historiako filmik oteizarrena dena, Paulino Viotaren Contactos izenekoa, aurten 50 urte bete dituena. Egileek azaldu dutenez, Oteizaren ideiak erabakigarriak izan ziren lanerako, baina oraingoan, formalismoari eta informalismoari buruzko ideia orokorrek izan zuten garrantzia aztertzeaz gain, ideia horiek lantzen dituzten eremuak aztertu nahi ditugu batez ere: lekua eta denbora; hemen bereziki izango lirateke Madril “1970eko maiatzean”, filmaren azpitituluak dioenez.
TOKIA:
Centro Cultural Doctor Madrazo
Casimiro Sainz, z/g
39004–Santander
Saioan parte hartzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org
Manuel Asín. Madrilgo Círculo de Bellas Artes-eko zinema-arloko koordinatzailea. Zinema-programatzaile gisa, zikloak zaindu ditu Espainiako Filmoteka, MNCARS, Xcèntric-CCCB, Zinebi, MUN, Instituto Moreira Salles eta beste batzuentzat. Artikuluak argitaratu ditu Caimán Cuadernos de Cine-n (erredakzio-kontseiluko kidea da bertan), baita El viejo topo, Blogs & Docs, Cahiers du cinéma España, Trafic eta abarretan ere. Jean-Marie Straub eta Danièle Huillet-en hitzaurreak eta zinemari buruzko bi liburu argitaratu ditu: Escritos (2011) eta Hacer la revolución es también volver a colocar en su sitio cosas muy antiguas pero olvidadas (2016). Intermedio izeneko liburuen eta DVDen banatzaile eta argitaletxearen zuzendaria izan da (2011-2015). Siete vigías y una torre film ertaina (2005) eta Oteiza Museoak ekoitzitako zenbait film laburren egilea da.