Museoko denbora husteko
‘MALEVITX-I OMENALDIA’ ETA ‘EKINTZA. MUSEOA’, MARÍA LUISA FERNÁNDEZ ETA BEATRIZ HERRÁEZEKIN
by
Malevitx-i omenaldia (Jorge Oteiza, 1957) eta Ekintza ‘Museoa’ lanen (EAE. Euskal Artisten Elkartea, 1983-2001) inguruko topaketa, María Luisa Fernándezen eta Beatriz Herráezen laguntzarekin. Ekitaldia Museoko denbora husteko eta betetzeko obra batzuk serieko parte da, hau da, Bilboko Arte Ederren Museoko, 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018 erakusketarekin batera doazen zazpi artelanen inguruko topaketetan sartuta dago. Topaketa bakoitzean, artelan batek hainbat artista eta artean aditu batu eta elkartuko ditu.
Museoko denbora husteko… topaketek museoak barnean hartzen dituen objektuen bidez museoaz hausnartzeko ideia dute ardatz. Hala 68aren ostean erakusketa barnean duen museo zehatzaz, haren izaera eta historia bereziaz, nola museo generikoa iraganeko objektuak etorkizunerako gordez orainaldiaz kontakizun bat egiten duen instituzio gisa hartuta.
Lekua: Bilboko Arte Ederren Museoko Auditorioa.
Ordua: 19:00.
Doako sarrera, edukiera mugatua. Gonbidapenak museoko leihatilan egongo dira eskuragarri azaroaren 26tik –astelehenetik– aurrera.
Obrei buruz
Malevitx-i omenaldia Jorge Oteizak 1957ko São Pauloko Bienalaren IV. edizioan aurkeztu zituen 28 eskulturen sailekoa da, espazioa husteko ideian ardaztutako Xede esperimentala lanaren parte. Handik bi urtera, 1959an, artistak alde batera utzi zuen praktika eskultorikoa. Txomin Badiolak Oteiza. Catálogo razonado de escultura (2015) lanean erabilitako hitzak ekarriz, obra honek erakusten du “elementurik immaterialena, hau da, espazioa, aldi berean dela kausa eta ondorioa; eskulturak espazioa sortzen du, eta espazioak eskultura sortzen du”. Bilboko Arte Ederren Museoak 1982an eskuratu zuen lana, eta, urte bete igaro ondoren, EAE artisten kolektiboak (Euskal Artisten Elkartea / Asociación de Artistas Vascos) ekintza bat egin zuen harekin. Ekintza ‘Museoa’ (1983-2001) da ekintza hori jasotzeko Badiolak editatu zuen bideoaren titulua: Malevitx-i omenaldia lana bahitu zuten, museoko areto batetik atera eta Bilboko udaletxera eramanda. Kolektiboak “bahiketa” hitza hautatu zuen ekintza definitzeko, garai hartan Euskal Herriko kaleetan zegoen indarkeria sozialari eta politikoari zuzeneko aipua eginda; bestetik, ekintzaren tonu poetikoak eta, aldi berean, burlakoak gogora ekartzen digu nolabait Jean-Luc Godard-en Bande à part laneko (1964) protagonistek Louvreko aretoetatik egindako bederatzi minutuko lasterketa.
Malevitx-i omenaldia lana ABC. Bilboko Museoaren Alfabetoa erakusketaren parte da eta EAE. Ekintza. Museoa lana, berriz, 68aren ostean erakusketan sartuta dago. Biak Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketak dira.
María Luisa Fernández (Villarejo de Órbigo, León, 1955) artista da. 1979an, CVA (Comité de Vigilancia Artística) sortu zuen Juan Luis Morazarekin batera. CAV kolektiboa “arte-enpresa” gisa sortu zen, eta eskulturak, testuak eta ekintzak egin zituen, era kritikoan hausnartzeko lanak irudikatzeko eta jasotzeko mekanismoei eta arte garaikidearen sistemari buruz. Sigla horiek 80ko hamarkadako Euskal Herriko ingurune artistikoan erreferentea izan zen “euskal eskultura berriarekin” lotu ohi dira. 90eko hamarkadan, artista Vigora joan zen bizitzera, eta aldi berri bati ekin zion, unibertsitateko irakaskuntzan ardaztuta. 2014an, Bilboko Azkuna Zentroak haren lanari buruzko atzera begirako erakusketa antolatu zuen, artistaren laneko bi hamarkada hartuta, banakako azken erakusketa egin zuen 1997ra arte. Gero, erakusketa Vigoko MARCOn izan zen ikusgai. 2018an, 7,608,766,433 + – lan berriak aurkeztu zituen Madrilgo Maisterravalbuena galerian. Haren lana instituzio hauen bildumetan sartuta dago, besteak beste: Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía (Madril); MACBA (Bartzelona); Fundació La Caixa (Bartzelona); Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa (Gasteiz).
Beatriz Herráez. Artearen historialaria, komisarioa eta Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko zuzendaria da. 2012. eta 2016. urteen artean Madrilgo Reina Sofía Museoko Bildumen Departamenduko kide izan da, eta 2007. eta 2011. urteen artean Gasteizko Montehermoso Kulturuneko komisario-buru. MNCARS-en honako erakusketa hauen komisario-kide izan da: Ficciones y Territorios. Nuevas razones para pensar el mundo, 2016-2017; Mínima Resistencia. Entre el tardomodernismo y la globalización: prácticas artísticas en las décadas de los 80 y los 90, 2013-2014. Horrez gain, Erlea Maneros Zabala, 2016, erakusketaren komisarioa izan da. Montehermoson bakarkako erakusketa hauek komisariatu ditu: What I see. Susan Hiller (Xabier Arakistainekin), 2011; Implejidades. Juan Luis Moraza, 2009; eta Artea eta ikerketa programako artisten ekoizpen berriak. Egin dituen erakusketen artean, honako hauek aipatuko ditugu: I Never Said Umbrella. Itziar Okariz, Tabakalera, Donostia-San Sebastián (2018); Lubricán. Julia Spínola, CA2M, Madril (2018); Je, je… luna. María Luisa Fernández. 1979-1997 bitarteko artelanak, Azkuna Zentroa, Bilbo, eta MARCO, Vigo (2015-2016); Soy el final de la reproducción, Sculpture Center, New York, eta castillocorrales, Paris (2007-2008); El segundo nombre de las cosas. Néstor Sanmiguel Diest, MUSAC, León (2007).
Museoko denbora husteko eta betetzeko obra batzuk topaketak Bulegoa z/b eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko lankidetzako proiektua dira.