“LISTEN. Filipinetako herritarrei egindako elkarrizketak.” Sally Gutiérrez eta Juan Guardiola

by

Azaltzea, adieraztea, baieztatzea… geure diskurtsoan murgilduta gaudenez, sarritan ahaztu egiten gara entzutea bezalako kontu soil batez. Izenburu honen azpian, bideo-multzo bat aurkezten dugu, arreta jartzeko, entzuteko, hautemateko eta kasu egiteko. Dokumentu hauetan, hausnarketa egiten da nazioaren ideiaz, eta kultura arteko leku-aldatze eta sorkuntzarako laborategi gisa interpretatzen da. Era berean, bideoak ikusiz, hausnarketa egin nahi da Filipinetako imaginarioko jarduera kulturalei eta prozesuei buruz, mendebaldeko lurraldeko espazio sinbolikoan kokatuta. Listen lanak dituen atalek irakurketa zabala eratzen dute, adierazpeneko diskurtsoei eta teoriei buruz; horiek era nabarmenean garatu ziren laurogeiko hamarkadatik aurrera izan ziren kulturako ikasketen esparruan, eta Kritika Poskolonialaren kontzeptuaren azpian multzokatzen dira. Gaur egun nazioartean dagoen finantza-krisia inflexio-puntua izan da, merkatu libreko lege bakarren alde egiten duen ekonomia kapitalista berantiar eta postindustrial honetan. Era berean, artearen historiaren eta teoriaren esparruan, gaur egun ez da eraginkorra Mendebaldeak sortu, bete eta monopolizatutako modernitatearen oinarria. Gaur egungo arte-eszenan alteritatea, desberdintasuna, bestetasuna edo subalternitatea bultzatzen dituzten jarrera teorikoak azaldu dira, eta gailendu egin dira, Multikulturalismoaren eta Poskolonialismoaren teorien babesean. Lekukotasun eta esperientzia pertsonalak, pertsonala eta publikoa dena, oinarritzat hartzen dira hausnarketa egiteko Hirugarren Munduko gorputzak gizarte informatizatu eta globalizatu batetik ibiltzeari berez dagozkion alderdi politikoei eta ekonomikoei buruz.
Sally Gutierrezen bideo bat da Listen, Filipinetako kultura-arloko ekintzaileen eta intelektualen lekukotasunak biltzen ditu, eta Juan Guardiolak argitara eman duen liburu honetan sartuta dago: Filipinas: Arte, identidad y discurso poscolonial (2008).

Sally Gutierrez ikusmen-arloko artistaren lanak eremu hibridoa betetzen du, arte garaikidearen, ikusmenezko saiakeraren eta dokumentalaren arteko eremua. Madrilgo Complutense Unibertsitatean Arte Ederretako ikasketak bukatu ondoren, Berlinera jo zuen, eta buru-belarri parte hartu zuen 90eko hamarkadan Berlingo Ekialdeko Mitte barrutian zegoen mugimendu artistikoan. 1998. urtean New Yorkera joan zen, Fulbright beka eskuratu baitzuen, eta Media Studies (ikasketa mediatikoak) masterra egin zuen New School University-n. 2000. urtean Whitney Independent Study Program programa entzutetsuan parte hartzeko hautatu zuten, eta 2000-2001ean Lower Manhattan Cultural Council-en beka lortu zuen Dorre Bikietan azterketa egin eta erakusketa jartzeko. Madrilera itzuli zenetik, egonaldiak egin ditu Filipinetan eta Hegoafrikan, hainbat beken bidez, eta zenbait proiektu egin ditu toki horietan. Orain ere egonaldi luzeak izaten ditu Berlinen.
Banaka egin dituen proiektuez gain, sorkuntzako dokumentalak zuzentzen ditu, Gabriela ahizparekin batera. Esaterako, TAPOLOGO Hegoafrikan filmatu zuten, eta 2008an eman zuten lehen aldiz Malagako Jaialdian. Mundu osoko 60 jaialditan baino gehiagotan egon da ikusgai, museo eta arte-aretoetan ere bai, eta nazioarteko zortzi sari irabazi ditu. Sally Gutierrezek sarritan izan ditu bere lanak ikusgai estatuko eta nazioarteko museoetan eta galerietan. Bere lanean, lehentasuna ematen dio lana hertsiki artistikoa den arlotik ateratzeari. Unibertsitateek, gobernuz kanpoko erakundeek, auzokideen erkidegoek, erkidegoetako sareek eta beste batzuek bere bideoak erabiltzen eta proiektatzen dituzte tailerretan eta mintegietan. Sally Gutierrez epaimahaikide izan da arte eta dokumentalen arloko hainbat beka eta sariketatan. Arte/dokumental arloko tailerrak ematen ditu, eta gaur egun Madrilgo Unibertsitate Europarreko irakaslea da.