Formagabeko ezagutza-formak
“Las Patatas y Las Cosas. Lurpeko istorioak”. Mintegia
by
Emmánuel Lizcanori jarraiki, “ez dago patata ‘bat’”. Nola azaldu, gure irizpide intelektual, gure gustu edo gure definizioen azpitik, liluratu eta harrapatzen gaituzten forma horiek? Pataten gaineko irudiak istorioz, mitoz eta tradizioz osatutako ez-ohiko koktel bat dira, jakintzez eta zaporez, akatsez eta ilusioz, istorioz eta eromenez eratutako koktela. Las Patatas y Las Cosas. Lurpeko istorioak mintegia zati, puska, trepeta eta aieruen bilduma bat da, “eskultura natural” eta “eskultura sozial” nozioen artean kokatutako bilduma. Denek hartzen dute beren gain abiaburu bera: patata tuberkuluan ez dagoela natura antolaturik.
Oier Etxeberria da Las Patatas y Las Cosas. Lurpeko istorioak proiektuko komisarioa. Cristina-enea Fundazioak ekoitzi du patataren eta bere irudikapenen inguruan egituratuta dagoen proiektu hau. 2011n jarri zen abian, eta hainbat forma hartu ditu: erakusketa bat, Isaías Griñolok eta Asa Sonjasdotter-ek parte hartuta, hitzaldiak, errezitaldiak, argitalpen bat eta, oraingoan, mintegi bat.
Mintegian parte hartzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org
Mintegi TV-tron-en dago ikusgai. ( http://www.tea-tron.com/teatron/TVTRON.do )
Argitalpena jaisteko:
( http://www.cristinaenea.org/Gestor/nodos/nodo_dok_din/Lurpeko_Istorioak.pdf )
( http://www.cristinaenea.org/Gestor/nodos/nodo_dok_din/Las_Patatas_y_las_Cosas.pdf )
PROGRAMA
11:00 – 14:00: Emmánuel Lizcano. La guerra de las patatas (Pataten gerra)
Gauzarik arruntenek, umil eta ezdeusak ematen dutenek ere bai –hala nola patatak–, unibertso osoa, historia guztia hartzen dute barnean: kontatu diguten eta kontuan ez hartzekotzat jotzen dugun Historia Nazionala, jende askoren istorio ugariak, mila gatazken muina ezagutza zientifiko argitsuaren eta –patata bezala– lurperatutako jakintza eta egiteko herrikoien erdian, goseteak eta ondo jatearen gozoa, hitzak eta gauzak kontrolatzeko borrokak eta haien gozamena, izaki batzuek –gutxi gorabehera gizakiek– beste batzuekin –gutxi gorabehera patatekin– harremanetan jartzeko ditugun moduak.
14:00 – 15:00: Atsedenaldia / Bazkaria
15:00: Oier Etxeberria. Las Patatas y Las Cosas. Lurpeko Istorioak proiektuaren aurkezpena eta Marqués de Villa-Alcázar-en El escarabajo de la patata (1945, Patata-zomorroa) dokumentalaren proiekzioa
16:00: Isaías Griñolo. Ahí, donde van esas torres, mi padre plantaba patatas… (Hor, dorre horiek dauden lekuan, gure aitak patatak landatzen zituen…)
Las fatigas de la muerte (la lógica cultural del capitalismo químico) (Herioaren nekeak (kapitalismo kimikoaren logika kulturala) lanaren kapitulu berria, oraingoan, ongarrien industriak, guztion ondasunak –lurra, airea eta ura– bereganatzeko grinak bultzatuta, garatu dituen praktikak aztergai hartuta. Griñolok Serapio Goikoetxearen Barakaldoko baratza hartzen du aztergai, bertan landatzen baitzituen patatak eta 1941ean galdu baitzuen “interes orokorra” zela-eta. Legezko azpijoko baten bidez, baratzaren jabetza kendu zioten, eta Sefanitro enpresa kimikoa eraiki zuten orubean. Gaur egun, baratze hori hondakin toxikoz eta pozoitsuz beteta dagoen lugorri bat da. Kutsadura noiz kenduko zain, kapitalismoaren ikur berriak eraiki nahi dituzte bertan: hormigoizko eta beirazko bi dorre erraldoi. Lur-zati horren memoria historikoak modu eredugarrian erakusten du hirigunetik gertu zeuden baratzetan zer gertatu den.
17:30: Solasaldiak Javier Vázquezekin (Ekologistak Martxan)
19:00: Jon Andoni Goikoetxea. “Oda a todas las patatas más algún que otro pintxo de degustación poética” (Oda patata guztiei eta dastatze poetikoko pintxo bat edo beste). Poesia-errezitaldia
BIOGRAFIAK
Ekologistak Martxan elkarteko kideek antzeko ikuspegia dugu Euskal Herrian ditugun ingurumeneko arazoei buruz. Ekologismo sozialeko elkarte bat gara, hau da, gure ustez, ingurumeneko arazoen sorburua ekoizteko eta kontsumitzeko moldeak dira, gero eta globalizatuagoak baitira denak, eta hainbat arazo sozial sorrarazten baitituzte: Ipar-Hegoaren arteko harremanak, gure jendartean dagoen desberdintasuna, etab.
( http://www.ekologistakmartxan.org/ )
Oier Etxeberria Bereziartua. Arte Ederretan lizentziaduna da UPV/EHUtik (1991-1997). Gaur egun, Cristina Enea Fundazioan (Donostia-San Sebastián) lan egiten du, kultura-arloko arduradun gisa. Artista den aldetik, banakako erakusketa hauek jarri ditu: Pure Data, Pedro G. Romero komisarioak gidatutako Bake-ituna proiektuaren barruan (Donostia-San Sebastián, 2013); Lalana, Centro Cultural Montehermoso Kulturunea (Vitoria-Gasteiz, 2011); kontzertu ekonomikoa, Egiako kultura-etxea (Donostia-San Sebastián, 2008); Espacio abisal (Bilbo 2006); K:E, Berako kultura-etxea (Nafarroa, 2004); Galería Pancho Fierro (Lima, 2002).
Jon Goikoetxea Barakaldoko poeta da. Bertan bere aitak frankismoak kendu zion baratzea zuen. Jonek han ikasi zuen batxilergoa, eta literatura-tertulien bitartez bertan jarri zen harremanetan literatura esperimentalarekin. Jonek Barakaldoko langile-giroa eta frankismoaren aurkakoa errotuta ditu, bai eta bere aitari lapurtu zioten baratzea ere. Euskadiko Poesia Esperimentalaren Biurtekoak Tres en uno: el camión de la poesía (2008) izeneko bere liburua argitaratu zuen. Bere esanetan, “artearen langile bat naiz eta horrela janzten naiz, aurkezten naiz eta jokatzen dut. Urte mugatuenean jaio nintzen, urte mugagabeenera noa eta ez naiz belaunaldi jakin batekoa, infinitesimo bat naizen unibertsoa bezala, eta nire obra, batez ere, langile-obra da.”
Isaías Griñolo (Bonares, 1963). Ikusmen-arloko artista hau Sevilla, Huelva eta Badajoz artean bizi da, eta hiri horietan lan egiten du. PRPC plataformako kidea da (Politika Kulturalei buruz Hausnartzeko Plataforma), eta hainbat proiektutan aritzen da, oroimena, ekologia, ekonomia, poesia eta artea landuz; horra hor, adibidez, finantza- eta lurralde-fluxuen arteko harremanak aztertzen dituzten lan hauek: Asuntos Internos. La Cultura como cortina de humo; Desmemoria. 14 documentos sobre un lugar de olvido eta Escombros: imágenes, relatos y discursos de las prácticas ecologistas. 2006tik hona, Sobre capital y territorio proiektuan aritzen da elkarlanean (UNIA, arteypensamiento, Sevilla).
Emmánuel Lizcano, Matematika Zientzietan lizentziatua (Univ. Complutense), Filosofian doktore (Univ. Autónoma de Madrid) eta Ezagutzaren Soziologiako irakaslea (UNED). Liburu eta aldizkaritan hainbat artikulu idazteaz gain, Imaginario colectivo y creación matemática. La construcción social del número, el espacio y lo imposible en China y en Grecia, Gedisa (1993) eta Metáforas que nos piensan. Sobre ciencia, democracia y otras poderosas ficciones, Traficantes de Sueños (2006) lanak idatzi ditu.