LARA GARCÍA DÍAZ: ATALASEAK HEZURMAMITU

by

Lara García Díazen aurkezpena, Bulegoa z/b-n izango duen egonaldiaren barruan. Bere proposamena Encarnar los umbrales (Atalaseak hezurmamitu) hautatua izan zen 2020ko egonaldien deialdian, Javiera de la Fuenteren Envioletá proposamenarekin batera. Honako hauek eratu zuten epai-mahaia: Alejandro Alonso Díaz (komisarioa eta fluent-eko zuzendaria), Miren Arenzana (artista) eta Bulegoa z/b-ko kideak.

ATALASEAK HEZURMAMITU
Encarnar los umbrales (Atalaseak hezurmamitu) idazketa-talde baten bidez eratzen da. Haustura-mekanikaren pentsamendua eta erraztasun sistemikoa erabiliz, idazketa tresna kolektiboa izango da gure gorputzen neke-mugak detektatzeko eta “atalase iraunkorraren” ereduak marrazteko, aldaketa-erritmoak eta -abiadurak negoziatzeko eta erregulatzeko. Nola erabili idazkera “atalase iraunkorrak” eraikitzeko, horietatik berezitasun bakoitzak ahal duena sustatzeko, multzoa ez lehertzeko moduan?

Gorputza ez da ulertu behar gauza biologiko huts bat bezala, baizik eta entitate kodetu baten modura, “interfaze bat, atalase bat bezala, etengabeko indarren eremu bat, non kode ugari inskribatzen diren”; bere mugen eta hausturen onarpena aldarri moral eta politiko bihurtzen da. Rosi Braidottiren arabera, iraunkortasunean –hau da, sustatze komunarekin jarraitzeko modua ematen duten atalaseak eraikitzeko artean–, onarpen horiek giltzarri bilakatzen dira osatzen gaituzten erlazioak edo konexioak aldatzeko. Atalase horiek behar adina erantzukizuna eskatzen dute, harreman-multzoa gorputz baten kontura ez desertifikatzeko edo jasan dezakeguna gaindituko duen esperientzia biziegi baten bidez lehertzeko.

Haustura-mekanikak –pitzadura baten aurrean solido batek duen portaeraren azterketa gisa– adierazten digu, hain zuzen ere, gorputz batean hausturak antzematea beharrezkoa dela “kanpoko tentsio jakin bat jasatean pitzadurak edo etenak dituen material batean dauden tentsioak eta deformazioak banatzeko”. Zenbait parametroren bidez –non gorputz baten neke-baldintzak eta -efektuak neurtu egiten baitira balizko haustura baten ondorioak murrizteko–, haustura-mekanikak eredu erabilgarriak ematen ditu ororena indartzeko izan daitezkeen atalase iraunkor horiek asmatzeko eta bistaratzeko.

Lara García Díazen egonaldiak hiru une ageriko izango ditu: aurkezpen publikoa otsailaren 10ean, idazketa tailerra otsailaren 24an eta itxiera-saioa egonaldiaren emaitzetako batzuk aurkezteko.

Otsailaren 10eko aurrez aurreko saioan eta/edo otsailaren 24ko idazketa-tailerrean parte hartzeko, eta hautatutako irakurketa jasotzeko, idatzi bulegoa@bulegoa.org helbidera. 

EDUKIERA: 15 lagun gehienez.

Lara García Díaz teorialari soziala, Larre kultura-kolektibo feministaren sortzaileetako bat, eta kultura-ikertzailea da Anberesko Arteen Ikerketen Institutuan (Anberesko Unibertsitatea). Prekarietatearen inguruko politikak praktika kultural prokomunekin jartzen ditu harremanetan bere lanean, teoria feministen eta zaintzako teorien bidez. What’s the Use (Valiz, 2016), Commonism (Valiz, 2018), La cuestión es ir tirando (La Fábrica, 2019) eta Textus (PAAC, 2020) liburuetan parte hartu du, baita zenbait aldizkari akademiko eta kulturaletan ere, hala nola hauetan: Frame (Utrecht University, 2017), Arte y Políticas de la Identidad (Universidad de Murcia, 2018), PUBJournal (Sandberg University, 2019), Terremoto (Mexiko, 2020) eta Vesper (Veneziako Unibertsitatea, 2020). Kultura-ikertzaile gisa parte hartu du Mostra Internazionale di Architettura (Venezia, 2018), Integrated (Anberes, 2019), Oslo Biennial (Oslo, 2019) eta MACO (Mexiko Hiria, 2020) guneetan.