Formagabeko ezagutza-formak
LANDAREEN MEMORIAK. MICHAEL MARDER ETA JOSÉ RAMÓN AIS
by
Mintegi honek Michael Marder filosofoaren eta José Ramón Ais artistaren arteko elkarrizketa-sorta batean du sorburua. Bien ala bien lanbideetan, landareek funtsezko zeregina izan dute. Saioa bi zatitan banatuko da, eta bakoitzak proposamen bat aurkeztuko du landareen eta memoriaren arteko harremanari buruz.
Landareen memoria: José Ramón Ais
Paisaia-saiakera bat proposatzen dut, hiru pertsonaia historikoren biografiak eta pertsonaia horien hiru espezie botaniko eponimoen “biografiak” txirikordatzen dituen lorategi-kontakizun bat; izan ere, landare horien izen zientifikoa haien ohoretan jarri zieten. Aita santu errenazentista bat, antzinateko filosofo bat eta itzultzaile bat, Mendebaldeko jakintzaren eboluzioan eta zabalkundean funtsezko eginkizuna izan zutenak, nahiz eta eragindako indarkeriaren itzala ere ageri haien inguruan.
Emaitza ekosistema bat marrazten duen lorategi bat da; bertan, landareak, gizakiak eta ekosisteman bizi diren elementu guztiak maila berean hurbiltzen dira elkarrengana, aldez aurretik finkatutako hierarkiak alboratuta. Paisaiaren diseinua definitzeko, landareek beren habitatean duten portaera eta produktibitateak eragindako alterazioak dira eragile nagusiak, izena eman zieten pertsonaien jokabideekin eta ondorio historikoekin hizketan. Memoriak hibridatzeko jolasa da, gure habitatarekin ditugun harremanak berriz pentsatzekoa.
Landareen memoriak: Michael Marder
Landareek ba al dute memoriarik? Erantzuna baiezkoa bada, nola lotzen da hori gure giza oroitzapenekin? Eta, zer eratara irudika ditzakete landareek gure bizitzen inguruan geure buruari eta beste batzuei kontatzen dizkiegun kontakizunen grabitate zentro mnemonikoak? “Landareen memoriak” lanean beharrezko anbiguotasuna aztertzen da, landareek memoria dutela baieztatzeko, zuhaitzak, bakarkako loreak edo landaredia osotasun bezala goresteko, eta gizakion eta landareen oroitzeko moduen arteko hari ugariak elkarri lotzeko ahalegin guztiek berez eskatzen dutena.
Mintegian parte hartu eta aukeratutako bibliografia jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org
Biografiak:
José Ramón Ais Larizgoitia Arte Ederretan lizentziatua da, eta lorezaintzako diseinuko ikasketekin osatzen joan da bere prestakuntza. Lanean, paisaia eraikitzearekin eta irudikatzearekin lotura duten kontzeptuen inguruko gogoeta eta analisia egiten ditu, eta uztardura emozionalak eta kontakizunak, ideologiak, desirak eta utopiak naturaren gainean proiektatzeko dauden moduak ikertzen ditu. Bere lanean nahastu egiten ditu argazkigintza eta irudien postprodukzioko teknikak, lorezaintzako diseinua, eta landa-lana eta ikerkuntza historikoa ere bai. Lantzen dituen espezieak haztea eta behatzea funtsezko prozesua da haren obran.
Michael Marder Ikerbasqueko irakasle ikertzailea da Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) Filosofia sailean Gasteizen, eta irakasle laguntzailea Txileko Santiagoko Diego Portales Unibertsitateko Giza Zientzien Institutuan. Haren interesguneen artean, fenomenologia, ingurumenaren filosofia eta pentsamendu politikoa ageri dira. Hamar liburu idatzi ditu, besteak beste, orain gutxi argitaratutako Pyropolitics, Dust, eta, Luce Irigarayrekin osatu duen Through Vegetal Being. Gaur egun, hurbiltze filosofiko integral bat lantzen ari da energiaren auzira gerturatzeko. Honako hau da bere web-orria: http://www.michaelmarder.org