Kontzertua, soinu-argitalpena eta performancea. Esperanza Collado eta Rafael Martínez del Pozo*

by

“LEVE: Grabaciones de Campo #02” aurkezpena eta, jarraian, “We Only Guarantee the Dinosaurs” performancea. Esperanza Collado.

Grabaciones de Campo #02 proiektuak soinu-piezen bilduma bat aurkezten du, landa-grabazioaren ideiaren arabera edo denbora-tarte batean leku zehatz batean egindako erregistroaren arabera ekoitzia. Bilduma 2013ko bigarren erdialdean ekoitzi zuten Castro de Cepeda aldeko natura-ingurunean: erradio geografikorik hurbilenean eta, era berean, Leongo probintziako landa-udalerri txiki horretan dagoen grabazioko estudioan. Arlo askotako artistek egin dituzte piezak (batez ere zinema-, performance- eta musika-arlokoak): Chus Domínguez, María Valle, Claudio Caldini, Javi Álvarez, Víctor Iriarte, Rouzbeh Rashidi eta Alex Reynolds. Iragana ikuspegi antropologiko edo etnografiko batetik berreraikiko duen landa-lan bat egin ordez, piezen multzoaren bidez, parte-hartzaileek eurek sorrarazitako soinu-egoerak erregistratu dituzte, une eta tokiko bereizgarriei lotutakoak denak.

LEVE elkarte artistikoa 2010. urtean sortu zen, natura-ingurune batean, ekoizteko, biltzeko eta truke egiteko espazio bat eskaintze aldera. Leongo La Cepeda landa-ingurunean du egoitza, eta bertan egiten diren jarduerek elkarlana, ikerketa eta elkarrizketa dute oinarri.

“We Only Guarantee the Dinosaurs”. Esperanza Collado

Zinema-eskultura-dantzaren arteko lotura jaso duen lurralde batetik, filmetako irudia azaltzeko baldintzak eraldatzen dira. Zinemaren durundi distiratsuak espazioa betetzen du, eta geometria ukimenezko, magnetiko, hegakor eta gaseoso bilakatzen du. Hortik proiektatzea ez da soilik pantaila gainean film-irudi optikoak eta handiagotuak eratzea. Horrez gain, gogoetaren prozesuei (asmatzea, proposatzea, iradokitzea) eta gorputzaren ekintza fisikoei (aurrerantz jaurtitzea, jartzea, trazatzea) laguntza eskatzea da.

Esperanza Collado instalazioaren eta performancearen artean aritzen da, eta korapilatu egiten ditu film-ingurunea eta aurkezteko dituen baldintzak Horretarako, proiekzioaren ezegonkortasuna ikertzen du, eta koreografia minimoak egiten ditu zinemaren sintaxiari buruz. Bere 16 mm-ko filmak ingurune performatiboetarako sortuta daude. Paracinema: la Desmaterialización del Cine en las Prácticas Artísticas liburuaren egilea da (‘Escritos Sobre Arte’ VII. Saria, Fundación Arte y Derecho / Trama Editorial, Madril. 2012). LEVE Elkarte Artistikoaren eta Experimental Film Club-aren sortzaileetako bat da. Experimental Film Club filmak erakusteko gunea Dublinen dago, eta 2008tik hona erregulartasunez programatzen du bertan . Erakusketa eta zinema-programetako komisarioa izan da Irlanda, Ingalaterra eta Espainiako gune autonomoetan eta instituzioetan. Leku askotan izan ditu ikusgai bere lanak, eta 2011tik aurrera Maximilian Le Cain zinemagile irlandarrarekin aritzen da elkarlanean, Operation Rewrite proiektuan. Arte Ederretan lizentziaduna eta doktorea da Gaztela-Mantxako Unibertsitatetik. Gaur egun, unibertsitate horretako irakaslea da, eta, gainera, tailerrak ematen ditu Praktika Eszenikoa eta Kultura Bisuala Masterrean, Artean eta UCLMen.

AA Tigreren kontzertua. Rafael Martínez del Pozo

Rafael Martínez del Pozok beste erritmo batera egiten ditu kantak, dena biltzen duen presari entzungor, modako aldizkarietako orriei ez ikusiarena eginez. Zuzeneko kontzertuan parada ederra izango dugu inguratuko gaituen isiltasunaz gozatzeko. Izan ere, bestelako etenaldi bat da berak eskaintzen duena, Leongo herri bateko mendialdean arnasten dena, bera bizi den etxe ingurukoa, hantxe grabatu baitu Las Acciones Duran azken diskoa. Jotzen duenean, ibitzen uzten die sokei, eta ia eztulka esaten ditu hitzak. Grabaciones de Campo soinu-estudiotik, Rafa Martínez del Pozok hainbat talde ekoitzi ditu: Kiev Cuando Nieva, Sra. Sr. Sra., Bakelite, Roldán, Dos Gajos edo Lorena Álvarez, besteak beste. Folk dekonstruktiboko Rudy Van Gelder berria omen da, bere azken lanetako soinu pertsonala eta zuzena entzunda.

 

*Jarduera hau elkarlanean egingo dugu Tabakalerak (Donostia-San Sebastián) Esperanza Collado artistaren lanaren inguruan antolatu duen “Paracinema” programarekin. “Paracinema” ekainaren 23an, 24an eta 25ean egingo da Tabakaleran, eta ekainaren 27an eta 28an Bulegoa z/b ekimenean. Osorik hartuta, Esperanza Colladok Paracinema: La Desmaterialización del Cine en las Prácticas Artísticas argitalpenean garatu duen kontzeptuari egindako hurbilpen bat da. Programa ekainaren 23an hasiko da Tabakaleran. Kontzeptu horri buruzko ideien erakusketa bat egiteaz gain, hurbilpen bat egingo zaio Esperanza Colladoren jarduera artistikoari, bere ikerketa-ildoaren ingurunean. Programa osatzeko, elkarrizketa moduko hitzaldi bat eta performance bat izango dira. Ekainaren 24an, asteartearekin, Los tiempos del montaje III hitzaldia izango da, Isabel de Naverán eta Leire Vergararen eskutik. Hitzaldia ingurune horretan txertatutako proposamen bat da, zinema bere sorburura eramaten duen lan artistiko bat baita, hau da, pentsamenduaren kateatze eta elkartzeko mekanismoetara. Horrela, adierazteko aukera ematen zaio zinemari, bere indarrik garbienak erabiliz, filmikoak ez diren lanetan. Operation Rewrite da Collado, Maximilian Le Cain zinemagile irlandarrekin, 2011tik aurrera lantzen ari den elkarlana. Ekainaren 25ean, asteazkenarekin, A Piece of Broken Mirror Suspended on a String performance berria aurkeztuko du, Marcel Duchamp eta Maya Derenueren Witches Cradle filma abiaburutzat hartzen duen lana.