Irakurketa taldeak, OHO
Irakurketa perspektibisten taldea. Olatz González Abrisketa
by
Antropologia klasikoaren helburua honela zehatz daiteke: “portaera indigena onen eta txarren esanahia ulertzea”. Horrela adierazi zuen Bronislaw Malinowskik, etnografiaren hasierako obratzat hartzen den Los argonautas del Pacífico Occidental (Argonauts of the Western Pacific) lanaren sarreran. Bere munduko natiboak nola bizi ziren eta zer pentsatzen zuten jakitea zen antropologia horrek zuen proiektua, antropologia horren jakintzaren xedea “besteak” baitziren gehienbat. Saio honetan, Eduardo Viveiros de Castrok 1992. urtean sortu zuen perspektibismo hitza landuko dugu; eta, zehazki, “besteak”, xedetzat hartu beharrean, jakintza-metodotzat hartzen duen antropologia landu nahi dugu. Ontologia indigenetara hurbilduz gero, berritutako jakintza lortuko genuke, eta jakintza horren azken xedea ez litzateke izango “ulertzea”, baizik eta “pentsamendua deskolonizatzea”. Erlatibismoaren neurgaiztasunetik urrun, antropologia berri horrek konparaziozko metodoa berreskuratzen du, eta berriz heltzen dio gizatasunaren inguruan teoria indartsu bat sorrarazteko asmoari; bestalde, beharbada kontzeptu hori ez genuke homo sapiensaren ingurura mugatu behar. Saioan sarrera bat egin nahi dugu, proposamen berri horrekin bat egiten duten kontzeptuak, egileak eta herriak azaltzeko; eta, horretarako, testu hau aztertuko dugu taldeka: “Perspectivismo y multinaturalismo en la América indígena” (Viveiros de Castro, 2004).
10:00etatik 14:00etara izango den irakurketa-saioan parte hartzeko eta hautatutako bibliografia jasotzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org
Olatz González Abrisketa (Bilbo, 1973). Gizarte Antropologiako irakaslea da UPV/EHUn. 2005. urtean Pelota vasca: un ritual, una estética eman zuen argitara, eta une honetan Pelota II dokumentala zuzentzen ari da Jørgen Lethekin batera. Horrez gain, Animal izeneko proiektu dokumentala lantzen ari da, kontzientziari buruzko epe luzeko ikerketa baten barruan. Proiektu horren zati bat aurkeztu zuen AlhondigaBilbaoko inaugurazioko erakusketan 2010. urtean. Ikertzen dituen gai nagusiak dira, alde batetik, erritualak eta sinesmenak, eta, bestetik, ikusmen-antropologia; hain zuzen, arlo hori garatzen ari da HAUtaldean.