Irakurketa taldeak, OHO
Irakurketa kosmopolitikoak. Olatz González Abrisketa eta Susana Carro Ripalda
by
Argazkia: Exhibition “Anywhen” Philippe Parreno. Tate Modern, Londres. 2016. Olatz González Abrisketa
Bulegoa z/b ekimenak irakurketa-saio batzuk abiaraziko ditu, Olatz González Abrisketak eta Susana Carro Ripaldak koordinatuta, “kosmopolitika” terminoaren inguruan.
Isabelle Stengersek 1996an proposatu zuen “kosmopolitika” terminoa, “mundu komunaren” edo “ondasun komunaren” edo “asmo onen” eta, beraz, ustezko mundu bakar hori ordezkatzeko ahots batzuek duten ahalmenaren existentzia ukatzen duen politika egiteko forma bat iradokitzeko. Stengersek defendatzen du mundu dibergenteak eta ahots asko daudela, eta ahots horiei dei egiten die eztabaidetan bat egin dezaten, orokortze transzendenterik edo aurrez zehaztutako esparrurik aipatu gabe, eta, horren ordez, auzi zehatzei garrantzia emanda, haietan akordiorik ezinbestez lortu beharrik gabe, eta pentsamendu-forma berriak azaleratzeko, inorenak ez direnak eta inork “arrazoi” izan gabe. Mihiztatze heteroeratuen kosmos hori esparru gisa erabili da zenbait proposamen egiteko, hain zuzen, gizakiaz harantz doazen eta geure eraketan duten parte-hartzeaz gogoeta egitera behartzen gaituzten beste izaki eta mundu batzuetara agentzia politikoa zabaltzen duten proposamenak.
Irakurketa kosmopolitiko hauetarako proposatu ditugun saioak kontzeptu-esparru horrek antropologian egiten duen ekarpenera hurbilduko dira, beste diziplina batzuekin erlazioak sortzeko asmoz, esaterako, arte, soziologia, filosofia, biologia edo politikarekin.
Saioak 2 edo 3 ordukoak izango dira. Koordinatzaileek sarrera egin ondoren, eztabaidari ekingo zaio, saio bakoitzerako proposatutako irakurketa eta esparru-galdera batzuk oinarritzat hartuta: Zenbateraino da bideragarria proposamen kosmopolitikoa? Nola onartu eta sartu erabakiak hartzean kolektibo “ikusezinak” edo bestelako izakiak? Politika egiteko beste forma batzuk egon al dira?
SAIOAK ETA TESTUAK*
2017ko martxoaren 16a. Isabelle Stengers (2014). “La propuesta cosmopolítica”. Pleyade aldizkaria, 14, 17-41 or.
2017ko apirilaren 6a. Donna Haraway (2016). Manifiesto de las especies de compañía. Sans Soleil editoriala. (I., II., eta III. kapituluak, 9-72 or.).
2017ko maiatzaren 4a. Marisol de la Cadena (2010). “Indigenous Cosmopolitics in the Andes”. Cultural Anthropology, 25. lib., Issue 2, 334-370 or.
2017ko ekainaren 1a. Mario Blaser (2016). “Is another cosmopolitics possible?” Cultural Anthropology, 31. lib., Issue 4, 545-570 or.
*Ohar garrantzitsua: Testuak banaka irakurri beharko dira saio bakoitza egin AURRETIK, saioetan taldeka eztabaidatu ahal izateko.
Parte hartzeko eta proposatutako testuak jasotzeko, idatzi hona:bulegoa@bulegoa.org
Susana Carro Ripalda (Bilbo, 1965) antropologoa da, eta irakaslea izan da Edinburgo, Glasgow eta Durham-go unibertsitateetan. Gaur egun, Bizkaia:talent programako ikertzailea da Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroan. Haren lanaren ardatza zientzia eta teknologia, bioetika, harreman interespezifikoak, pertsoneitatea eta erlazionalitatea dira, betiere nazioarteko ingurune konparatiboetan kokatuta (Mexiko, Brasil, India, Erresuma Batua eta Euskal Herria).
Olatz González Abrisketa (Bilbo, 1973) antropologoa eta UPV/EHUko irakaslea da. “Identitatea eta aldaketa soziala” taldeko ikertzailea da, eta gehienbat kirola eta generoa ditu aztergai. Txandaka lantzen ditu ekoizpen idatzia eta ikus-entzunezkoak, eta haren “Pelota Vasca: un ritual, una estética” liburua (2005) eta Jørgen Leth-ekin batera zuzendu zuen “Pelota II” filma (2015) nabarmentzen dira gehienbat. 2013an Bulegoa z/b ekimenarekin aritu zen lankidetzan, “Irakurketa perspektibistak” izeneko mintegian.
Biak elkarrekin zenbait irakurketa-talde antolatu dituzte antropologiako gaur egungo korronteak lantzeko, eta “La apertura ontológica de la antropología contemporánea” (2016) artikulua argitaratu dute.