“Hamargarren ikasgaia: Solidoak”. Sergio Prego

by

Irudizko saio estetiko bat, praktika artistikoa materialtasuna aztertzeko laborategi gisa hartuta, eta materialtasuna gizarte garaikidearen oinarri diren mitologietako askori eusten dien eraikuntza sinboliko modura ulertuta. Saioan, materialtasunaren kontzeptuarekin uztartuta dauden irudien saiaketa bat proiektatuko da. Arte garaikidean dauden osagai plastikoetatik ibiliko da, eta harremanak eta genealogiak eratuko dira garai eta esparru desberdinekin. Saioan aditzera emango dira zenbait esparrutan –hala nola, ekonomian eta teknologian– dauden hizkuntza-konbentzioek duten ustezko objektibotasunari eusten dioten materialtasunaren irudikapenek beste esparru batzuetako irudikapenekin dituzten harreman estetikoak, hain zuzen, lehenengo horiei estuki lotuta dauden baina bazterrekoak diren beste esparru batzuekin –adibidez, sexualitatea adierazteko formekin eta eskatologiarekin– dituzten harreman estetikoak. Bigarren esparru horretako hainbat adierazpen azalduko ditugu, beren konplexutasuna gorabehera, materialtasunari buruz finkatuen dagoen ideiaren hautabideak eskaintzen dituzten adierazpenak. Materialtasunaren ideia nagusitik abiatuta, saioa era arbitrarioan adarkatuko da, egitura ireki baten gisa, adierazpen plastikoz eratutako egitura batean.

Sergio Prego (Donostia 1969). Bilbon bizi da eta bertan lan egiten du. Artista plastikoa da, eta hainbat baliabidetan aritzen da eskultura lantzeko. Banakako erakusketak egin ditu hainbat tokitan: Galeria Alfonso Artiaco, Napoli; Lehmann Maupin Gallery, New York; Pallazo Delle Papesse, Siena; Buchmann Galerie, Berlin. Singapur eta Osakako Dojima River-eko bienaletan hartu du parte. Lehen Proforma 2010 sortu zuen, Txomin Badiola eta Jon Mikel Euba artistekin batera.