Hamaikagarren ikasgaia: Akoplatzeak, distirak eta beste gainezkatze batzuk. June Crespo

by

Eskulturarekiko interesa abiapuntu hartuta, izaera performatibo nabarmena duten ikus-entzunezko lan batzuetara hurbiltzeko proposamena egin nahi dut. Jon Mikel Euba, Sandra Cuesta, Iñaki Garmendia, Inazio Escudero eta Elena Aitzkoa bezalako artisten lan batzuk dira, besteak beste, tesia prestatzeko egiten ari naizen lanaren ainguratze-puntuak. Neure praktika erreferentzia gisa hartuta, ikerketa honetan, eskulturaren ekoizpen eta pertzepzio prozesuei arreta ipintzen diet, haiei lotutako esperientzien nolakotasunak bereiztu eta egituratzeko. Subjektua, objektua eta espazioaren artean sortzen diren harreman desberdinak aztertzea interesatzen zait, eta hauek irudi nola bilakatzen diren ikustea. Objektu baten ikuspuntu anitzak barneratzen dituen ikuspegi sintetiko eta global batetik hasita, forma bereizi baino, ehundura aztertzen duen objektuen azalean pausatu ohi den begirada haptikoraino. Objektuak inguratu, albotik gerturatu, lekuz aldatu edo objektuen “bizi- espazioan” ibilbide zehatz bat proposatzen duen gorputzetik hasita, objetuen artean, haien maila berean, dagoen gorputz bateraino. Objektuak berak proposatzeko aukera ematen duen subjeturaino, hain zuzen.

OHOko saio honetan, nire ikerlanetan erabiltzen ari naizen materiala partekatu nahi dut zuekin. Ildo horretan, testu, bideo eta irudien sail bat erabiliko dut, eta, hori osatzeko, irakurketak eta hausnartzeko ariketak landuko ditugu denon artean.

Saioa 10:00etatik 14:00etara izango da. Taldea itxita dago.

June Crespo (Iruñea, 1982). Bilbon bizi eta lan egiten dut. Leioako EHUn Arte Ederrak ikasi nuen. Gaur egun, arlo artistikoan jarduteaz gain, ikerlan bat egiten ari naiz EHUren “Sorkuntza ikerkuntza gisa/Ikerkuntza sorkuntza gisa” doktoregoko programaren barruan. Banaka egin ditudan azken proiektuetatik, honako hauek nabarmenduko ditut: Escanografías (1. eta 2. lib.) argitalpenak, CO-OP, Donostia-San Sebastián, 2009-2011; eta Amatista (rekalde aretoa, Bilbo, 2013), Reverso (Have a Window programa, Turin, 2013), eta El Rayo verde (Montehermoso Kulturunea, Vitoria-Gasteiz, 2011) erakusketak.

Horrez gain, talde-erakusketa hauetan hartu dut parte, besteak beste: Hitting it off (P!, New York, 2014); Líneas de acción (Casa Maauad, México D.F., 2013); 1813. Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzea (San Telmo Museoa, Donostia-San Sebastián, 2013); Quarter System (Escuela de Arquitectura de la Unav, Iruñea, 2013); Mitya, Elena Aitzkoarekin batera (El Polvorín de la Ciudadela, Iruñea, 2012); Pop Politics: Activismos a 33 revoluciones (CA2M, Móstoles, 2012); Esta puerta pide clavo (Tatjana Pieters Gallery, Gante, 2012); Plano, peso, punto y medida (Universidad Torcuato di Tella, Buenos Aires, 2011); Antes que todo (CA2M, Móstoles, 2010); Inguru hurbilak (Artium, Vitoria-Gasteiz, 2008); Galería Carreras-Múgica (Bilbo, 2008).