Formagabeko ezagutza-formak
Glosarioa: ITZULPENA. Paula Caspãok egina
by
“Bestela esanda…”
ITZULPENA ikertuko dugu, hitza zentzu zabalean hartuta. Hala, beraz, itzulpena ez da izango hizkuntza- eta kultura-arloko transposizio huts bat, zerbait zabalagoa baizik: itzulpena eraldatzeko mugimendu batzuk dira, zeharkakoak diren eta beste arlo batzuetara eraman ahal diren mugimenduak; mugimendu zailak direnez (eta, maiz, erraz jariatzen ez direnez), sorrarazten dituzten harremanetan maniobrak egin behar dira, eta negoziazioak eta aldaketak ere bai. ITZULPENA alde asko dituen jarduera bat da, eta, ondorioz, eragiketa zail ugari ekartzen ditu. Sarritan, eragiketa horiek zabalik uzten digute atea, “lagun faltsuen” multzo amaigabe bat aurkitzeko, eta lagun faltsu horiek, bestetik, hainbat aldagai ematen dituzte amaieran, co-o-o-o…
Hartu arnasa. Laburbildu. Hau da zure txanda: hitzaldia hara hona mugituko da, analisi zehatzeko uhinen eta gogoeta eta mugimendu basatiko uhinen artean, batez ere auzi hauei ekiterakoan: NON, NOIZ eta NOLA sor daiteke itzulpena. Eta sekula ere ez garenez hutsune batetik abiatzen, nik uste dut zarata handia egongo dela lasterketa osoan barrena.
Paula Caspão
Idazlea, ikerlaria eta dramaturgoa da, eta Parisen bizi da. Koreografia eta beste arlo batzuen arteko bidegurutzean aritzen da lanean, teoria eta praktikaren arteko gurutzagunean. Fikzioaren barruan dauden jakintza-motak ikertzen ditu, eta jakintzak dituen fikziozko alderdi ugariak ere bai. Pertzepzioaren, mugimenduaren eta diskurtsoaren politikek/ekonomiek pizten dute haren interesa. Lan literario eta bideografikoari dagokionez, materialak biltzen ditu hainbat arlo heterogeneo baliatuz (eta arlo ez direnak ere bai): kalean entzundako solasaldiak, eguraldiaren iragarpenak, road movies izenekoak, gastronomia, politika, geografia, irrati-sail zaharrak, eta animalien, objektuen, landareen eta mamuen (hi)storioak. Gaur egun, Rhododendrons in the Redwoods – Postcards from California izeneko pieza lantzen ari da, objektu bideografikoen sail baten lehenbiziko atala dena. Koreografo hauekin aritu da lankidetzan: João Fiadeiro (P), Petra Sabisch (D), Alix Eynaudi (F/B), Anne Juren (F/A), Agata Maszkiewicz (PL/A), Valentina Desideri (I/F). Nazioarteko hainbat antologia eta aldizkaritan argitaratu ditu idazkiak (Austria, Belgika, Frantzia, Portugal, Espainia, Suedia eta Estatu Batuetan). Filosofia/epistemologian lizentziaduna da (Parisko Unibertsitatetik – 10), arte eta zientziaren filosofia, performancearen teoriak, arte koreografikoak eta mintzairaren filosofia izeneko espezialitateetan. Chorégraphies contemporaines: Images et usages du sensible liburua idatzi du (argitaratzeko dago oraindik).