Formagabeko ezagutza-formak
Glosarioa: ITZULPENA. Carla Zaccagnini*
by
Nofuinidieike (harria jaten duena)
Itzultzea nahastea ere bada, bi adierako hitzak egitea eta eraikitzea. Norberari buruz hitz egitea, aurrez finkatutako era urrun batean hitzak antolatuz. Testu(inguru) zehatz batean edukia proiektatzeko baliatu daitezkeen espazioak (ertzak edo arrakalak) aurkitzea, zentzua apur bat desbideratuz, esan genezakeenaz jabetzeko eta gure hitz egiteko moldera egokitzeko. Halako leuntasun bat behar da, jatorrizko testua irakurtzen jarraitu ahal izateko, eta akatsez kexatzeko tranpaz ohartu gabe. Esaldi baten ahoskeran edo intonazio zehatzean huts egin, eta klasiko oso baten interpretazioa desbideratzen duen aktore txar baten gisa, edo iaioegia den aktore baten gisa.
Itzulpena hitz jakinekin (eta maileguekin) idazteko estrategia gisa hartzen duen ideia horrek Glosarioko hitzaren adiera honen eraikuntza egituratzen du. Urrun dauden eta, berez, itzultzeko saioak diren bi diskurtso hurbiltzean idatziko da testua. Kasu batean zein bestean, itzultzea esanahiak tokiz aldatzeko mugimendu bat da, ez hizkuntza batetik beste batera aldatzeko, baizik eta materia batetik beste batera, eskulturatik aditzera aldatzeko mugimendua. Alde batetik, Oteizaren Homenaje a Velázquez eskulturarantz hitz eta ukimenezko zubi bat eratzeko ahalegina; bestetik, Oteizaren ahalegina, eskultura megalitiko aurrehispaniarren irakurketa estetikoa marraztekoa.
Carla Zaccagnini (Buenos Aires, 1973) artista, idazlea eta kuradorea da, eta Sao Paulon bizi da. Bere testu eta lan guztietan agertzen dira lekualdatze, desbideratze, hurbiltze eta berrantolatzeen bidez zentzua sortzeko estrategiak. Orain dela gutxiko erakusketen artean, Sao Pauloko 28. Bienalean parte hartu du (2008), eta banakako erakusketa hauek jarri ditu: Bifurcações e encruzilhadas (Vermelho, Sao Paulo, 2008), no.it is opposition. (AGYU, Toronto, 2008), Imposible pero necesario (Joan Prats, Bartzelona, 2010) eta Plano de falla (Ignacio Liprandi, Buenos Aires, 2011).
* Aurkezpen hau Glosarioari lotuta dago, baita ere, ” Bat, bi, hiru, lau horma”, Bulegoa z/b-ren partaidetza “Egonaldiak. ARTIUM Bildumaren inguruko lehengoratze jarduerak” proiektuari. Mar Villaespesa eta BNV producciones dira proiektu horretako komisarioak.