Formagabeko ezagutza-formak
“Gizarte eta kultura aurrekolonialak, kolonialak eta postkolonialak Ekuatore Ginean”. Juan Aranzadi
by
(BUNGE bilduma aurkezteko hitzaldia –Ekuatore Gineako Unibertsitateko Liburutegia–; Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren editoriala eta dagokion kultura arteko lankidetza eta ikerketa antropologikoko proiektua)
Hitzaldi honen haria BUNGE bildumako lehenbiziko hiru liburukien aurkezpena da (El pamue imaginado, Raúl Sánchez Molina; La democracia en Guinea Ecuatorial, Amancio Nse; eta Segundas Jornadas de Antropología de Guinea Ecuatorial jardunaldietako testuak), eta haren abiaburua –oso eskuzabala ez den eta ziurrena faltsua den hipotesia– hitzaldiko entzuleek Ekuatore Gineari buruz izan dezaketen ezjakintasun ia erabatekoa da. Horiek horrela, hitzaldian ahalegina egingo dugu oinarrizko informazioa emateko Ekuatore Gineako herrien etnologiari eta historiari buruz, eta Espainiako kolonizatzaileek horretaz izan duten mendetako ezjakintasunari eta erdeinuari buruz –intelektualek eta akademikoek ere bai–. Bukatzeko, hausnarketa egingo dugu “ikasketa postkolonialak” deitutakoen egokitasunari edo desegokitasunari buruz, Gineako oraingo gizarte- eta kultura-arloko egoera ezagutzeko, oraintsuko bi gertakari aztertuta: batetik, Gineako idazle ospetsu batek, Espainiako bi antropologoren laguntza eskerga izanda, “Facebook-en” egin duen gose-greba; eta, bestetik, Ekuatore Ginean, Gabon-Frantzian eta Internet-en “eboga erlijioen” bilakaeran dagoen alde nabaria (Bwiti eta Mbiri errituak).
Juan Aranzadi
Juan Aranzadi Santurtzin (Bizkaia) jaio zen 1949an. Filosofian lizentziatu zen EHUn, “La Mímesis en Platón” izeneko tesia eginda; eta Gizarte Antropologiako doktoregoa lortu zuen, “Semio-lógica, Música y Piedad en la Antropo-sofía de Lévi-Strauss” tesiarekin (bi tesiak argitaratu gabe daude). 1983 eta 1989. urteen artean, Erlijioen Historia eta Forma Sinbolikoen Filosofia irakatsi zituen Zorroagako Filosofia Fakultatean (EHU); eta, 1989. urtetik, Gizarte Antropologiako irakasle tituluduna da Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean. Bestalde, oraingo Antropologiako Graduaren barruan, Ahaidetasunaren Antropologia, Erlijioaren Antropologia eta Ekuatore Gineako Herrien Antropologia gaien arduraduna da. Hauek dira bere argitalpenik garrantzitsuenak: Milenarismo Vasco. Edad de Oro, Etnia y Nativismo, Ed. Taurus, Madril, 1981 (zabaldutako edizio berria atera zen 2001ean); El Escudo de Arquíloco. Sobre mesías, mártires y terroristas, 2 lib., Antonio Machado Libros, Madril, 2001; Good-bye ETA, Hiria liburuak, Donostia, 2005; Introducción histórica a la Antropología del Parentesco, Ed. Universitaria Ramón Areces, Madril, 2008.
Ekuatore Ginean egin zuen landa-lan nagusia Bwiti Fang erritua aztertzea izan zen, eta 1992. eta 1993. urteen artean egin zuen. Hala ere, orain dela gutxi arte ez du Gineako gaiei buruzko ezer argitara eman. Zehazki artikulu hauek atera ditu oraintsu: “Supervivencias actuales del parentesco tradicional Fang”, hemen: Primeras Jornadas de Antropología de Guinea Ecuatorial, UNED Ed., Madril, 2009; “Bubis o Bochoboche”, hemen: Palabras. Revista de las ideas y de la Cultura / Fundación España Guinea Ecuatorial, 01 zk., 2009ko azaroa; “Arte, parentesco y antepasados en el rito byeri de los Fang”, hemen : Catálogo de la Exposición Africa. Objetos y Sujetos erakusketaren katalagoa, Cajastur, 2010; “Transformaciones del matrimonio bubi”, hemen: Segundas Jornadas de Antropología de Guinea Ecuatorial, BUNGE-UNED Ed., Madril, 2011. Bestalde, Ekuatore Gineari buruzko hiru liburu prestatzen ari da, eta datozen urteotan argitaratzeko asmoa du; hauek: Parentesco, etnicidad y “género” en Guinea Ecuatorial, Poblaciones nativas y grupos étnicos en Guinea Ecuatorial y El antropólogo bandji. Una iniciación al Bwiti entre los Fang de Guinea Ecuatorial.