Ikasgaiak, OHO
“Eskola, 10:00etatik 14:00etara”*. Inazio Escudero
by
Irakaskuntzaz denetik entzuten den arren, nik gozatu egiten dut. Astelehenetik ostiralera bitartean ikasgelan sartu, eta 23 lagunen aurrean egonda, asko ikasten dut, bai neure buruaz, bai gainontzekoez, baina batez ere, JASO egiten dut. Hor irakaslea naiz, ekarpenak egin ditzaket, diru saria jasotzen dut, baina, bestela ere saritua naiz. Saritua diot, bai; zuek erabaki zer den hori.
Nire ustez, ondo nabarmendu behar da artistaren eta irakaslearen bideak sarritan nahastu eta elkar elikatzen dutela. Gauza bera egiten dut eskolan zein performanceetan. Eskolan, beste batzuen lana erakusten dut; performanceetan berriz, neurea. Hori da dagoen desberdintasun bakarra. Jakina, esparru desberdinak dira. Beharbada eskolan performatiboagoa naiz, eta nire lanean pedagogikoagoa. Baina bietan ahalegintzen naiz niretzat eta besteentzat baliagarriak izan daitezkeen egoerak sortzen.
Denok dugu irakasle eta ikasleen izaeraren irudi propioa. Hala ere, eguneroko elkarbizitzak agerian uzten du atzean dagoen pertsona. Azken batean, eskolan sendotu egiten dira harremanak, askotan etxea da eta.
Horregatik, irailaren 25ari begira, gauza bera egin daiteke, hau da, aurretiaz artistaren, ikusle mota jakin baten edota aretoaren –Bulegoa z/b– irudi bat egin. Dagoeneko, egin duzu zurea? Kontzertua edo performancea egiteko aukera aztertzen aritu ginen. Azkenean, beste gauza bat prestatu dugu. Eskola-formatua izango du, ni irakaslea izango naiz, eta espero dut datozen ikusleak ikasle gisa aritzea. Eskolaren edukia anitza izango da. Goizeko 10:00etan hasi, eta eguerdiko 14:00etan amaituko da.
*Behin eskola hasita, ezin izango da inor sartu. Ez da salbuespenik egingo.
Inazio Escudero
Inazio Escudero artista da. Une hauetan bere lehenengo diskoa lantzen ari da, eta azken 12 urteotan aldi berean jardun du artean eta irakaskuntzan. 1990eko hamarkadan, bideoa hartu zuen ardatz gisa, eta zenbait rock taldetan jo zuen, “Marmitako ice-cream” esaterako, arrastoari jarraitzeko zail samarrak diren horrelakoetan. Azken hamarkadan, performancea landu du gehienbat. Banakako erakusketen artean honako hauek dira aipagarrienak: “Date” (BilbaoArte, Bilbo, 2005), “Le Gilles NI Le Gilles”, (ADN Galería, Bartzelona, 2004), “NI” (Galerie du Triangle, Bordele, 2002) eta “Muñonmental valley” (Espacio Abisal, Bilbo, 1999). Honetaz gain, bere bideo eta performanceak erakunde ofizialen guneetan, areto pribatu eta autokudeatutakoetan aurkeztu ditu.