ELKARRI LOTUTA. MENDE KOLONIALETAKO EGUNGO AZTARNAK

by

  • Bi manilla, txanponen aurretik Afrikan erabiliak merkataritza-trukeetan. Iturritxikiko indusketa.

  • Anaís Córdova Páez: Sua – on performance (2024)

  • Juana Esparza Saludes: PITCH (2024)

Astelehena, 2024/11/18. 16:30etatik 19:30etara 

Elkarri lotuta. Mende kolonialetako egungo aztarnaken bigarren topaketa. Ana María Benito Domínguez, Anaís Córdova Páez, Juana Esparza Saludes eta Hinrich Sachs-en laguntzaz.

PROGRAMA
16:30-16:45: Aurkezpena Hinrich Sachs eta Bulegoa z/b-n eskutik.
16:45-17:45: Ana María Benito Domínguez: Nabigazio komertzial esklabista Euskal Herrian. Iturritxikiko ontzia
17:45-18:45: Anaís Córdova Páez: Sua – on performance
18:45-19:30. Juana Esparza: PITCH

Eskuz idatziak, ahoz josiak izeneko lantaldearen parte da Elkarri lotuta, idaztea, imajinatzea eta opera bat egitea helburu duen lantaldearen parte. 

Eskuz idatziak, ahoz josiak Space is the Place/The Place is Space-ren 2024-2025 edizioa da. 2018an hasitako programa horrek Sun Raren 1974ko film afrofuturista parafraseatzen du izenburuan. In situ pentsatu nahi du, espazioan eta lekuarekin. 

ELKARRI LOTUTA. MENDE KOLONIALETAKO EGUNGO AZTARNAK
Elkarri lotuta programaren bigarren topaketa honek aztertzen jarraituko du gaur egun proiektu kolonialak dituen arrastoak eta iraupena. Diziplinaz gaindiko saio gisa planteatu da, hainbat diziplina hartuko baititu barnean, hala nola historia, urpeko arkeologia, praktika artistikoa eta dantza-musika, baita hainbat formatu ere, esaterako, hitzaldia, elkarrizketa, performancea eta ikus-entzunezko proiekzioa. Topaketan, proposatutako gaira hainbat ikuspegitatik hurbiltzen diren lanak aurkeztuko dituzte gonbidatuek, hainbat espazio barne hartuta: artxibo filmikoa, itsas hondoa, euskal itsasaldean hondoratutako XVI. mendeko itsasontzi bat, Ekuador iparraldeko hondartza bat, dantza-pista bat.

ANA MARÍA BENITO DOMÍNGUEZ: NABIGAZIO KOMERTZIAL ESKLABISTA EUSKAL HERRIAN. ITURRITXIKIKO ONTZIA
Euskal Herriko nabigazio komertzial esklabistaren lekukotasunik zaharrena Getarian hondoratutako Flandesko krosko baten hondakinak dira. 1520 inguruan abiatu zen, ziurrenik Anberesetik, portugaldarrek Erdialdeko Europako salgaiekin pleitatutako ontzi bat: lingoteak eta kobrezko galdarak, mertzeria-gaiak eta, batez ere, manillak (txanponen aurretik Afrikan erabiliak) zeramatzan. Lisboatik Gineako golkorantz nabigatzen zuen esklaboak erosteko. Baldintza kaskarretan garraiatzen zituen pertsonak Europarantz eta Amerikarantz samaldaka, espainiarrek esku hartuta, merkataritza triangeluar esklabista itxiz (Europa-Afrika-Amerika).

ANAÍS CÓRDOVA PÁEZ: SUA – ON PERFORMANCE
Sua lanak gorrotoa aldarrikatzen du legezko ekintza gisa, gehiengo globala garenok errurik gabe esperimentatu ahal/behar duguna. Sua da euskarazko sua, eta Ekuadorreko ipar itsasaldeko hondartza arriskutsu bat. Sua zinema hedatuko proiektu bat da. Testuaren eta mugimenduan dagoen irudiaren arteko elkartze honek harremanean jartzen ditu begiradaren performatibitatea, artxibo zinematografikoa eta formatu horrek kontakizun ez-linealak sortzeko dituen gaitasuna eta ahalmenak.

JUANA ESPARZA SALUDES: PITCH
Une honetan, elkarrekin gaudela eta gure gorputzak erritmo berean mugitzen ari direla… eta bertan geldituko bagina? Agian, ahalmena izango dugu denbora eteteko, zabaldu, bizkortu eta gure alde joka dezan lortzeko. Eta une horri gorputz bat emango bagenio bertan betiko bizitzeko aukera izateko? Eta aukera izango bagenu orain eta hemendik aurrera gainerako guztia eraikitzeko?

BIOGRAFIAK

Ana María Benito Domínguez. Historian eta Antropologian lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea eta UPV/EHU). Oiassoko erromatar arkeologian hasi zen lanean Aranzadi Zientzia Elkartean. Iturritxikiko (Getaria) krosko esklabistaren urpeko indusketa zuzendu zuen. Euskal portuei buruzko azterketa historikoak koordinatu zituen, eta Getariakoa eta Hondarribikoa egin zituen. Duela gutxi, itsas dibulgazioko erakusketak antolatu ditu (urpeko ondareari, hondoratzeei, urpekaritzari, itsasargiei buruzkoak), besteak beste, hauek: Itsas Museoa (Donostia), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Atlantikaldia (Errenteria), Butroeko Plasentia Museoa (Plentzia), Castro Urdiales. Naufragios en la Costa Vasca: 1916-1976, Getariako Naufragioak eta Iturritxiki liburuak argitaratu ditu.

Anaís Córdova Páezek (Quito, 1989) gogoeta egiten du Interneten garaian politika, ekologia, generoa eta mugimenduan dauden irudiak elkarrekin aritzeko duten moduari buruz. Bere lanean zaintza jartzen du erdian, eta aurre egiten die artea ekoizteko eta erakusteko prozesuei. Zinemarekin esperimentatzen du, EQUIS Zinema Feministaren Jaialdian (Ekuador) eta Zinegoak-en (Bilbo) programatzen du, eta UNSEENeko (Kroazia) kuradorea da. Flaherty Seminar Fellow 2022 izan zen, eta Harvard University-ko Atmospheres of Violence nazioarteko gonbidatua ere bai 2023an. Sortzaile, kuradore eta ekoizle gisa dituen proiektuek generoa, ekologia, autonomia eta plazera dituzte hizpide, ikuspegi dekolonial batetik abiatuta. 

Juana Esparza Saludes (Bilbo, 1998). Artean graduatua da UPV/EHUn (2021). Arte eta Kultura Garaikideko Praktika eta Teoriako Masterra (2023) eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboko Masterra (2024) egin ditu. Gaur egun, doktoretza egiten ari da Arte Garaikideko Ikerketan. Bere praktika artistikoak dantza-pista du ardatz, eta hainbat rol jorratzen ditu bertan: DJ, dantzatzen duen gorputza eta behatzen duen gorputza. VUTRON kolektiboko kide ere bada.

Hinrich Sachs (1962) artista bisuala eta idazlea da. Basilean (Suitza) bizi da eta modu ibiltarian eta interkulturalean lan egiten du. Gaur egungo gizarteko irudiaren eta hizkuntzaren erregimenak ikertzen ditu, diziplinaz gaindiko hurbilketa bat eginez, eta hainbat formatu erabiltzen ditu jendaurrean azaltzeko, hala nola erakusketa, ekitaldia eta argitalpena. 2001ean, euskal tipografien enkante-proiektu bat egin zuen Consonnirekin (Bilbo). Nazioarteko hainbat instituziotan erakutsi da bere lana: Le Plateau (Paris); Musée d’art Moderne et Contemporain (Geneva); Museum Ludwig (Kolonia); Moderna Museet, (Stockholm); AMIL proiektua (Lima), Contemporary Art Center (Vilnius); Taipei Museum of Fine Arts (Taipei).