Desklasifikazio Konparatzaileko Laborategia (LDC)

by

LDC laborategiak munduko hainbat herrialdetan finkatuta dauden giza zientzietako ikerlariak biltzen ditu. Laborategiaren jarduerak zuzentzen dituen helburuari jarraiki, gizarteen historia konparatzailea aztertzen da, eta lehentasuna ematen zaio ahaztuta, galduta, ezkutatuta edo gaizki hedatuta dauden dokumentuen lanketari. Dokumentu horien bidez, eztabaida berriak egin daitezke, gizarte- eta kultura-arloko nagusitasunaren formen arteko harremanei buruz, eta nagusitasun hori gaurkotzeko edo zalantzan jartzeko dauden praktika desberdinei buruz.

Laborategiaren ustez bereziki interesgarriak dira leku, denboraldi historiko eta hizkuntza desberdinetako ekoizpen eskriturarioak, eta haien irudi eta forma grafiko guztiak. Era berean, oso garrantzitsua da gizarte, politika eta historiari buruzko informazioa zabaltzea eta hedatzea. Arazo horri aurre egiteko, dokumentuak eta iturriak era sistematikoan bilatzen, desklasifikatzen, aztertzen eta hedatzen dira. Dokumentuak desklasifikatzeko lanaren bidez, interpretazio ofizialak eta historiografiatik eta soziologia apologetikoetatik jasotako oinarriak berrikusi eta berriz kalifikatu nahi dira. Hala, beraz, hautsi nahi da begirada (auto)atseginekin, era askotako konformismo eta nagusikeriekin, prozesu historikoei eta gizarteko errealitateen ekoizpen subjektibo eta kolektiboei buruz izan daitezkeen hausnarketen aniztasuna eta heterogeneotasuna baztertu eta murriztu nahi izan baitute.

LDC laborategiaren organo ofiziala desklasifikazioko urtekariak dira.

Etnografia eta gorputz indigenaren pornografia.

Hitzaldi honek (azpi)izenburu hau eduki beharko luke: “Augusto Pinochet-en gorputzaren inguruko aldaketak”. Izan ere, haren gorputzaren bi irudi abiaburutzat harturik, berriz helduko baitiegu esanahien euskarri modura oro har gorputzari buruz dauden oinarri orokorrei. Aldaera pornografikoa sartuz, eztabaida zabaldu nahi dugu gorputzaren irudikapenen eremu oso batera. Eremu horrek esanahien eta subjektibotasunen plano sinbolikoaren azpitik jardungo luke, eta, aldi berean, plano sinboliko horretako azpiegitura-mota baten moduan ibiliko litzateke.

Hala, bada, pornografia ikuspegi modura azaltzen da –eta ez hainbeste objektu fenomenologiko edo historiko kultural baten gisa–; pornografiatik abiatuta, irudikapenaren mugak eta dimentsioak irakurri ahal izango ditugu. Esparru horretan, oraingo pornografiaren eta argazkigintza etnografikoaren arteko loturak aztertuko ditugu. Era horretan, zehazgabetasunez beteriko eremu batean kokatuko gara, laurogeiko hamarkadako Txilen Telebistako Batzorde Nazionalak eman zuen ondoko araudiak ondo azaltzen duen eremuan: “Erabateko biluztasuna, berezkoa edo siluetan marraztua, ez da inoiz baimenduko, lur urrunetan dauden eta sortzez bertakoak diren lagunen benetako eszenetan izan ezik”. Hortaz, espazio zabal bat dugu ikergai. Hor, alde batetik, zabuka ikusiko ditugu gizatasun eta aberetasunaren arteko mugak, itxurazkoaren eta itxurarik gabekoaren arteko mugak, biluziaren eta biluztasunaren artekoak. Eta, bestetik, aurre egingo diogu biluztasunaren eta mozorroaren artean etzanda dagoen gorputz (edo arraza) baten irudikapenean dagoen “egiari” buruzko galderari.

André Menard LDC laborategiko kide sortzailea da. Antropologoa eta doktorea da Ecole des Hautes Etudes en Sciences Sociales eskolatik, eta akademikoa Txileko Unibertsitatean.