Egoitza deialdia
BETTY BÉSALA: FAUSTO BÉSALA ABESBATZA
by
Fausto Bésala Abesbatza
Tailerra Betty Bésalarekin, Servirte a mi modo, me permite el tiempo egonaldiaren barruan.
Eguna: 2026ko martxoaren 21a, larunbata
Ordua: 17:00etatik 20:00etara
Gehienez: 20 lagun
FAUSTO BÉSALA ABESBATZA
XV. mendean Alemaniako elezahar klasiko baten protagonista jaio zen: Johann Georg Faust. Fausto izenez ezaguna da mundu osoan, eta haren irudiak literatura, musika eta arteak zeharkatu ditu, gizakiak duen mugarik gabeko ezagutza- eta plazer-desiraren sinbolo gisa. Goetheren egokitzapenean, mitoa hedatu, eta dimentsio korala hartu du: aingeruak, espirituak, zeruko eta infernuko ahotsak elkarrekin bizi dira, eta hitz egiten dute, protagonistari barne bidaian lagun egiten.
Aberastasun koral hori abiaburutzat hartuta, sorkuntza eszenikoko tailer bat proposatzen dugu, koru askotariko horri gorputza eta ahotsa emateko. Inprobisazioaren, ahotsaren eta presentziaren bidez, zuzeneko sorkuntzara bideratutako praktika eszenikoak landuko ditugu. Solokoetxe izango da gure espazio eszeniko nagusia. Irudimena aktibatu, eta egunerokoa fikziozko lurralde bihurtuko dugu.
Kontua ez da Fausto antzeztea, baizik eta abesbatza garaikide bat sortzea, egun horretan gaudenen artean entzuketa eta esperimentazio kolektiboa landuz.
Hitzordu honetara gonbidatuta daude esploratzeko, irudikatzeko eta ondo pasatzeko gogoa duten pertsona guztiak. Ez da beharrezkoa aurrez esperientzia izatea.
Izena emateko, idatzi helbide honetara: bettybesala@gmail.com. Ez da aurkezpen-gutunik behar, izen-abizenak besterik ez.
Betty Bésala Màrius Peidrozek eta Carlota Lázarok osatutako kolektiboa da. Lagunen arteko topaketa gisa sortu zen, bakarkako lana utzi, eta kolektiboaren alde egiteko beharraren aurrean.
EHUko soinu-gelan sendotu zen, eta jaialdietatik (MEM-Musika Esperimentalaren Jaialditik, adibidez) eta bestelako kultura-espazioetatik igaro da.
Lantzen duen esperimentazioak absurdua du ardatz, eta, batez ere, antzerki- eta literatura-erreferenteetatik abiatzen da.
Elkartzen dira, ondo pasatzeko eta interesatzen zaienarekin zerbait egiteko.