MODO CONDICIONAL, YO ESPERARÍA & KILLING TIME SOLOKOETXEKO UDAKO SOLSTIZIOAN

by

UDAKO SOLSTIZIOA
Udako solstizioa ospakizuna Bilboko Solokoetxe auzoan egiten da 2015. urtetik, auzoko hainbat espazio batera erabilita.

PROGRAMA:
Ostirala, 19/06/21
21:00. Modo condicional, yo esperaría, Sara Padilla (Bulegoa z/b).
22:00. Killing Time, Ainize Sarasola (Bulegoa z/b).

Larunbata, 19/06/22
17:30. Ongintzazko argazki saioa Treacher Collins elkartearen aldekoa, Ana Cruz argazkilariaren eskutik (Meraki estudio).
18:00. PRINT PARTY. Elementu birziklatuekin estanpazio tailerra & askaritxoa (La Taller-Erredakzioa).
20:00. Jam flamenkoa Solokoetxeko balkoian (Safo Eskola).

MODO CONDICIONAL, YO ESPERARÍA (Baldintzazko modua, nik itxoingo nuke; Sara Padilla Grimalt, Super8-an filmatutako pelikula, 6’40’’)
Film hau abiaburutzat hartuta, prozesuaren zein unetan nagoen azaldu, eta hizketaldi bat hasi nahi dut, zinemak praktika artistikoen barruan betetzen duen zereginari eta gaur egun baliabide analogikoak erabiltzeari buruz.

Trantsituko egoerak eta aldi geldien eta itxaronaldien defentsa, gure orainaldi azkartu honetan; horra zubi gisa darabiltzadan gaiak, baliabide fotografiko eta filmikoaren beraren azterketari ekiteko.

Gertatzen zaigunaren aurrean hartzen dugun jarrera gure erantzukizuna da. Arreta zuzentzeko dugun moduak errealitatea hautemateko dugun era baldintzatzen du, inoiz ez baita objektiboa izango. Leku bat sortu nahi dut, gure inguruneari lasaitasun handiagoz erreparatzeko era batez hausnartzeko. Eta irudiak atzematen ditut, ikertzeko esperientzia gisa berez, bizi dudan ekintzari eta bizi naizen bitartean filmatzen egoteari berez dagokion zerbait balitz bezala.

KILLING TIME (Ainize Sarasola, 2018, 70′)
Guztia normal dagoela dirudien hiri batean, itxuraz elkarrekin zerikusirik ez duten pertsona batzuk harrapatuta geldituko dira taberna batean, gertakari misteriotsu baten ondoren. Espioien pelikula baten hasiera izan liteke, eta halaxe da. Gertakari horren ondorioz, pertsonaien benetako asmoak azaleratuz joango dira pixkanaka. Hona hemen komedia eta umore zentzugabea; hona hemen hiri arrunt bateko taberna arrunt batean gau batez harrapatuta gelditzen den talde bat; hona hemen pertsonaien miseriak, nahiak eta botere-dinamikak agerian jarriko dituen espazio eta egoera bat. Zuri-beltza izan daiteke fluorra? Bai, izan daiteke.

Killing Time-ko pertsonaia nagusietako bat, Barbara Thebra, aspalditik landu dudan ikus-entzunezko proiektu batetik atera da, The News-etik. The News, hain zuzen, mundu garratz eta zentzugabe berbera irudikatzen duten zenbait film laburrek osatzen dute. Killing Time-n ere, pertsonaiak guztiz aldakorrak eta ustekabekoak dira, amorragarriak eta maitagarriak aldi berean. Eta genero zinematografiko desberdinak nahasten ditut: komedia, film-noir eta beldurrezko zinema. Era berean, baina, zinematografikotik at dagoen horrekin jolasten naiz, eta eguneroko bizimoduaren erretratu bat ematen dut, zeharo exajeratua hori bai, kontraesan guztiak agerian jartzeko.”

BIOGRAFIAK
Sara Padilla Grimalt (Mallorca, 1996). Arte Ederretan graduatu zen Cuencako fakultatean. Gaur egun, Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboko masterra bukatzen ari da, UPV/EHUn. Errealitatearen fotografia- eta film-erregistrorako bitarteko desberdinak aztertzen ditu lanean.

Ainize Sarasola. Berlinen bizi da eta bertan lan egiten du. Bere ibilbidearen hastapenetan, arte plastikoetan aritu zen. 2008an, Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, UPV/EHUn. 2013an filmak egiteari ekin zion. Harrezkeroztik, hiru film labur egin ditu: Tarot Night (2013), The News (2014) eta The Real Stardust Oil (2015). 2018an, lehen film luzea landu zuen, Killing Time. Zineman egiten duen lanak haren lan plastikoaren eragin handia du. Haren filmak artearen eta zinemaren arteko bide erdian daude, eta lotura dute elkarren artean, pertsonaiak, estetika eta gaiak direla-eta.