ZINEMA_ILEGALEKO 111. SAIOA

by

Space is The Place (John Coney, 1974, 80 min) filmaren proiekzioa eta ondoren solasaldia. Inés Garcíak proposatutako saioa.

Space is the place ezinezkoa imajinatzen hasteko lekua da. Erresistentziako sorkuntza mistiko afrofuturista bat, hegemonia eta zapalkuntza zuriaren aurrean. Tarot intergalaktikoaren botaldi batek gobernatzen duen munduan, espazio-ontzi bat lur planetan lurreratzen da. SUN RAk eta Arkestra bandak eginkizun bat dute: jazzaren boterearekin mundua aldatzea.

SUN RA musikari, konpositore, moldatzaile eta teklista handia izan zen, Bibliaren irakurketa alternatiboak interesatzen zitzaizkion eta numerologia eta antzinako Egiptoren historia ondo ezagutzen zituen. Gaztetan Saturnora telegarraiatu zuten, eta han izaki batzuek bultzatu zuten dena uztera eta musikan aritzera, zeren berak zioenez: “Nik musikaren bidez hitz egin behar nuen, eta munduak entzungo zidan”.

Zinema_ilegalerako proposamen hau beste kontinente batean sortu da, eta lerrokadura apartak eta irekiera kosmiko berriak eratzea proposatzen du.

Inés García artista zinemagilea da, eta instalazioak eta film laburrak eta luzeak garatzen ditu. Bere praktikak zubi-espazioak sortzea aztertzen du, natura, mitoak eta musika irudikatuz, erreal eta mistikoaren, indibidual eta kolektiboaren artean bidaia bat proposatzen dutenak. Gaur egun, egonaldi batean dago Art OMIn (New York), eta bertan proiektu berri bat garatzen ari da esferaren kontzeptuaren inguruan.