KARLA HERENCIA: BEHATOKI ESPERIMENTAL SENTIPENTSATZAILEA

by

Karla Herenciaren aurkezpena Bulegoa z/b-ren egonaldiaren amaieran. Berak egindako Observatorio experimental sentipensante proposamena hautatu zuten Costa Ricako Espainiako Kultura Zentroaren (CCEren) egonaldien deialdian. Egonaldi-programa CCErekin lankidetzan egin da, Sormen Prozesuetako Esperimentazioaren programaren esparruan; bide bikoitzeko harreman bat da, eta, hortaz, Euskal Herriko artista bat Costa Ricako San Joséra joango da 2024an egonaldi bat egitera.

OBSERVATORIO EXPERIMENTAL SENTIPENSANTE

Karla Herencia teknologiarekin, gorpuztasunekin eta lurraldearekin lotutako gaietan barneratzen da, egunerokotasunetik hasi eta kezkagarri deneraino nabigatzen duten irudiak aztertuz. Observatorio experimental sentipensante izeneko proiektuak arteak eta piktorikoak hedatzeko duten aukerekin esperimentatzeko interesa du sorburu. Lurralde batean kokatzeko prozesua birpentsatuz eta behatuz, erronka eta egiturazko arrakalak gainditzeko lankidetzari buruz hitz eginez, eta aurre eginez esploratzaile eta margolari bidaiarien ikuspegi eta narrazio patriarkalak betikotu dituen historiari.

Observatorio experimental sentipensante proiektuak lurraldean batetik bestera mugitzean eta bertan kokatzean sortzen diren esperientziak eta topaketak ditu ardatz. Ikuspegi artistikoak eta feministak aplikatzen ditu, esperientzien konplexutasuna baloratzeko, horietan emozioek, pentsamenduek, datuek, elkarrizketek eta intuizioek esku hartzen baitute.

Observatorio experimental sentipensante proiektuak hausnarketa eginez diseinatutako topaketak proposatzen ditu, ezagutzak trukatzeko, artearen eta eguneroko bizitzaren arteko elkarguneak eta loturak kontuan hartuta. Proiektuak amaiera emango dio Bulegoa z/b-ko egonaldi artistikoari, esperientzien konstelazioa behatuz –collage moduko bat, kontzeptuari dagokionez–, eta inguruko bizilagunekin, artistekin eta kultura-eragileekin izandako topaketen memoriak eta hurbilketak zabalduz. Ingurunearen eta pertsonen arteko loturak ezagutuz, eta, horrela, elkarrizketa kulturala aberasten lagunduz.

Karla Herencia (Costa Rica-Perú, 1985), diziplinarteko artista. Arte eta Komunikazio Bisualean lizentziaduna da; Costa Ricako Unibertsitate Nazionalean Arte Piktorikoetan, Eszenikoetan eta Espazioaren Diseinuan trebatua. Berrikuntza, sormena, arte-hezkuntza, ikaskuntza aktiboa eta ikus-entzunezko artxiboak aztertzen dituen ikertzailea da. Bestalde, Arte Irakaskuntza eta Hedapenerako Ikerketa Zentroko akademikoa da, eta Ikerketa, Arte eta Transmedia Programaren eta Costa Ricako Unibertsitate Nazionaleko Habitat de Innovación El Bosque proiektuaren koordinatzailea. TEOR/éTica Fundazioaren Ikasketa eta Dokumentazio Zentroaren Artxiboa sendotzen lan egin zuen. Hainbat museotan erakutsi ditu lanak, besteak beste, Costa Ricako Arte Museoan, Costa Ricako Arte eta Diseinu Garaikideko Museoan, TEOR/éTican; Carlos Mérida Arte Modernoko Museo Nazionalean (Guatemala); eta Santiago de los Caballerosko Centro León-en (Dominikar Errepublika). Mexikoko Tijuanako Nazioarteko Hirurteko Piktorikoan hautatua izan da. Rozas Botrán Fundazioak argitaratutako Entre Siglos: Arte Contemporáneo de Centroamérica y Panamá Erdialdeko Amerikako arte-argitalpenean sartuta dago bere lana. ¡QUEREMOS PINTAR! izeneko Erdialdeko Amerikako pintura garaikidearen ekimen feministaren sortzailea eta astintzailea; Casa de Mujeres Artistas (Casa MA) etxearen sortzailekidea, eta lehen bi erakusketen kuratorea: Casa MA I Edición eta Nuestros ojos no pueden parar de parpadear.