EL CONTRATO, Hitzaldiak
EL CONTRATO hitzaldi-zikloa. Bigarren hitzaldia: Catarina Simão
by
“Deskolonizazioaren eszenaratzeak: bere oraina ukatzen duen zinea”
“Zinemaren etorkizuna bere orainaren ukapenetik sortu beharko da”. Esaldi hori Mozambikeko Informazio ministroak esan zuen 1977an, Lankidetzari buruzko Zine Afrikarraren lehenengo Hitzaldian. Hain zuzen ere, “bere oraina ukatzen zuen” zinema batek erakarri zituen Mozambikera Jean-Luc Godard, Jean Rouch eta Ruy Guerra zinemagileak, besteak beste, 1970eko hamarkadan.
2009az geroztik, Catarina Simão Mozambikeko Maputoko Estatu Artxiboan kontserbatutako Frelimoko zinematografia bilduma konpontzen aritu da lanean. Askotariko testuinguruetan antolatutako aurkezpen, ikuskatze eta mahai-inguruen bidez, narratiba bisual horiek ulertzen saiatzen da hasierako esparru operatibotik haratago, baita irudien historiaren bertsio berriak sortzeko ahalmena hautematen ere.
Hitzaldi honek elkarrizketa proposatzen du Mozambikeko zinematografia artxiboaren bildumako irudien eta Leire Vergara komisarioarekin lankidetzan prestatutako testuen artean. Adibide batzuen bitartez, ahalegina egingo da askapen kolonialerako gerratik irten berri zen afrikar herrialde hartako zineman nahasten ziren programa ideologikoaren eta intelektualen arteko erlazio anbibalente edo/eta kontraesanezkoa berregiteko.
Catarina Simão portugaldar artista, arkitekto eta ikertzaile independentea da. Ikerketan eta lankidetzan oinarritzen da haren lana, eta honako hauek barne hartzen ditu: instalazioa, bideoa, zinemako komisariotza, irratsaioak eta partaidetza tailerrak. 2009an, Fora de Campo/Off-screen Project – Mozambique Film Archive proiektua jarri zuen abian Maputon, eta, hortik abiatuta, ikerketa lana bideratzen ari da, artisten aurkezpenen, hitzaldien eta solasaldien bitartez. Proiektua aurkeztu du Murtziako Manifesta 8 Biurtekoan, Sevillako Arte Garaikidearen Andaluziako Zentroan, Oportoko Museu de Serralvesen eta Africa.conten (Lisboa). 2012an, lankidetzan aritu zen Berlingo Arsenal Zinemaren Living Archive programarekin. Fora de Campo/Off-screen Project – Mozambique Film Archive Sweet Sixties hitzaldietan ere aurkeztu da, berriki, baita Bienial Home Works 6 biurtekoan ere (Beiruteko Ashkal Alwan zentroan, biak). Catarina Simãok testuak eta argitalpenak ere landu ditu, gai askori buruz, hala nola, artxiboa, irudi politikoa, eta emantzipazioa eta prozesu horri zentraltasuna ematen dioten praktika artistikoak. Gaur egun, GHOST portugaldar argitaletxearekin lankidetzan dihardu, gatazka testuinguruetan artistek sorturiko testu teorikoen indexatze eta irakurketa proiektu batean.
Tokia: AlhóndigaBilbaoko JOZ
Sarrera dohainik
*Hitzaldi-ziklo hau EL CONTRATO proiektuaren parte da, AlhóndigaBilbaorekin elkarlan proiektua.
( http://www.alhondigabilbao.com )