“18 argazki eta 18 istorio”: Isidoro Valcárcel Medinaren “Performance in Resistance” lanaren lehen geldiunea, Amsterdameko hetveem Theater-en

by

18 argazki eta 18 istorio Bulegoa z/b ekimenak Amsterdameko If I Can’t Dance I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution plataformarekin lankidetzan egin duen proiektu bat da; eta Isidoro Valcárcel Medinaren Performance in Resistance lana aurkezten eta laguntzen du, 18 kontakizunen bidez eta 6 hiritan barrena egindako bidaia batean.

2010eko udazkenean, If I Can’t Dance plataformak Valcárcel Medina eta Bulegoa z/b gonbidatu zituen, Performance in Residence programan parte har zezaten. Programa horrek iraganeko performanceak aztertzen eta ikertzen ditu, oraingo praktikaren ikuspegitik abiatuta. Honako hauek ere parte hartu zuten bertan: Flávio de Carvalho eta Inti Guerrero, Guy de Cointet eta Marie de Brugerolle, Matt Mullican eta Vanessa Desclaux. Gonbidapenari erantzuna emate aldera, Valcárcel Medinak Performance in Resistance prestatu zuen: 18 argazki, passe-partout euskarrian jarrita, eta, bertan, 1965. eta 1993. urteen artean artistak hainbat hiritan egin zituen zenbait ekintza. Irudien multzoak bizi izandako unearen eta dokumentuaren arteko mugak desitxuratzen eta nahasten ditu, gertatutakoaren eta fikzioaren arteko mugak. Bestalde, Performance in Resistance lanak Valcárcel Medinaren jardutea arautzen duen oinarria ematen du aditzera, hau da, instituzio edo diziplina guztiek –eta, horien artean, diziplina historikoak– dituzten konbentzioen mende jartzeari aurre egiteko jarrera. Aurre egite performatibo hori azaltzen da, artistak sineste sendoz uste duelako berak duen material bakarra bere une historikoa dela, eta irudimenak “ezkutatzen duen aberastasunetik abiatuta mundua mugiarazten dela”.

Aztergai duen objektua eraldatzeko eta berrabiatzeko gauza den irudimenezko praktika gisa hartzen du ikerketa; eta, ildo horretatik, 18 argazki eta 18 istorio lanak gailu baten itxura hartzen du, Performance in Resistance eratzen duten 18 argazkiak abiaburutzat hartuta, modu ibiltarian kontakizunak ekoizten dituen gailu baten itxura. Amsterdameko hetveem Theater-en Valcárcel Medinak espreski egindako lanak izango duen lehen geldiunean, Moosje Goosenek (idazleak), Emilio Morenok (artistak) eta Esteban Pujals Gesalík (Literatura ingeleseko katedradunak eta poetak) berariaz egin duten lanak 3 istorio kontatuko ditu, 18 argazkietatik 3 abiaburutzat hartuta. Performance in Resistance programa, guztira, 6 tokitan egongo da ikusgai, eta toki horietako bakoitzean ahozko 3 kontakizun izango dira. Amsterdameko hetveem Theater-en egoteaz gain, leku hauetan jarriko da ikusgai, besteak beste: Bilboko Bulegoa z/b, Bretignyko CAC eta Sao Pauloko Unibertsitateko Arte Garaikideko Museoa.

Lekua: hetveem Theater, Van Diemenstraat 410, Amsterdam.

Argibide gehiagotarako: http://www.ificantdance.org

18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias honako instituzioek ekoiztu dute elkarlanean: BNV Producciones, Sevilla; Bulegoa z/b, Bilbo; CAC Brétigny, Paris Handia; If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution, Amsterdam; Museu de Arte Contemporânea da Universidade de São Paulo (MAC USP); STUK arte zentrua/Museum M-ko Playground festibala, Lovaina; Fundació Antoni Tàpies, Bartzelona; Tate Modern, Londres; eta Het Veem Theater, Amsterdam.

18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias performanceak eta liburua Corpus: a network for performance practice-n laguntzari esker gauzatu dira. Corpus Europar Batasunak finantzatutako ekimena da.