“18 argazki eta 18 istorio”: Isidoro Valcárcel Medinaren “Performance in Resistance” programaren hirugarren geldialdia Fundació Tàpies-en, Bartzelonan

by

18 argazki eta 18 istorio Bulegoa z/b ekimenak Amsterdameko If I Can’t Dance I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution plataformarekin lankidetzan egin duen proiektu bat da; eta Isidoro Valcárcel Medinaren Performance in Resistance programa aurkezten eta laguntzen du, 18 kontakizunen bidez eta 6 hiritan barrena egindako bidaia batean.

2010eko udazkenean, If I Can’t Dance plataformak Valcárcel Medina eta Bulegoa z/b gonbidatu zituen, Performance in Residence programan parte har zezaten. Programa horrek iraganeko performanceak aztertzen eta ikertzen ditu, oraingo praktikaren ikuspegitik abiatuta. Honako hauek ere parte hartu zuten bertan: Flávio de Carvalho eta Inti Guerrero, Guy de Cointet eta Marie de Brugerolle, Matt Mullican eta Vanessa Desclaux. Gonbidapenari erantzuna emate aldera, Valcárcel Medinak Performance in Resistance prestatu zuen: 18 argazki, passe-partout euskarrian jarrita, eta, bertan, 1965. eta 1993. urteen artean artistak hainbat hiritan egin zituen zenbait ekintza. Irudien multzoak bizi izandako unearen eta dokumentuaren arteko mugak desitxuratzen eta nahasten ditu, gertatutakoaren eta fikzioaren arteko mugak. Bestalde, Performance in Resistance programak Valcárcel Medinaren jardutea arautzen duen oinarria ematen du aditzera, hau da, instituzio edo diziplina guztiek –eta, horien artean, diziplina historikoak– dituzten konbentzioen mende jartzeari aurre egiteko jarrera. Aurre egite performatibo hori azaltzen da, artistak sineste sendoz uste duelako berak duen material bakarra bere une historikoa dela, eta irudimenak “ezkutatzen duen aberastasunetik abiatuta mundua mugiarazten dela”.

18 argazki eta 18 istorio proiektuak aztergaia aldatu eta berpiztu dezakeen irudimenezko jardute gisa hartzen du ikerketa, eta, abiaburu hori izanda, kontakizun ibiltariak ekoizten dituen gailu baten itxura hartzen du. Ildo horretan, 18 laguni gonbit egin zaie, Performance in Resistance programa eratzen duten 18 argazkietako bat har dezaten eta kontakizun bat osa dezaten. Valcárcel Medinak berariaz egindako lan honen lehenbiziko geldialdia Amsterdameko hetveem Theater izan zen, hor egon baitzen 2012ko otsailean. Han, hiru kontalarik –Moosje Goosenek, Emilio Morenok eta Esteban Pujals Gesalík– hiru istorio kontatu zituzten, multzo osoko hiru argazkitan oinarrituta: Campaña 1969 (Madril eta Murtzia, 1969), S/T (Herramientas de precisión) (Milan, 1987) eta 136 manzanas de Asunción (Asunción, 1976). Bigarren geldialdia, Bulegoa z/b gunean izan zen, eta, bertan, José Díaz Cuyásek, Jaime Vallaurek eta Azucena Vieitesek hiru istorio kontatu zituzten, Retratos callejeros (Bartzelona, 1975), Peón de Rey (Murtzia, 1965) eta El discurso sigue… su curso (Granada, 1993) lanetan oinarri hartuta, hurrenez hurren. Amsterdamen eta Bilbon egon ondoren, Performance in Resistance proiektua Bartzelonako Fundació Tàpiesen izango da 2012ko uztailaren 6an. Nuria Enguita Mayok, Aimar Pérez Galík eta Manuel Martínez Ribasek istorio hauek kontatuko dituzte, hurrenez hurren: El cuadro (Madril, 1969), La Visita (Hainbat hiri, 1974) eta El Sena por París (Paris, 1975). Gero, lanak bidean aurrera jarraituko du, eta toki hauetan egingo ditu geldialdiak: Sevillako BNV Producciones, Bretignyko CAC, Lovainako STUKeko Festival Playground, eta Sao Pauloko Unibertsitateko Arte Garaikideko Museoa. Sei toki horietako bakoitzean, hiru istorio kontatuko dira, guztira 18 kontakizun osatu arte.

Nuria Enguita Mayo (Madril, 1967), Afterall Journal aldizkariko editorekidea izateaz gain, arteypensamiento programako zuzendaritza-taldeko kidea da Andaluziako Nazioarteko Unibertsitatean (UNIAn); horko mintegien programa antolatzeaz arduratzen da, Narrativas de Fuga tailerreko artistekin, eta, besteak beste, Alice Creischer-ek edo Eduardo Molinarik / Archivo Caminantek eta Pedro Costak hartu dute parte bertan. 2011ko Medellingo Nazioarteko Bilerako kuradorekidea izan zen; eta, une honetan, Luis Claramunti buruzko atzera begirako erakusketa bat lantzen ari da, Museu d’Art Contemporani de Barcelona – MACBAn jartzeko. Fundació Antoni Tàpies-eko proiektuen arduraduna izan zen 1998ko ekainetik 2008ko irailera arte; eta, hantxe, mintegiak, zinemaldiak eta bideo-jaialdiak antolatzeaz gain, hainbat egileren erakusketak eta argitalpenak antolatu zituen, besteak beste, hauenak: Chris Marker, Renée Green, Rainer Oldendorf, Eulàlia Valldosera, Victor Burgin, Asger Jorn, Jon Mikel Euba, Sanja Ivekovic, Pedro G. Romero, Ibon Aranberri eta Steve McQueen. Horrez gain, proiektu hauetan aritu da lanean: Culturas de Archivo eta Tour-ismes. La derrota de la disensió. Bestalde, Eulàlia Valldoseraren eta Ibon Aranberriren erakusketak atondu ditu Reina Sofia Arte Zentroko Museo Nazionalerako. Historia eta Artearen Teoriako lizentziaduna da Madrilgo Unibertsitate Autonomotik. 1991tik 1998ra IVAMen aritu zen kontserbatzaile-lanetan, eta komisarioa izan zen hainbat erakusketatan, besteak beste, artista hauei eskainitakoetan: Cildo Meireles, José Antonio Orts eta Juan Downey. 1998ko maiatzean, Scattered Affinities taldeko erakusketa antolatu zuen New Yorken eta Madrilen, eta, bestetik, 60ko eta 70eko hamarkadetako filmen eta bideoen hautaketa bat prestatu zuen Serralves museoaren bildumarako. 2002. urtean, Frankfurteko Manifesta 4 erakusketa antolatu zuten komisarioen taldeko kidea izan zen.

Aimar Pérez Galí (Bartzelona, 1982) dantza eta arte eszenikoen arloan aritzen da, dantzari, performer, pedagogo eta sortzaile gisa. Amsterdameko Goi-mailako Arte Eskolan jaso zuen prestakuntza; eta, Herbeheretan hainbat urtez aritu ondoren, orain Espainian ari da lan-ibilbidea garatzen. Bere lanean, hainbat arlo ikertzen ditu: dantza, mugimendu eta pedagogiaren arteko harremanak, eta jardute eszenikora zuzendutako prozedurazko hurbilpen berrien garapena. Egin dituen azken lan eszenikoen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: The Pandora Project, Declarando Amor eta The Golden Variations. Lankidetzan aritu eta aritzen da hainbat artistarekin, hala nola, Xavier Le Roy, Nicole Beutler, Nora Heilmann, Andrea Boziç, David Zambrano eta Silvia Sant Funkekin. Gaur egun, Las Calaveras de Cher taldeko kidea, Bartzelonako Gune Praktikoko baterako arduraduna eta La Poderosa guneko artista da.

Manuel Martínez Ribas abokatua (Bartzelona, 1965) Jabetza Industrial eta Intelektualeko eta Informazioaren Teknologietako Zuzenbidean espezializatuta dago. 1991. urtean bere abokatu-langela sortu zuen, beste kide batzuekin batera. Bertan, esperientzia zabala hartu du, transakzio juridikoetan eta auzi-prozeduretan, zehazki, egileen eskubideak, ordenagailuak, datuen eta intimitatearen babesa, eta merkataritza elektronikoa bezalako gaiak landuz, honako alderdi hauek barne hartuta: fakturazio elektronikoa, DRMS, phishing-a, erantzukizun sozial korporatiboa, RFID, auzitegi-arloko konputazioa eta kode irekiko programak / software librea, eta, orobat, kodeen garatzaileei, artistei eta beste erakunde sortzaile batzuei eta beren banatzaileei eskainitako aholkularitza. Ikerketa eta garapen-arloko hainbat proiektutan parte hartu du estatuan eta nazioartean; eta, horrez gain, zabal idatzi du eta eskolak ere eman ditu jabetza industrial eta intelektualari eta informazioaren teknologiei dagozkien legezko alderdi guztiei buruz. Besteak beste, txostengilea izan da 3rd International GPLv3 conference hitzaldian, eta bost urtetan hartu du parte Internet Global Congress biltzarrean. Musikako interprete gisa ere badu eskarmenturik.

18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias honako instituzioek ekoiztu dute elkarlanean: BNV Producciones, Sevilla; Bulegoa z/b, Bilbo; CAC Brétigny, Paris Handia; If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution, Amsterdam; Museu de Arte Contemporânea da Universidade de São Paulo (MAC USP); STUK arte zentrua/Museum M-ko Playground festibala, Lovaina; Fundació Antoni Tàpies, Bartzelona; Tate Modern, Londres; eta Het Veem Theater, Amsterdam.


18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias
performanceak eta liburua Corpus: a network for performance practice-n laguntzari esker gauzatu dira. Corpus Europar Batasunak finantzatutako ekimena da.