18 argazki eta 18 istorio
18 argazki eta 18 istorio: Isidoro Valcárcel Medinaren Performance in Resistance* programaren laugarren geldialdia CAC Brétigny zentroan (Brétigny)
by
18 argazki eta 18 istorio Bulegoa z/b ekimenak Amsterdameko If I Can’t Dance I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution plataformarekin lankidetzan egin duen proiektu bat da; eta Isidoro Valcárcel Medinaren Performance in Resistance programa aurkezten eta laguntzen du, 18 kontakizunen bidez eta 7 hiritan barrena egindako bidaia batean.
2010eko udazkenean, If I Can’t Dance plataformak Valcárcel Medina eta Bulegoa z/b gonbidatu zituen, Performance in Residence programan parte har zezaten. Programa horrek iraganeko performanceak aztertzen eta ikertzen ditu, oraingo praktikaren ikuspegitik abiatuta. Honako hauek ere parte hartu zuten bertan: Flávio de Carvalho eta Inti Guerrero, Guy de Cointet eta Marie de Brugerolle, Matt Mullican eta Vanessa Desclaux. Gonbidapenari erantzuna emate aldera, Valcárcel Medinak Performance in Resistance prestatu zuen: 18 argazki, passe-partout euskarrian jarrita, eta, bertan, 1965. eta 1993. urteen artean artistak hainbat hiritan egin zituen zenbait ekintza. Irudien multzoak bizi izandako unearen eta dokumentuaren arteko mugak desitxuratzen eta nahasten ditu, gertatutakoaren eta fikzioaren arteko mugak. Bestalde, Performance in Resistance programak Valcárcel Medinaren jardutea arautzen duen oinarria ematen du aditzera, hau da, instituzio edo diziplina guztiek –eta, horien artean, diziplina historikoak– dituzten konbentzioen mende jartzeari aurre egiteko jarrera. Aurre egite performatibo hori azaltzen da, artistak sineste sendoz uste duelako berak duen material bakarra bere une historikoa dela, eta irudimenak “ezkutatzen duen aberastasunetik abiatuta mundua mugiarazten dela”.
18 argazki eta 18 istorio proiektuak aztergaia aldatu eta berpiztu dezakeen irudimenezko jardute gisa hartzen du ikerketa, eta, abiaburu hori izanda, kontakizun ibiltariak ekoizten dituen gailu baten itxura hartzen du. Ildo horretan, hainbat laguni gonbit egin zaie, Performance in Resistance programa eratzen duten 18 argazkietako bat har dezaten eta kontakizun bat osa dezaten. Valcárcel Medinak berariaz egindako lan honen lehenbiziko geldialdia Amsterdameko hetveem Theater izan zen, hor egon baitzen 2012ko otsailean. Han, hiru kontalarik –Moosje Goosenek, Emilio Morenok eta Esteban Pujals Gesalík– hiru istorio kontatu zituzten, multzo osoko hiru argazkitan oinarrituta: Campaña 1969 (Madril eta Murtzia, 1969), S/T (Herramientas de precisión) (Milan, 1987) eta 136 manzanas de Asunción (Asunción, 1976). Bigarren geldialdia, Bulegoa z/b gunean izan zen, eta, bertan, José Díaz Cuyásek, Jaime Vallaurek eta Azucena Vieitesek hiru istorio kontatu zituzten, Retratos callejeros (Bartzelona, 1975), Peón de Rey (Murtzia, 1965) eta El discurso sigue… su curso (Granada, 1993) lanetan oinarri hartuta, hurrenez hurren. Hirugarren geldialdian, Performance in Resistance proiektua Bartzelonako Fundació Tàpiesen izan zen 2012ko ekainaren 6an. Nuria Enguitak, Aimar Pérezek eta Manuel Martínezek istorio hauek kontatu zituzten, hurrenez hurren: El cuadro (Madril, 1969), La Visita (Hainbat hiri, 1974) eta El Sena por París (Paris, 1975).
Urriaren 27an, 11:00etan, CAC Brétigny gunean izango den laugarren geldialdia Parisko Simone de Beauvoir pasabidean hasiko da, Esther Ferreren El Sena por París lanarekin (Paris, 1975); gero, 12:00etan izango du jarraipena, Paristik Brétignyra busez bidaia eginez, Jon Mikel Eubaren kontakizunarekin, eta 14:00etan amaituko da, CAC aurreko Edutainer-en, Pierre Bal-Blancen Maratón kontakizunarekin (Madril, 1981).
Horren ondoren, Performance in Resistance proiektuak bidean aurrera jarraituko du, azaroaren 6an Sevillako BNV Produccionesen egongo baita, azaroaren 11n Lovainako STUKeko Festival Playground-en, eta azaroaren 29an, azkenik, Sao Pauloko Unibertsitateko MAC – Arte Garaikideko Museoan. Geldialdi bakoitzean, Isidoro Valcárcel telefonoan egongo da, harremanetan jartzeko moduan, kontatzaileek edo entzuleek galderaren bat egin nahi izanez gero erantzuteko.
* Argazkiak: Rocío Areán Gutiérrez, Central Saint Martins College of Art and Design-eko ikaslea Londresen.
Pierre Bal-Blanc. Frantziako CAC Brétigny Arte Garaikideko Zentroko zuzendaria da (Brétigny, Paris metropolitarra). 2003. urtetik hona, zentroan izan diren egoitza-programak eta erakusketak egiteaz arduratzeaz gain, aldi berean, Phalanstère Project izeneko proiektua koordinatzen du bertan, hau da, artisten proiektu berezien sail bat. Erakusketa hauetako komisarioa izan da, besteak beste: La Monnaie vivante-Living Currency (Stuk, Lovaina- Tate Modern Londres – Moma Varsovia, Berlingo Seigarren Bienala) eta Draft Score for an Exhibition (Le Plateau Paris, Artissima Turin, Secession Viena, Index Stockholm). Bertan, batera nahasten dira gorputzaren azterketa garaikidea eta historikoa, eta ikusmen-arteetan preformanceari lotuta dauden estrategiak.
( www.cacbretigny.com )
Jon Mikel Euba (Amorebieta, 1967) artista Bilbon bizi da. Egin dituen banakako erakusketen artean, honako hauek nabarmendu behar ditugu: PRIMER PROFORMA 2010. BADIOLA EUBA PREGO, Leongo MUSACen (2010) eta Kill’em all + Fiesta 4 Puertas Bartzelonako Fundació Tàpiesen (2003). Bestalde, ekitaldi hauetan hartu du parte: Manifesta IV Frankfurt (2002), Istanbulgo Bienala (2005), Busango Bienala (2004), Veneziako Bienala (2003). Azkenik, performanceak aurkeztu ditu leku hauetan: Amsterdameko De Appel eta Stedlijk Museum Bureau (2008), Dublingo Project Arts Centre (2009), Eindhoveneko Van Abbe Museoa, If I Can’t Dance. Edition III – Masquerade (2010) eta Valparaísoko Valparaíso Intervenciones (2010).
Esther Ferrer (1937, Donostia-San Sebastián) artista Parisen bizi da. 1967. urtean egin zuen lehenengo performancea, bere lanaren haria izango zen iraupen gutxiko jardutea. Bere lanean, zenbaki lehenen sailetan oinarritutako sistemak, objektuak eta argazkiak hartzen ditu barne. 1966. urtean, ZAJ talde esperimentalean sartu zen. Ramón Barcek, Juan Hidalgok eta Walter Marchettik 1964an osatutako talde hori 1996an desegin zen. Bestetik, 1999an, Veneziako Bienaleko Espainiako pabiloian izan zuen ikusgai bere obra. 2008an, Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen, eta 2012an, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea Saria.
18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias honako instituzioek ekoiztu dute elkarlanean: BNV Producciones, Sevilla; Bulegoa z/b, Bilbo; CAC Brétigny, Paris Handia; If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution, Amsterdam; Museu de Arte Contemporânea da Universidade de São Paulo (MAC USP); STUK arte zentrua/Museum M-ko Playground festibala, Lovaina; Fundació Antoni Tàpies, Bartzelona; Tate Modern, Londres; eta Het Veem Theater, Amsterdam.
18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias performanceak eta liburua Corpus: a network for performance practice-n laguntzari esker gauzatu dira. Corpus Europar Batasunak finantzatutako ekimena da.