“18 argazki eta 18 istorio”: Isidoro Valcárcel Medinaren “Performance in Resistance”* lanaren zazpigarren geldialdia, Sao Pauloko Unibertsitateko Arte Garaikidearen Museoan

by

18 argazki eta 18 istorio Bulegoa z/b ekimenak Amsterdameko If I Can’t Dance I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution plataformarekin lankidetzan egin duen proiektu bat da; eta Isidoro Valcárcel Medinaren Performance in Resistance artelana aurkezten eta laguntzen du, 18 kontakizunen bidez eta 7 hiritan barrena egindako bidaia batean.

2010eko udazkenean, If I Can’t Dance plataformak Valcárcel Medina eta Bulegoa z/b gonbidatu zituen, Performance in Residence programan parte har zezaten. Programa horrek iraganeko performanceak aztertzen eta ikertzen ditu, oraingo praktikaren ikuspegitik abiatuta. Honako hauek ere parte hartu zuten bertan: Flávio de Carvalho eta Inti Guerrero, Guy de Cointet eta Marie de Brugerolle, Matt Mullican eta Vanessa Desclaux. Gonbidapenari erantzuna emate aldera, Valcárcel Medinak Performance in Resistance prestatu zuen: 18 argazki, passe-partout euskarrian jarrita, eta, bertan, 1965. eta 1993. urteen artean artistak hainbat hiritan egin zituen zenbait ekintza. Irudien multzoak bizi izandako unearen eta dokumentuaren arteko mugak desitxuratzen eta nahasten ditu, gertatutakoaren eta fikzioaren arteko mugak.

Bestalde, Performance in Resistance artelanak Valcárcel Medinaren jardutea arautzen duen oinarria ematen du aditzera, hau da, instituzio edo diziplina guztiek –eta, horien artean, diziplina historikoak– dituzten konbentzioen mende jartzeari aurre egiteko jarrera. Aurre egite performatibo hori azaltzen da, artistak sineste sendoz uste duelako berak duen material bakarra bere une historikoa dela, eta irudimenak “ezkutatzen duen aberastasunetik abiatuta mundua mugiarazten dela”.

18 argazki eta 18 istorio proiektuak aztergaia aldatu eta berpiztu dezakeen irudimenezko jardute gisa hartzen du ikerketa, eta, abiaburu hori izanda, kontakizun ibiltariak ekoizten dituen gailu baten itxura hartzen du. Ildo horretan, hainbat laguni gonbit egin zaie, Performance in Resistance artelana eratzen duten 18 argazkietako bat har dezaten eta kontakizun bat osa dezaten.

Valcárcel Medinak berariaz egindako artelan honen lehenbiziko geldialdia Amsterdameko hetveem Theater izan zen, hor egon baitzen 2012ko otsailean. Han, hiru kontalarik –Moosje Goosenek, Emilio Morenok eta Esteban Pujals Gesalík– hiru istorio kontatu zituzten, multzo osoko hiru argazkitan oinarrituta: Campaña 1969 (Madril eta Murtzia, 1969), S/T (Herramientas de precisión) (Milan, 1987) eta 136 manzanas de Asunción (Asuncion, 1976).

Bigarren geldialdia, Bulegoa z/b gunean izan zen, apirilaren 20an, eta, bertan, José Díaz Cuyásek, Jaime Vallaurek eta Azucena Vieitesek hiru istorio kontatu zituzten, Retratos callejeros (Bartzelona, 1975), Peón de Rey (Murtzia, 1965) eta El discurso sigue… su curso (Granada, 1993) lanetan oinarri hartuta, hurrenez hurren.

Hirugarren geldialdian, Performance in Resistance artelana Bartzelonako Fundació Tàpiesen izan zen, 2012ko ekainaren 6an, Nuria Enguitak, Aimar Pérezek eta Manuel Martínezek istorio hauek kontatu zituzten, hurrenez hurren: El cuadro (Madril, 1969), La Visita (Hainbat hiri, 1974) eta El Sena por París (Paris, 1975).

Laugarren geldialdia, CAC Brétigny zentroan izan zen, urriaren 27an. Bertan, Esther Ferrer-ek, Jon Mikel Eubak eta Pierre Bal-Blancek kontakizun hauek azaldu zituzten, hurrenez hurren: El Sena por París (Paris, 1975), El hombre de la capa (New York, 1967) eta Maratón (Madril, 1981).

Bosgarren geldialdia Sevillako BNV Producciones-en izan zen, azaroaren 6an, eta, bertan, Pedro G. Romerok, Isaías Griñolok eta Miren Jaiok honetaz hitz egin zuten nork bere aldetik: Encuesta en la cola del besamanos del Cristo de Medinaceli (Madril, 1978), El pintor en la calle (Madril, 1978) eta 12 ejercicios de medición sobre la ciudad de Córdoba (J) (Kordoba, 1974).

Seigarren geldialdia, Lovainako STUKeko Playground Festibalean izan da, azaroaren 11an. Bertan, Koen Bramsek, Dora Garcíak eta Myriam Van Imschoootek kontakizun hauek azaldu dituzte, hurrenez hurren: Retratos callejeros (Bartzelona, 1975), Hombres anuncio (Madril, 1976) eta S/T (Oinoezkonetzako pasabidea moduan ezagutua) (hainbat hiri, 1971).

18 argazki eta 18 istorio eta Performance in Resistance ekimenen bidaia azaroaren 29an amaituko da, Sao Pauloko Unibertsitateko Arte Garaikidearen Museoan, hantxe egongo baita ikusgai azken geldialdia, A Cidade e o Estrangeiro (Hiria eta atzerritarra) erakusketarekin batera. Cristina Freire komisarioaren ardurapeko erakusketa honek atzera berreskuratuko ditu Valcárcel Medinak 1976an MACen egin zuen izen bereko erakusketa monografikoko erregistro dokumentalak. 18 argazki eta 18 istorio zazpigarren eta azken geldialdian, Juan Domínguez, Carla Zaccagninik eta Grupo GEACC –Grupo de Pesquisa em Arte Conceitual e Conceitualismos– CNPqk esku hartuko dute, eta kontakizun hauek azalduko dituzte, hurrenez hurren: S/T (Oinezkoentzako pasabidea izenez ezagutua) (hainbat hiri, 1971), El diccionario de la gente (Sao Paulo, 1976) eta Etiquetas adhesivas (Buenos Aires, 1976).

Geldialdi bakoitzean, Isidoro Valcárcel telefonoan egongo da, harremanetan jartzeko moduan, kontatzaileek edo entzuleek galderaren bat egin nahi izanez gero erantzuteko.
Zazpigarren eta azken geldialdian, jarduera hauek ere egingo dira:

Azaroaren 29a. 10:30-16:00.

Artea + dokumentua = fikzioa? solasaldi zikloa.

María Ivone Santos, Hélio Fervenza, Anne Thurmann-Jajes, Cristina Freire, Beatriz Cavia, Miren Jaio eta Leire Vergara (Bulegoa z/b) eta Frederique Bergholtz (If I Can’t Dance I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution).

Azaroaren 30a. 10:00-13:00.

18 argazki eta 18 istorio. Isidoro Valcárcel Medinaren arte praktikarekiko hurbilketa bat iturri ezberdinen bitartez lantegia.

Matrikula: eventosmac@usp.br

Museu de Arte Contemporânea da Universidade de Sâo Paulo
MAC USP Cidade Universitária
Rua da Praça do Relógio, 160
www.mac.usp.br

* Argazkiak: Rocío Areán Gutiérrez, Central Saint Martins College of Art and Design-eko ikaslea Londresen.

Juan Domínguez. Interpretea, koreografoa, eszenako zuzendaria eta programatzailea da. Madril eta Berlin artean bizi da eta bi hirien artean lan egiten du. 1987. urtetik, interprete eta laguntzaile gisa lan egiten du hainbat konpainiarekin eta koreograforekin Europan barrena. 1992. urtetik aurrera, bere obrak lantzen ditu. Hona hemen 2000. urtetik hona egin dituen lanen izenburuak: The taste is mine, 2000; Todos los buenos espías tienen mi edad, 2002; The application, 2005; Seven attempted escapes from silence (opera), 2005; Shichimi togarashi, 2006; Todos los buenos artistas de mi edad están muertos, 2007. De la… a la… (ikerketa-proiektua), 2007/08; Don’t even think about it, 2008; Blue, 2009; Clean room (mini sail eszenikoa), 2010; Ya llegan los personajes (Los Torreznos taldearekin lankidetzan), 2011. PODEWIL zentroko egoitzako artista izan zen 2004-2005 urteetan (Berlin, Alemania). 2003. urtetik 2012ra, Festival In-Presentable jaialdiaren zuzendari artistikoa izan da (La Casa Encendida, Madril). 2010. urtetik arrera, Living Room Festival-eko diseinatzailea da, beste kide batzuekin batera (Madril / Berlin). Bere lanean, antzerkiko inguruneari buruzko galderak egiten ditu. Kode desberdinen arteko harremana lantzen du; eta bere obretan fikzioaren eta errealitatearen arteko muga desegin nahi du.

Museoko Kontzeptualismoen eta Arte Kontzeptualaren Ikasketa Taldea (GEACC). Gradu eta graduondoko ikasleek eratzen dute taldea, kuradorearen eta Cristina Freire irakaslearen gidaritzapean. Ikerkuntzako Kontseilu Nazionalari lotuta dago (CNPq). Ikerkuntza eta ikasketako laborategi bat da, eta artearen historia kritikoa aztertzea eta lantzea du xede. Garatu dituen proiektuen ardatza artistak, artelanak eta instituzioko ibilbideak dira; eta historia, teoria eta kuradore-praktika egituratu nahi ditu, Sao Pauloko Unibertsitateko Arte Garaikideko Museoko bildumatik abiatuta.

Carla Zaccagnini (Buenos Aires, 1973) artista, idazlea eta kuradorea da, eta Sao Paulon bizi da. Bere testu eta lan guztietan agertzen dira lekualdatze, desbideratze, hurbiltze eta berrantolatzeen bidez zentzua sortzeko estrategiak. Orain dela gutxiko erakusketen artean, Sao Pauloko 28. Bienalean parte hartu du (2008), eta banakako erakusketa hauek jarri ditu: Bifurcações e encruzilhadas (Vermelho, Sao Paulo, 2008), no.it is opposition. (AGYU, Toronto, 2008), Imposible pero necesario (Joan Prats, Bartzelona, 2010) eta Plano de falla (Ignacio Liprandi, Buenos Aires, 2011).

18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias honako instituzioek ekoiztu dute elkarlanean: BNV Producciones, Sevilla; Bulegoa z/b, Bilbo; CAC Brétigny, Paris Handia; If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution, Amsterdam; Museu de Arte Contemporânea da Universidade de São Paulo (MAC USP); STUK arte zentrua/Museum M-ko Playground festibala, Lovaina; Fundació Antoni Tàpies, Bartzelona; Tate Modern, Londres; eta Het Veem Theater, Amsterdam.

18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias performanceak eta liburua Corpus: a network for performance practice-n laguntzari esker gauzatu dira. Corpus Europar Batasunak finantzatutako ekimena da.