Formagabeko ezagutza-formak
“Gustav Zeiller-en museo anatomikoaren emoziozko erretorika”. Nike Fakiner
by
Hannah Wilkek minbiziaren aurkako tratamendua izan bitartean egindako erretratuek, Mona Hatoumen Gorputz arrotza bideoinstalazioko “erretratu formagabeek”, edo Marilène Oliver-en Familiako erretratuak, lan bakan batzuk aipatzeagatik, gorputzaren gaineko mediku-begiradari egin zioten arreta, gorpuztasunaren eta genero-politika, sexualitate, espiritualtasun eta arrazionaltasunaren arteko loturaz eztabaidatzeko. Itxuraz, obra horietako askok iradokitzen zuten, azken batean, ez dugula lehen eskuko esperientziarik geure gorputzaz eta bere barneko prozesuez, jendartean eta kulturan ditugun aukerek esperientzia hori baldintzatzen dutelako. Medikuntza ezinbestekoa izan da gorputza eta osasuna (arrazoizko eran) ulertzeko. Zientzialariek autopsiak egiten dituzte gorpuak aztertzeko, eta ezagutza horrek geure buruaz pentsatzeko eta geure organismoarekin harremanak izateko dugun modua baldintzatzen du. Horrela ekarri digu gogora orain dela gutxi Gunther von Hagens medikuak, Bodyworlds erakusketa eztabaidatuarekin munduan barrena egin duen biraren bidez. Ekitaldi publiko horrek ikuskizun mediatiko bilakatu du berriz gorputzaren gaineko mediku-begirada, ikusle guztientzat zabalik ez dagoen baina zalantzarik gabe negozioetarako egokia den ikuskizun. Hala ere, ez da kasu bakartua. Gorputz anatomizatuari buruzko ikuskizunak tradizio luzea du mendebaldean.
Hitzaldi honetan, XIX. mendera arte egingo dut atzera, gorputzari buruzko erakusketa zientifikoen hezkuntzako rola aztertzeko. Gustav Zeiller-en herri-museo anatomikoa hartuko dut ardatz gisa, ikusleak gai honetaz nola hezten zituen aztertzeko. Horrez gain, zehatz ikertuko dut nola jokatzen zuen Zeiler-ek bere objektu didaktikoak emozioz hornitzeko, ikusleek gogo-aldarte jakin bat har zezaten lortzeko, eta, horrela, bere argudioaren nagusitasuna eta limurtzeko indarra optimizatzeko: nork bere burua ezagutzeko, gorputza arrazoizko eran ulertu behar zen. Zeiler-ek zioenez, gorputzak etengabe zaintzea zen bere ikusleak herritar zintzoak izan zitezen lortzeko zegoen modu bakarra. Argudioz azalduko dut, berea bezalako museo anatomikoen bidez, XIX. mendeko Europako maila burgesak heziketa hartzen zuela (nork bere buruari) begiratzeko moduei buruz.
Nike Fakiner-ek 2014an lortu zuen doktoregoa Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (UCM), Propiedades materiales y experiencias subjetivas: Los modelos anatómicos de Gustav Zeiller izeneko tesiarekin. Doktorego aurreko ikerkuntzako bekaduna izan da Queen Mary University London-eko (QMUL) Centre for the History of the Emotions-en, Cambridgeko Institute for the History and Philosophy of Science-n (HPS), eta Berlingo Max Planck Institute for the History of Science-n (MPI). Nazioarteko hainbat biltzarretan aurkeztu ditu bere ikerketaren emaitzak: Geneva, Paris, Londres, Leiden eta Berlinen. Pedagogo eta kultura-kudeatzaile gisa jardun du Madrilgo Thyssen Bornemisza museoan eta Círculo de Bellas Artes-en. Javier Moscosok gainbegiratutako Skin erakusketako komisario laguntzailea izan da (Wellcome Collection, Londres, 2010). Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiaren (CSIC) HIST-EX (Azterketa emozionalak: esperientziaren historia eta filosofia) nazioarteko ikerketa-taldeko kidea da. 2015eko urtarriletik aurrera, irakasle laguntzailea izango da Madrilgo Enpresa Institutuan (IE).