Zinema_ilegala
Zinema_ilegaleko hogeita hamaikagarren saioa
by
Jesús Ahedok proposatutako proiekzioa, eta, ondoren, solasaldia.
Moi, un noir (Jean Rouch, 1958, 70 min.)
Afrique 50 (René Vautier, 1950, 17 min.)
Saio honetan, Frantzia kolonial berantiarreko zinemagintza dokumentalera hurbilduko gara, genero horretako bi pertsonaia historiko hauen bidez: Jean Rouch (1917-2004) eta René Vautier (1928). Rouch cinéma-verité deitu denaren sortzaileetako bat izan da. Saioan, berak egindako Moi, un noir proiektatuko dugu. Film horretan, Nigerreko gaztetalde baten gorabeherak ikusiko ditugu, beren sorterria utzi, eta goraldian dagoen Boli Kostako Abidjan hiriburura joatea erabakitzen baitute, bizimodu hobe baten bila. Vautieri dagokionez, Afrique 50 filmaren egilea da: Frantzian egindako lehen film antikolonialista, berrogei urtez zentsuratua egon zena. Jendarteko esku-hartzeei buruzko zinemagintzaren aita dugu Vautier. Frantziaren mendeko Sudan kolonialaren oparoaldiak eta aurrerapenak filmatzeko agindua jaso zuen, baina, errealitatea aurrez aurre izan ondoren, benetako aurpegia filmatzea erabaki zuen.
Jesús Ahedo (Bilbo, 1969) Kalao Panafrican Creations galeriako zuzendaria da. 2005. urtetik hona, Afrikako sorkuntza garaikidea lantzen aritzen da bertan.