Zinema_ilegala
Zinema_ilegalaren hamalaugarren saioa
by
Juan Guardiolak proposatutako pelikularen proiekzioa eta ondoren, eztabaida.
Proiekzioa: EBOLUSYON NG ISANG PAMILYANG PILIPINO (2005, Lav Diaz, zuri-beltzean, 634 min.)*
*Pelikulak 10 orduko iraupena duenez, zenbait pausaldi egingo dira. Proiekzioa goizeko 3rak baino lehenago amaitzekoa da.
Bederatzi urtetan filmatutako Familia filipinar baten bilakaera izeneko lanean, 1971. eta 1987. urteen arteko denboraldia agertzen da, eta hainbat gertaera hartzen dira barne, hala nola, Ferdinand Marcos lehendakari ohi filipinarrak ezarri zuen gerra-legea edota boterea galdu zuenekoa. Filipinetako oihanean bizi diren behe-mailako familien arketipoa da Gallardo familia. Haren eskutik, filmak astiro aztertzen ditu gune horretan bat egiten duten belaunaldi guztiak. Hamar ordutik gorako iraupena duen film honetan, familia baten bilakaera agertzen da, eta, era horretan, herri filipinar osoaren bilakaera ere islatzen da, eta herri horrek bilakaera izateko eta ezbeharretara egokitzeko duen gaitasuna erakusten du. Lav Diaz Datu Paglasen (Filipinetan) jaio zen 1958. urtean. Manilako Mowelfund Zinema Institutuan ikasi zuen. New Yorken sei urtez egon ondoren, Filipinetara itzuli zen, eta zuzendari gisa egin zuen debuta, Serafin Geronimo: Kontzepzio auzoko kriminala lanarekin. West Side Kid filmarekin iritsi zen bere ibilbideko unerik garrantzitsuena. Film horretan, Diazen mintzaira zinematografiko berezia agertzen da. Gero Jesus Iraultzailea lana egin zuen, zientzia-fikziora hurbiltzeko saio berezi bat. Horren ondoren, Diazek bere lanik handinahiena bukatu zuen: Familia filipinar baten bilakaera izeneko lan ikaragarria. Benetako kultuko pertsonaia da zinemazalerik jakin-nahi eta zorrotzenentzat.
Juan Guardiola (1965). Filosofia eta Letretako lizentziaduna, arteko historialaria, komisarioa, kontserbatzailea, eta hainbat libururen eta katalogoren idazlea da. Besteak beste, poskolonialismoari buruz egin dituen ikerketak nabarmendu behar dira, hala nola, Filipiniana, El Imaginario Colonial edo Cinema Filipinas. Historia, teoría y crítica fílmica (1899-2009).
Indie Pinoy programarekin lankidetzan egindako proiekzioa. Filipinetako zinemagintza berria, Bizbak-ek antolatutakoa.
lotura: BIZBAK (hurrengo ekimenak) lotura: BIZBAK (2011-12ren programazioa)