Zinema_ilegalaren 10. saioa

by

Juan Guardiolak proposatutako pelikularen proiekzioa eta ondoren, eztabaida.

Proiekzioa: “Mababangong bangungot / Lurrindutako amesgaiztoa” (1977, Kidlat Tahimik)

16 mm / Kolorea / Soinua / 95 min.

Kidlat Tahimik hitzek “argi lasaia edo isila” esan nahi dute tagaloz. Horrez gain, Asiako hego-ekialdeko zinemagintza esperimentaleko pertsonaia mitikoa den Eric de Guia artistaren goitizena da. Zinemagintza-arloan ia prestakuntzarik izan gabe, egileak Mababangong Bangungot edo Perfumed Nightmare lana egin zuen (izen horrekin ezagutzen baita nazioartean, hau da, Lurrindutako amesgaiztoa). Aipamen autobiografikoz beteriko estilo erdi-dokumentala eta amateurra erabili zuen lan horretan. Alegia surrealista, umorezkoa eta guztiz berezia da filma. Egileak berak antzezten duen filipinar inozo baten istorioa kontatzen du: Iparramerikako kulturaz eta teknologiaz liluraturik, bidaian abiatzen da Mendebalderantz, aurrerapenak dituen desabantailak bere kabuz aurkitzeko. Hala, hartzen duen desengainuaren ondorioz, Kidlat-en fantasia utopikoa “lurrindutako amesgaizto” bilakatzen da, miraz hartzen baitu idealizatutako kultura indigenara itzultzeko unea. Filmean behin eta berriz agertzen da zubiaren irudia, iragana orainarekin, errealitatea ametsarekin, landa-gunea hiriarekin eta tradizioa modernitatearekin batzeko eta garatzeko metafora gisa. Mendebaldeko intelektual batzuen ustez Hirugarren Munduko zinemaren paradigma da filma; beste batzuentzat, berriz, kritika poskolonialeko lan bikaina. Artista filipinarraren nazioz haraindiko alegoria bat da, bere burua finkatzeko eta nortasuna bilatzeko bidean dagoela egina; eta errealismoa “exotismoarekin” eta ironiarekin nahasten dituenez, kultuko film bilakatu da Filipinetako artistentzat eta zinemagileentzat.

Juan Guardiola (1965). Filosofia eta Letretako lizentziaduna, arteko historialaria, komisarioa, kontserbatzailea, eta hainbat libururen eta katalogoren idazlea da. Besteak beste, poskolonialismoari buruz egin dituen ikerketak nabarmendu behar dira, hala nola, Filipiniana, El Imaginario Colonial edo Cinema Filipinas. Historia, teoría y crítica fílmica (1899-2009).