“zinema_ilegala”. Marta Popivoda

by

zinema_ilegala 2007. urtean hasi zen Belgraden, Teoria Ibiltaria plataformaren ekimen gisa. 2008. eta 2009. urteen artean, edizio bereziak egin zituzten Zagreben eta Istanbulen; eta 2010. urtetik aurrera TkH plataformak zinema_ilegala jarri zuen abian Parisen. Les Laboratoires d’Aubervilliers-ek antolatu zuen, bere programaren barruan sartuta.

(Auto-)hezkuntzako proiektu irekia da, eta, haren bidez, filmak trukatu eta testuinguruan jarri nahi dituzte; hain zuzen, honelako filmak: egile-filmak, dokumentalak, film ekintzaileak, queer filmak, anarkistak, zentsuratutako eta baztertutako filmak, eta tokiko inguruneetan nekez eskura daitezkeen filmak. Proiektua zabalik dago, eta, beraz, filmak proposatu nahi dituzten guztiek parte har dezakete, baldin eta hitz ematen badute film horiei buruz hitz egingo dutela, eztabaida bat hasiko dutela, edo hori egin dezaketen pertsonak gonbidatuko dituztela. Prozedura horren bidez, editorearen (komisarioren) eta ikusleen artean dauden mugak ezabatzen saiatzen gara, eta, horrela, epe luzerako auto-hezkuntzako prozesu bat jarriko dugu abian, eta kulturako erkidego kritiko bat sortuko dugu. Hala, bada, proiektu honetan “ilegala” zera da: ezagutza eta diskurtsoaren bestelako ekoizpen bat bultzatzea, zinemagintza esperimental, kritiko eta minoritarioei buruzko ekoizpenen zineman adituak ez diren pertsonen artean.

W.R. Organismoaren misterioak

(Jugoslavia / Mendebaldeko Alemania, 1971)

Zuzendaria: Dusan Makavejev

Iraupena: 84 min

Aurkezpena: Marta Popivoda

Dusan Makavejev zinemagile jugoslaviarra aski ezaguna da, 60ko hamarkadaren amaieran eta 70eko hamarkadaren hasieran egin zituen film probokatzaileak eta zentsuratuak direla-eta. 1971. urtean egindako W.R. Mysteries of the Organism satira da bere filmik garrantzitsuenetako bat. Film hori 16 urtez egon zen debekatuta Jugoslavian, bere eduki politiko-sexuala zela-eta. Filmaren ondorioz, Makavejev erbestean egon zen 1988. urtera arte.

Makavejev-en eragin nagusiak Sergei Eisenstein-en atrakzioen muntaketa eta Jean-Luc Godard-en lana dira. Film honetan, hainbat osagai jartzen ditu elkarren ondoan: Estatu Batuetan filmatutako Wilhelm Reich-en (W.R.) dokumentalen zatikiak, eta artista errusiar bat limurtzen duen emakume jugoslaviar bati buruzko istorio narratibo bat (Reich-en mireslea den Milena-ri buruzkoa). Filmaren interpretazio askoren arabera, Milena estatu komunista errusiarraren eraginetik askatzeko Jugoslaviako langileek egindako borrokaren metafora da. Filmean, hil egiten dute, Vladimir Illych –Vladimir Illych Lenin-i egindako aipamena– artista errusiarrarekin sexu-elkartze bat izan ondoren.

WR—Mysteries of the Organism filmean, politikaren sexualitatea eta sexualitatearen politika aztertzen dira. Filmak errotik gaitzesten ditu hala estalinismoaren antzutasuna, nola mendebaldeko kapitalismoaren azaleko komertzializazioa. Zalantzarik gabe, WR filma garai haietako dokumentu bat da (Estatu Batuek Vietnamen borroka egiten zuten bitartean eta Moskuk Txekoslovakia indarrez hartzen zuen bitartean, bere “hirugarren bidetik” aurrera egiten saiatzen ari zen Jugoslaviaren dokumentua).

Marta Popivoda (Belgrad, 1982), zinema eta bideoko egilea izateaz gain, Belgradeko kultura-arloko langile bat da. TkH (Teoria Ibiltaria) artisten eta teorialarien taldeko kidea da. Talde horrek performancearen paradigmak artean, kulturan eta teorian dituen arazoak aztertzen ditu. TkH taldeak Belgrad eta Pariseko eszena independentea lantzen du gehienbat.
Banakako proiektuetan, Popivoda-k zinema ikertzen du, arte garaikidearen baliabide eta formatu gisa, eta ezagutza ekoizteko tresna modura. Bere proiekturik ezagunena zinema_ilegala da (2007-gaur egun arte). Frantzian, Turkian, Estatu espainiarrean, Kroazian eta Serbian aurkeztu du. Marta Popivoda-ren jarrera ekialdeko Europako artista baten jarrera da, nahiago baitu zinemaren historian dagoeneko badauden materialak erabili bere lana (post)ekoizteko. Bere lana argazki-erakusketetan eta instalazio eta bideotan egon da ikusgai. Horrez gain, lankidetzan aritzen da antzerkiko performance eta opera garaikideetan, bideo-egile modura. Noizbehinka, testu teorikoak eta artikuluak ematen ditu argitara.

http://www.martapopivoda.info