“Ikasgela deseskolatzen (o^o). (Auto-hezkuntza arteetan eta kulturan)”. Ana Vujanovic*

by

  • 04.ana_.marta_.01.JPG

Deschooling Classroom epe luzeko proiektu bat da, eta Jugoslaviak eratzen zuen alderdiko kultura-eszena independentearekin jarduten du. Ikerketa egiteaz gain, hautabideak eskaintzen ditu, arteko eta kulturako hezkuntzan dauden eredu hierarkikoen aurrez aurre jarririk. Proiektua 2009. urtean jarri zen abian. Arte performatiboetan teoria eta praktika garatzen dituen Belgradeko TkH taldeak antolatu du, Skopje-ko Kontrapunkt erakundearen laguntzarekin. Ana Vujanovic, Marta Popivoda eta Iskra Geshoska dira proiektuaren egileak.

Metodologia aldetik, DSC proiektua banakako egiletasunari lotuta dauden kontzeptuetatik urruntzen da, eta ezagutzaren ekoizpen horizontala, trukea eta zabalkuntza sustatzen dituzten taldeko egitura irekiak bultzatzen ditu. Hona hemen bere helburuak: arte garaikide eta kulturako hezkuntza alternatiborako metodologiak garatzea; ikasteko esparru berriak eta hibridoak eskaintzea; kulturan jarduten dutenen artean ezagutza kritikoa zabaltzen laguntzea; kulturako instituzioen kontzeptu eta azpiegituren esparrua zalantzan jartzea; eta kulturako eszena independenteak bultzatuko dituzten azpiegitura berriak sortzea.

Jarduerei dagokienez, proiektua bi alditan dago banatuta, eta ziklo horietako belaunaldi bakoitzak taldeko auto-hezkuntzako prozesu bat garatzen du. Ohiko gaiak aztertzeko biltzen diren 3 edo 4 lan-taldek eratzen dute belaunaldi bat, Serbiako eta Mazedoniako parte-hartzaileak barne hartuta. Proiektuaren helburua taldeko auto-hezkuntza da, eta, beraz, taldeek beren curriculuma sortzen dute, lan egiteko formatuak erabakitzen dituzte, eta lankideak eta gonbidatuak hautatzen dituzte. Une honetan jardunean dauden taldeak esparru hauek lantzen ari dira: artibismoa, eszena independenteen politika kulturalak, eta artea eta politika.

Proiektuaren oinarrian, TkH plataformak tokiko eszenako arte eta kulturako hezkuntzaren azterketa kritikoaren bidez lortu duen esperientzia dago. Esperientzia hori “Hezkuntzako sistemen auto-antolakuntza artean” eta “Ezagutzaren kontrabandoa” bezalako proiektuen eta ekimenen bidez hartu du.

http://www.deschoolingclassroom.tkh-generator.net
http://www.tkh-generator.net/

Ana Vujanovic (1975, Belgrad) bere kabuz aritzen da lanean, arte eszenikoen eta kulturaren esparruan. Antzerki-ikasketetan doktorea, eta TkH talde editorialeko kidea da. Belgradeko talde hori arte performatiboetan teoria eta praktika garatu nahi dituen plataforma bat da. Vujanovic irakasle gonbidatua da jakintza-adarren arteko gradu-ondoko ikasketetan, Belgradeko Arteetako Unibertsitatean. 2010. urtetik Parisen dago, Les Laboratoires d’Aubervilliers-en.

Obra eszeniko eta arte-lan askotan hartu du parte, egilekide eta dramaturgo gisa, eta hitzaldiak eta tailerrak egin ditu Europako hainbat jaialditan. Eszena independenteari bultzada ematen jarduten du bereziki, Belgraden (The Other Scene), Jugoslaviak eratzen zuen alderdian (Clubture, The FaMa) eta Europan (PAF). Aldizkari askotan argitaratzen ditu lanak (TkH, Maska, Frakcija, Performance Research…), eta liburu hauek idatzi ditu: Destroying Performance Signifiers; An Introduction to Performance Studies, A. Jovicevic-ekin; eta DOXICID.

* BilBAK-en “Errealitate garaikideak I: Gorputzak” programak ekitaldi honetan parte hartzen du Ana Vujanovic eta Sasa Asentic-en “My private biopolitics”, hiru zatitan banatutako proiektuaren antolaketaren bitartez.