UDAKO TRINKOA. 6. SAIOA: MIREN JAIO

by

La marche de las femmes à Hendaye bideoko argazkia (Carole Roussopoulos, 1975. Centre audiovisuel Simone de Beauvoir).

Uztailaren 7an, 16:00etan, Erromako Espainiako Akademian.

In Qualche Luogo Lontano: Roma (In Some Far Place: Roma) udako saio trinko honetan, Miren Jaiok Otsoen kontra, sikatearen kontra aurkeztuko du.

In Qualche Luogo Lontano: Roma da Space is The Place/The Place is Space barruan Erroman egiten den programaren izenburua. Bulegoa z/b-k abiarazitako ikerketa-proiektu honen helburua da artea praktika kritiko gisa aztertzea, tresnak eskaintzen baititu gelditzeko, begiratzeko eta munduan kokatzeko, baita egoerak sortu, bizitzeko moduak irudikatu eta espazioa sortzeko. Aldizkako topaketen bidez egituratuta, hainbat forma hartzen ditu, hala nola aurkezpenak, irakurketa-saioak, ibilaldiak, lurraldearen gaineko ekintzak eta hainbat arte-ekoizpen.

OTSOEN KONTRA, SIKATEAREN KONTRA
1975eko irailaren 27ko goizean, erregimen frankistak ETA politiko-militarreko bi kide  eta Frente Revolucionario Antifascista y Patriota – FRAPeko hiru kide fusilatu zituen: Jon Paredes Manot (Txiki), Angel Otaegi, Xosé Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanz. Bi hilabete geroago, azaroaren 20an, Francisco Franco ohean hil zen.

Frankismoaren azken exekuzioek  gaitzespen-andana eragin zuten nazioartean. Les Insoumuses bideo feministaren kolektibo frantsesak protestei egindako ekarpena bi bideo izan ziren. Les mères espagnoles (1975) lanean, emakume batzuek kamerari hitz egiten diote. Azken biak Txiki eta Otaegiren amak dira. Beren kontakizunak salaketaren lekukotzak dira. Baita hildako semeagatik egindako aieneak ere. Beren aurpegiak, ikonografia katolikoaren irudi klasikoa den Dolorosaren erreplika filmiko gisa agertzen dira. Bestalde, La marche de las femmes à Hendaye (1975) lanak Frantziako estatuko hainbat lekutatik iritsitako ehunka emakumek Euskal Herriko muga franko-espainiarraren aurrean egindako protesta jasotzen du. Martxaren amaieran ia, manifestariak lurrean esertzen dira mikrofono aurrean den emakume gazte bati entzuteko. Maite Idirin da, Aitaren etxea defendituko dut interpretatzen ari dela. Euskal abeslari erbesteratuak egokitu egiten du Gabriel Arestiren poema: “aita” irakurtzen den lekuan, “ama” kantatzen du. Saio honen helburua amatasunari buruzko garai hartako irudi batzuk aurkeztea eta testuinguruan kokatzea da. Guztiak ez datoz bat kanonarekin. Irudikapen alternatibo horietako azkenak lotura du Erromarekin.

Miren Jaio (Bermeo, 1968) Bulegoa z/b eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Artearen eta Musikaren Historia Saileko kide da. Hainbat hedabidetan eta artisten argitalpenetan idatzi du. Artearen Historiako eskolak eman ditu. Komisario-proiektuetan parte hartu du. Itzuli eta editatu du. Tailerretan eta mintegietan parte hartu du. Hitzaldiak irakurri ditu.

 

Jarduera honetan parte hartzen du: Centre audiovisuel Simone de Beauvoir-en lankidetzarekin.