Irakurketa taldeak, OHO
Irakurketa Taldea. Josebe Martínez. Emakumeak eta Erbesteratzeak
by
Bulegoa z/b-k irakurketa-sorta berri bati ekin dio, Josebe Martinez koordinatzailearen eskutik. Hiru saio izango ditu serie honek: literatura dekolonialari buruzkoa, Espainiako Gerra Zibilean erbesteratutako emakume artistei eta intelektualei buruzkoa, eta, kultura-industriaren parte modura, biktimak gaur egun duen irudiari buruzkoa. Saio bakoitzak 2-3 ordu iraungo du; koordinatzaileak sarrera egin ondoren, eztabaida hasiko da, planteatutako irakurketaren inguruan.
Irakurketa-saio bakoitzean parte hartu eta hautatutako bibliografia jasotzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org
LEHEN SAIOA: MUGA ETA FEMINIZIDIOA. LITERATURA DEKOLONIALA
2020/02/26 – 17:00
Aurrez Ciudad final irakurtzea. Josebe Martínez, 2020.
Saio honetan, batetik, Mexiko eta Estatu Batuen arteko mugako kultura-ekoizpena aztertuko da, eta, bestetik, “indarkeriaren kulturaren” fetixismoaren azpian dauden ildo politikoak eta ekonomikoak aztertuko dira, eremu hori bihurtu baitu bere identitate-marka. Analisiak argi erakusten du kontzeptu hori ezkutuan zeharkatzen duten interkonexio neoliberalen eta praktika kolonialen testuinguru orokorra. Helburu hori betetzeko, Ciudad Juárezen feminizidioa eta Ayotzinapan desagertutako 43 ikasleak hartzen ditu ardatz gisa. Bi kasuetan, kriminalitatearen ekoizpena eta testuingurua aztertzen ditu, eta, halaber, beste ikusgaitasun orokor batzuk hartzen ditu kontuan, hain zuzen, aktibismoa eta aro digitaleko arte erresilentea.
BIGARREN SAIOA: LAS SINSOMBRERO: GENERO-, SORKUNTZA-, GERRA- ETA ERBESTE-SISTEMA
2020/03/25 – 17:00
Aurrez Las SinSombrero ikustea. Tania Balló, 2016
Gerra Zibilaren amaieran erbesteratutako emakume artista eta intelektual espainiarren dinamika politikoaren erakusgarri da saio hau. Josebe Martínezek zuzendutako Emakume erbesteratuei, gerra zibilari eta memoriari buruzko ikerketen proiektua biltzen du. Proiektuaren asmoa da historian isildutako zati hori berreskuratzea, eta 1936ko Gerra Zibileko eta erbesteko emakume protagonistek kontatutako esperientziari ahotsa ematea. Proiektua emakume erbesteratuei buruzko lehen azterketa sistematikoa da, Espainiako historiaren eta literaturaren ikerketaren barruan, Genero-erbestealdia kategorian. Saioak bi helburu nagusi ditu: 1) Emakume horien pentsamendua eta lana interpretatzea, bai eta haien esanahi politikoa eta intelektuala ere, proiektu nazionala osatzen eta, aldi berean, mehatxatzen zuen eredu ideologiko gisa. 2) Errepresio-prozesuetan kode politikoak eta sexualak nola egituratzen diren erakustea, eta erbesteko ahotsetan sexualitatea eta erresistentzia nola uztartzen diren agertzea.
HIRUGARREN SAIOA: BIKTIMAREN AROA: LEKUKOAREN KULTURA-INDUSTRIA*
2020/04/22 – 17:00
Aurrez Quel che resta di Auschwitz irakurtzea, Giorgio Agamben, 1998 (zatia); eta Mi vida después ikustea, Lola Arias, 2009.
Gure garaia Lekukoaren aro (L’Ère du témoin, A. Wieviorka, 2006) gisa kontzeptualizatuta, Europan eta Amerikan biktimaren figurari buruz dauden genealogia teorikoak aztertuko ditu saio honek. Horretarako, biktima politikoak Espainiako estatuan duen funtzio eta leku hierarkizatuan jarriko du arreta, eta, bigarrenik, biktimaren merkatuaren eta industrializazioaren logika aztertuko du, hedabide masiboetan kultura-kontsumorako produktu gisa.
*Saio honek Mundo(s) de víctimas I. Dispositivos y procesos de construcción de la identidad proiektua du abiaburu (Biktimen mundua(k) I. Identitatea eraikitzeko gailuak eta prozesuak) [MICINN, 2011, CSO2011-2245].
Josebe Martínez. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Literatura Hispanikoan doktorea Kaliforniako Unibertsitatetik, San Diego.
Irakasle aritu da Kaliforniako Estatuko Unibertsitatean, Mexikoko Ikastetxean eta Miamiko Unibertsitatean. Generoa-Erbestealdia ikerketa-proiektua eta Azterketa transatlantiko postkolonialak seriea zuzentzen ditu, Anthropos argitaletxean. Argitalpen ugari ditu, Espainiako estatuko eta Hispanoamerikako politika hegemonikoen eta literaturaren arteko egungo harremanari buruz. Besteak beste, hauek nabarmentzen dira: Las intelectuales. De la II República al exilio, narratiba mexikar eta txikanoari eta zinema esperimentalari buruz egin dituen ikerketak, eta, fikziozko lan gisa, Ciudad final.