18 argazki eta 18 istorio: Isidoro Valcárcel Medinaren Performance in Resistance* programaren bosgarren geldialdia BNV Producciones-en, Sevillan

by

18 argazki eta 18 istorio Bulegoa z/b ekimenak Amsterdameko If I Can’t Dance I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution plataformarekin lankidetzan egin duen proiektu bat da; eta Isidoro Valcárcel Medinaren Performance in Resistance programa aurkezten eta laguntzen du, 18 kontakizunen bidez eta 7 hiritan barrena egindako bidaia batean.

2010eko udazkenean, If I Can’t Dance plataformak Valcárcel Medina eta Bulegoa z/b gonbidatu zituen, Performance in Residence programan parte har zezaten. Programa horrek iraganeko performanceak aztertzen eta ikertzen ditu, oraingo praktikaren ikuspegitik abiatuta. Honako hauek ere parte hartu zuten bertan: Flávio de Carvalho eta Inti Guerrero, Guy de Cointet eta Marie de Brugerolle, Matt Mullican eta Vanessa Desclaux. Gonbidapenari erantzuna emate aldera, Valcárcel Medinak Performance in Resistance prestatu zuen: 18 argazki, passe-partout euskarrian jarrita, eta, bertan, 1965. eta 1993. urteen artean artistak hainbat hiritan egin zituen zenbait ekintza. Irudien multzoak bizi izandako unearen eta dokumentuaren arteko mugak desitxuratzen eta nahasten ditu, gertatutakoaren eta fikzioaren arteko mugak. Bestalde, Performance in Resistance programak Valcárcel Medinaren jardutea arautzen duen oinarria ematen du aditzera, hau da, instituzio edo diziplina guztiek –eta, horien artean, diziplina historikoak– dituzten konbentzioen mende jartzeari aurre egiteko jarrera. Aurre egite performatibo hori azaltzen da, artistak sineste sendoz uste duelako berak duen material bakarra bere une historikoa dela, eta irudimenak “ezkutatzen duen aberastasunetik abiatuta mundua mugiarazten dela”.

18 argazki eta 18 istorio proiektuak aztergaia aldatu eta berpiztu dezakeen irudimenezko jardute gisa hartzen du ikerketa, eta, abiaburu hori izanda, kontakizun ibiltariak ekoizten dituen gailu baten itxura hartzen du. Ildo horretan, hainbat laguni gonbit egin zaie, Performance in Resistance programa eratzen duten 18 argazkietako bat har dezaten eta kontakizun bat osa dezaten.

Valcárcel Medinak berariaz egindako lan honen lehenbiziko geldialdia Amsterdameko hetveem Theater izan zen, hor egon baitzen 2012ko otsailean. Han, hiru kontalarik –Moosje Goosenek, Emilio Morenok eta Esteban Pujals Gesalík– hiru istorio kontatu zituzten, multzo osoko hiru argazkitan oinarrituta: Campaña 1969 (Madril eta Murtzia, 1969), S/T (Herramientas de precisión) (Milan, 1987) eta 136 manzanas de Asunción (Asunción, 1976).

Bigarren geldialdia, Bulegoa z/b gunean izan zen, apirilaren 20an, eta, bertan, José Díaz Cuyásek, Jaime Vallaurek eta Azucena Vieitesek hiru istorio kontatu zituzten, Retratos callejeros (Bartzelona, 1975), Peón de Rey (Murtzia, 1965) eta El discurso sigue… su curso (Granada, 1993) lanetan oinarri hartuta, hurrenez hurren.

Hirugarren geldialdian, Performance in Resistance proiektua Bartzelonako Fundació Tàpiesen izan zen, 2012ko ekainaren 6an, Nuria Enguitak, Aimar Pérezek eta Manuel Martínezek istorio hauek kontatu zituzten, hurrenez hurren: El cuadro (Madril, 1969), La Visita (Hainbat hiri, 1974) eta El Sena por París (Paris, 1975).

Laugarren geldialdia, CAC Brétigny zentroan izan zen, urriaren 27an. Bertan, Esther Ferrer-ek, Jon Mikel Eubak eta Pierre Bal-Blanc-ek kontakizun hauek azaldu zituzten, hurrenez hurren: El Sena por París (Paris, 1975), El hombre de la capa (New York, 1967) eta Maratón (Madril, 1981).

Bostgarren geldialdia Sevillako BNV Producciones-en izango da, eta, bertan, Pedro G. Romerok, Isaías Griñolok eta Miren Jaiok honetaz hitz egingo dute nork bere aldetik: Encuesta en la cola del besamanos del Cristo de Medinaceli (Madril, 1978), El pintor en la calle (Madril, 1978) eta 12 ejercicios de medición sobre la ciudad de Córdoba (J) (Kordoba, 1974).

Gero, Performance in Resistance proiektuak bidean aurrera jarraituko du, eta toki hauetan egingo ditu geldialdiak: azaroaren 11n Lovainako STUKeko Festival Playground-en, eta azaroaren 29an Sao Pauloko Unibertsitateko Arte Garaikideko Museoan. Geldialdi bakoitzean, Isidoro Valcárcel telefonoan egongo da, harremanetan jartzeko moduan, kontatzaileek edo entzuleek galderaren bat egin nahi izanez gero erantzuteko.

* Argazkiak: Rocío Areán Gutiérrez, Central Saint Martins College of Art and Design-eko ikaslea Londresen.

Pedro G. Romero (Aracena, 1964) artista gisa jarduten du 1985. urtetik. Sevillako PRPC plataforman sartuta dago (Kultura Politikei buruzko Hausnarketa Plataforma), eta UNIA arteypensamiento proiektuko edukien taldeko kidea da. 2007. urtetik, de rasgos árabes… proiektua zuzentzen du (Buenos Aires, Sao Paulo, Santiago, San Salvador eta Mexiko hiria). Laurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeratik hona, Archivo F.X. eta Máquina P.H. proiektuetan ari da lanean.

( http://www.fxysudoble.org/ )

Isaías Griñolo (Bonares, 1963). Ikusmen-arloko artista hau Sevilla, Huelva eta Badajoz artean bizi da, eta hiri horietan lan egiten du. PRPC plataformako kidea da (Politika Kulturalei buruz Hausnartzeko Plataforma), eta proiektu paraleloetan aritzen da, oroimena, ekologia, ekonomia, poesia eta artea landuz. Hona hemen proiektu horietako batzuk: Asuntos Internos. La Cultura como cortina de humo; Desmemoria. 14 documentos sobre un lugar de olvido (Bartzelona / Santiago, Txile, 2006/2008) eta Escombros: imágenes, relatos y discursos de las prácticas ecologistas, finantza-fluxuen eta lurraldeen arteko harremanei buruzko proiektu irekia (2002/2012). 2006. urtetik hona, honetan jarduten du lankidetzan arituta: Sobre capital y territorio II (UNIA, arteypensamiento, Sevilla), irakurketa poetikoak (Paisajes de escombros), tailerra (¿La construcción de un sueño?) eta laborategia (Sobre Leviatán, detener el tren de la historia).

Miren Jaio (Bermeo, 1968) arte-kritikaria da. 2010. urtetik hona, Bulegoa z/b arte eta jakintzarako bulegoko kidea da, Beatriz Cavia, Isabel de Naverán eta Leire Vergararekin batera. Artearen Historiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean, eta, une hauetan, doktoregoko tesia prestatzen ari da.
 

18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias honako instituzioek ekoiztu dute elkarlanean: BNV Producciones, Sevilla; Bulegoa z/b, Bilbo; CAC Brétigny, Paris Handia; If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution, Amsterdam; Museu de Arte Contemporânea da Universidade de São Paulo (MAC USP); STUK arte zentrua/Museum M-ko Playground festibala, Lovaina; Fundació Antoni Tàpies, Bartzelona; Tate Modern, Londres; eta Het Veem Theater, Amsterdam.


18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias
performanceak eta liburua Corpus: a network for performance practice-n laguntzari esker gauzatu dira. Corpus Europar Batasunak finantzatutako ekimena da.